Lau paretaren artetik kalera

Lau paretaren artetik kalera

Aitziber Arzallus

Ikasturteari “bukaera berezia” ematen ari dira Getariako Juan Sebastian Elkano musika eskolako kideak. Ikasturte bukaerako ohiko emanaldia baino “zerbait gehiago” egin nahi zuten urte osoan egin duten lana erakusteko, eta Pepita Enbil musika zikloa antolatu dute, bi aste iraungo duen ekitaldi sorta. Ekainaren 21a bitartean, musikari lotutako jarduerak egingo dituzte herriko hainbat txokotan. Horrela, herrira zabaldu nahi dute musika eskola, ahalik eta publiko zabalenarengana iristeko eta Pepita Enbil nor zer ezagutarazteko.

Felipe Murillo musika eskolako irakasleetako batek azaldu du gogoetarako beta hartu dutela ikasturte honetan. Batetik, Getariako musika eskolak herriari zer ekarpen egiten dion eta egin beharko liokeen hausnartzen jardun dira. “Lau pareta arteko lana egiten genuela ikusten genuen, baina iruditzen zaigu eskola publiko bat izanda beste betebehar batzuk ere baditugula, hango jarduerak kalera atera eta harago eramateko ardura dugula”.

Bestetik, musika eskolaren indarguneak eta ahulguneak zeintzuk diren aztertu dute; zer publikorengana iristen den eta zeinengana iristeko zailtasunak dituen. “Haurrak dira gure ikasle hegemonikoak, 4 urtetik 10 urtera artekoak; gero, 12 urterekin Zumaiara edo Zarautzera ikastera joaten direnean, galdu egiten baitugu haiekin dugun lotura”. Beraz, musika eskolarentzat erronka da gazte horiengana iristea, eta baita helduagoengana iristea ere. “Azken urteetan, asko handitu da musika eskolara datozen helduen kopurua, baina heldu horiek gero ez dute aukerarik musika eskolan ikasitakoa erakusteko, guk sortzen eta erabiltzen ditugun espazio gehienak umeentzat prestatutakoak baitira, batez ere. Helduek beste formula batzuk behar dituztela uste dugu”. Eta gazteengana eta helduengana ez ezik, familiengana ere iritsi nahi dute. “Musika eskolan gehienbat umeak ditugu, baina haien gurasoak ere hor dabiltza, eta garrantzitsua iruditzen zaigu haiengana familia gisa iristea”.

Iruditu zitzaien musika ziklo bat antolatzea behar horiei erantzuteko modu egokia izan zitekeela; izan ere, erraztu egin zezakeen musika eskola plazara ateratzea, herrian musikari espazio berriak ematea eta bestela iristen ez diren herritarrengana iristea. Halaxe antolatu zuten Pepita Enbil musika zikloa. Ekainaren 8an ekin zieten zikloaren baitako ekintzei, Mursegoren emanaldiarekin hasita, eta ekainaren 21ean bukatuko dituzte, ikasturteari bukaera emateko egingo duten jaiarekin.

Herri txikia izanagatik, historia liburuetan hizki larriz idatzita agertzen da Getaria, hainbat pertsonaia ezagun eta entzutetsuren sorterria baita, besteak beste. Cristobal Balentziaga jostun sortzailea eta Juan Sebastian Elkano nabigatzailea dira horietako bi, baina bada haiek beste meritu egin eta haien pareko sonarik izan ez duen beste getariarrik ere; esate baterako, Pepita Enbil Etxaniz sopranoa, zarzuelaren erregina eta Placido Domingo Enbil munduko tenor ezagunenetakoaren ama. Aurtengo otsailaren 28an ehun urte bete dira Pepita Enbil jaio zela, eta hain zuzen mendeurrenagatik eta Enbil nor zer ezagutaraztea garrantzitsua iruditzen zaielako, Getariako musika eskolako arduradunek erabaki dute haren izena jartzea musika zikloari.

“Geu ere ustekabean hartu gintuen”, aitortu du Murillok. “Musika eskolako irakasleetako inor ez gara getariarrak, eta gutako inork ez genuen Pepita Enbilen berririk. Harrigarria da hari buruz horren gutxi jakitea, musika munduan lorpen handiak pilatu zituen emakume bat baita. Herrian galdetu genuenean, bai, ezagutzen zuten, baina Getariatik kanpo oso jende gutxik du haren berri. Ziurrenik ez da kasualitatea horren ezagunak diren herritar guztiak gizonezkoak izatea”.

Musikarenganako grina

Zarzuela, opereta eta opera abeslaria izan zen Pepita Enbil Etxaniz sopranoa. Getariako elizako organo jotzailea zuen aita, eta harengandik etorri zitzaion musikarenganako grina. Hainbat taldetan parte hartu zuen; besteak beste, Eusko Abesbatza Orfeoian, Eresoinka erbesteko abesbatzan eta Parisko La Salle Pleyelen. Bartzelonako Liceu antzokian eman zuen estreinako emanaldia, eta Mexikora erbesteratu zen gerraondoan. Operetako izar bihurtu zen urte haietan, eta Zarzuelaren erregina ezizenez ezagutzen zuten. Konpainia bat sortu zuen bere senar Placido Domingo Ferrer baritonoarekin batera, eta Amerika osoan zehar ibili zen, arrakasta handiz. Pepita Enbilen eta Placido Domingo Ferrerren semea da Placido Domingo Enbil. Pepita Enbil Mexikon hil zen, 1994ko abuztuaren 28an.

Leave a Reply

Your email address will not be published.