Naturari eskua emanda

Unai Zubeldia

Bakoitzaren neurrira egindako mendi ibilaldia; hamaiketako osasuntsua; mendi ibilaldien azoka; Pirritx, Porrotx eta Marimotx pailazoen emanaldia; izarrak ikusteko irteera; eta Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldia. Hortxe, aukeran, asteburu honetarako plan bete-betea. Sartu, nahi izanez gero, sendabelarren tailerra edo kartografia ikastaroa, gehitu zirku tailerra bestela, eta girotu hori guztia trikitilariekin. Hirugarren urtez, Puntaik Punta Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia egingo dute gaur hasi eta igandera bitartean, eta Aretxabaleta izango da gune nagusia. Vall d’Aran Kataluniako bailara izango da aurtengo gonbidatu berezia.

“Europako beste hainbat herrialdetara begiratu, eta gurean halako jaialdirik ez geneukala jabetu ginen; hutsunea geneukan”, hasi du azalpena Ana Heriz Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariak. “Mendi ibilaldien inguruan, gainera, baliabide asko dauzkagu eskura. Bidezidor asko dauzkagu gure eskualdean, eta hainbat PR ere igarotzen dira hemendik [295 km]; parke naturala ere badaukagu, kobazuloak…”. Aisiaren punta bakoitza elkarrengana bilduta, eskaintza zabala daukate prest Debagoienan. “Hutsune bati tiraka, turismoa sustatzeko sortu genuen jaialdia, eta errealitate askok bat egingo dute jaialdian”.

Aretxabaletan hasi eta amaituko da gaur goizerako antolatuta daukaten mendi ibilaldia (09:30), Degurixara joan-etorria, eta ingelesez egingo dute Arrasate eta Aretxabaleta artekoa (10:00). Horiek izango dira jaialdiaren lehenengo bi ekitaldiak. “Baina adin guztietako pertsonek izango dute zer ikusi eta zerekin gozatu”, zehaztu du Herizek. Besteak beste, gaur, 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango dute haurrek, eta Kiki, Koko eta Moko pailazoen txanda izango da bihar (12:00); kirolzaleek, berriz, mendi ibilaldiez gain, eskura izango dituzte rokodromoa eta oreka tailerra; kultur jardueren artean, hainbat bisita gidatu dauzkate antolatuta, eta argazkilaritza, kartografia eta orientazio tailerrak ere bai; gainera, Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldiaz gain, Skakeitan, Screamers & Sinners eta Krisis musika taldeak izango dira Aretxabaletan.

Igandean, mendi martxa

Herizen hitzetan, prest dauzkaten ibilaldi gehienak “errazak” dira, “igande goizeko martxa salbu”. 07:00etan abiatuta, etzi Aretxabaletako X. Mendi Martxa egingo dute, 25 kilometroko ibilaldi gorabeheratsua. Aurreko bi urteetan ekitaldiak “oso harrera ona” izan duela azpimarratu du Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariak. “Leintz Gatzagan egin genuen lehen ekitaldia, korrika eta presaka, eta Bergaran iazkoa, askoz sendoagoa. Ea pixkanaka-pixkanaka lortzen dugun Debagoiena mendi ibilaldien eskualdea izatea”.

Izena eman beharra dago hainbat ekitalditan parte hartzeko, eta 943 79 64 63 telefono zenbakia eta puntaikpunta@debagoiena.eus helbidea herritarren eskura daude horretarako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>