“Gizartea ‘belarriprest’ denean iritsiko da normalizazioa”

Ariane Vierbücher

Euskararen eta euskal kulturaren alde lan handia egin du Agustin Mujika Takolo-k (Lasarte-Oria, 1960). Egin du, egiten ari da eta etorkizunean ere egiten jarraitzeko asmoa du. Gizartea euskaldundu beharra dagoela sinistuta, zeregin horretan jarraitzen du Takolo pailazo gisa ezaguna denak, nahiz eta aspaldi utzi zituen oholtzak. Euskaldun berria da, AEK-ko ikasle eta irakasle izana; irakasle eskolan ikasketak amaitu, eta irakaskuntzan hasi zen lanean; euskararen irakaskuntza eraginkorragoa izan zedin, hainbat ekimen sortu zituen gero: Olentzeroren etorrera, haurrentzako egonaldiak, Euskararen Maratoia… Euskaraldia ekinaldian buru-belarri murgilduta dabil gaur egun. Bihar aurkeztuko dute egitasmoa Zaldibian, gaur egun bizitoki duen herrian.

Jada badira urte batzuk Takolo, Pirritx eta Porrotx taldea utzi zenuela. Nolako bizimodua izan duzu harrezkero?

Buelta asko ematen ditu bizitzak, eta buruari ere buelta asko eman diot urte hauetan guztietan. Taldea uztea erabaki nuen orduan, eta pozik nago hartutako erabakiarekin. Batzuetan ez da erraza izaten erabakiak hartzea, baina beste lan bat ere banuen garai hartan, eta horri heldu nahi izan nion erabat. Hala ere, aitortu beharra daukat gogorra izan zela oholtza uztea. Oraindik sentitzen dut oholtza gainera igotzeko har hori, ez uste! Baina haurrekin jarraitzen dut lanean. Segurako barnetegian egiten dut lan aspalditik, eta hara etortzen diren haurrei emanalditxoa ere eskaintzen diet Simon panpina hiztunaren laguntzarekin. Oholtzara igotzen nintzeneko garaiak ekartzen dizkit gogora, nolabait.

Agertokiak utzi bai, baina Takolo ez da guztiz desagertu, beraz.

Ez, ez! Nik argi neukan ez zela desagertuko. Eta, taldearen dinamika berean ez bada ere, noiz edo noiz deitzen didate, oraindik, haurrentzako emanalditxoren bat edo beste egiteko. Beraz, ezin dut esan agertokiak erabat utzi ditudanik.

Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Oso aktiboak eta intentsitate handikoak izan ziren. Ni Lasarte-Orian bizi nintzen garai hartan, eta han egiten nuen lan. Herri mailan dinamika ugari jarri genituen abian, gizartea euskalduntzeko asmoarekin. Zeregin horretan, Olentzeroren Eguna sortu genuen herriko ikastetxeen arteko jardueretan. Herriko bost ikastetxeetako haurrak elkartzen genituen. Haur asko ziren, eta gehienek lehen aldiz jantzi zuten euskal txapela edo buruko zapia. Urtetik urtera gero eta ume gehiago egoten zen Olentzeroren zain. Olentzeroren etorrera prestatzeko giro horretan sortu genuen Takolo pertsonaia. Haurrak zain zeuden unea entretenitzeko modua zen. Euskarara gerturatzen genituen haurrak, irribarrearen, kantuaren eta dantzaren bidez. Dinamika horretatik sortu ziren gero beste pertsonaiak; baita Pirrutx [Patxi Sanz] eta Porrotx [Joxe Mari Agirretxe] pailazoak ere. Euskararen lehen maratoia antolatu genuen 1987an, eta talde gisa ekimen horren barruan eskaini genuen lehen emanaldia.

Takolo eta euskara eskutik helduta joan dira, beraz, beti.

Bai, noski! Gizartea euskalduntzeko beharrak sortu zuen Takolo, eta helburu horri segika ibili da beti.

Zu euskaldun berria zara, gainera.

16 urte arte ez nekien euskaraz. Orduan hasi nintzen ikasten. Gurasoek bazekiten zerbait [Aieten jaioa du aita, eta Elantxoben jaioa ama], baina, belaunaldi horretako askok bezala, nahiko galduta zeukaten euskara. Garai hartan, etxean erabiltzen zutelako ikasi zuten batzuek euskara, baina gurean ez zen askorik erabiltzen. Beraz, nik ere ez nuen aukera askorik izan etxean ikasteko. Esaldi labur batzuk baino ez zituen esaten amak, eta etxetik kanpo, gainera.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Behar hori sentitu nuelako. Etxeko egoeraz gain, zazpi edo zortzi lagun ginen kuadrillan, eta euskalduna zen horietako bat. Haren familiak euskaraz egiten zuela ikusten nuen haren etxera joaten ginenean, eta nik ere ikasi egin nahi nuela pentsatu nuen, nire etxean ere horrela izan zedin nahi nuela. Behin baino gehiagotan lotsa ere pasatu izan nuen euskaraz erantzuteko gaitasunik ez nuelako. Pentsatu nuen hori ezin zitekeela hala izan, eta egoera aldatzeko hasi nintzen euskara ikasten.

Euskara ikasi, eta hura irakasten hasi zinen gero.

19 urterekin irakasle lanetan hasi nintzen AEKn. Garai hartan ez neukan maila handirik, baina, tira, hortxe jarraitu nuen. Irakasle eskolan egin nituen ikasketak, eta Lasarte-Orian bertan ere egin nituen urte batzuk irakaskuntzan; Amezketan ere bai ondoren. Ideia berriak sortu zitzaizkidan han nengoela. Eskolako testuingurutik aterata, haurrei handik kanpo ere euskara ikasteko aukera eskaintzeko zerbait sortu beharra geneukala sentitu nuen. Horrela sortu genuen Euskal Girotze Barnetegia. Euskara ikasteko aukera eskaintzeaz gain, haurrek euskal kulturara gerturatzeko aukera zeukaten proiektu horri esker. Pixkanaka-pixkanaka, horrela hasi ziren sortzen barnetegiak. Zornotzako Euba auzoan eta Alkizan aritu nintzen lanean urte haietan, eta Seguran nabil azken urteotan.

Egiteko asko zegoen artean?

Bai, eta garai gogorrak ziren, gainera. Pentsa, 25 irakasle ginen Lasarte-Oriako eskolan, eta lauzpabost ziren gai euskaraz aritzeko. Kanpotik etorritakoak ziren irakasle gehienak. Gaur egun, bestelakoa da egoera, eta eskerrak. Lasarte-Orian bertan, esaterako, 25 urtetik beherako edozein gaztek hitz egiten du euskaraz, eta niri ere konfiantza handia ematen dit horrek berriketan hasteko, dagoeneko ez naizelako ibiliko lehen hitza zein hizkuntzatan egin behar dudan zalantzan.

Zure ikasle izandakoekin ere egingo duzu topo, seguru.

Noski, eta gaur egun maisu deitzen didate oraindik. Euskaraz hitz egiten dute batzuek, eta beste batzuek, agian, ez. Baina haientzat beti izango naiz euren maisua. Eta pentsa zenbat urte igaro diren, erretiroa hartzera noa datorren urtean.

Proiektu berri asko dauzkazu, hala ere, buruan, ezta?

Hala da, bai, eta ezin gelditu. Jolas eta teknika hezitzaileen inguruko liburuxka bat prestatzen ari naiz orain. Segurako barnetegian euskara egonaldiak antolatzen ditugu aspalditik. Hasi ginenetik 5.000 egonaldi baino gehiago izan ditugu barnetegian. 9 eta 14 urte arteko haurrentzat da eskaintza, eta egonaldietan erabiltzen ditugun lan ildoak eta metodologiak azaldu nahi ditut liburu horretan. Hezitzaileentzat izango da, batez ere. Durangoko Azokarako kaleratu nahiko nuke.

Nolakoa da egonaldietara joaten diren haurren testuingurua?

Azken urteotan ikaragarri aldatu da testuingurua. Orain dela 30 urte, Euskal Herrian jaio eta euskara ikasi ez zutenak edo Espainiatik Euskal Herrira lanera etorritakoak joaten ziren euskara ikastera. Gaur egun, beste errealitate bat dugu, ordea. Orain, munduko beste hainbat herrialdetako bizilagunak ditugu gurean. Erabat aldatu da egonaldietako argazkia. Peru, Pakistan, Maroko, Errumania… herrialde guztietako gaztetxoak izaten ditugu ikasgelan. Beste erronka bat daukagu parez pare.

Zer moduzko jarrera izaten dute orokorrean?

Oso ona, iritsi berrientzat, batez ere, guztiz gauza berria den arren. Polita da gaur egun haien bigarren hizkuntza euskara dela ikustea. Gurasoekin haien jaioterriko hizkuntzan hitz egin ohi dute, oraindik, guraso horietako askok gaur-gaurkoz ez dutelako euskara ikasi. Baina kalean euskaraz aritzen dira lagunekin. Polita eta oso berezia da, aldi berean, nahiko egoera berria delako betidanik hemen bizi izan garenontzat. Baina aldatuko da hori ere. Orain haurrak diren horiek helduak izango dira egunen batean, eta oso posible da haien lehenengo hizkuntza euskara izatea. Haien haurrek etxean ikasiko dute euskara. Denborarekin, naturala izango da egoera hori. Bestelako arazoak dituzte haur horiek; euskararekin, normalean, ez dute izaten inolako arazorik.

“Bestelako arazoak” diozu. Zertaz ari zara, zehazki?

Askok oso egoera berezia izaten dute familian. Motxila pisutsuak izaten dituzte bizkar gainean, eta batzuetan ez da erraza izaten haien arreta erakartzea. Hori ere ari naiz lantzen idazten ari naizen liburuan. Umorearen bidez ere saiatzen naiz haiengana gerturatzen.

Haurrekin buru-belarri aritu zara lanean, baina baita helduekin ere…

Lasarte-Orian Udal Euskara Batzordea sortu zenean, saltoa emateko garaia iritsi zen, askotariko pentsaera ideologikodun jendea elkartzen ari ginela ikusirik. Euskararen aldeko kanpainak antolatzen hasi ginen, eta giro horretan bururatu zitzaidan 40 orduz euskaraz aritzea. Hasieran erokeria zirudiena Euskararen Maratoia bihurtu zen gerora, eta herriko egun zoragarri bat da gaur egun.

Euskararen Maratoia bakarrik ez, kantu maratoia ere antolatu zenuen iaz.

Mundiala izan zen hori ere! Zaldibiarrak euskal abestiak kantatzen jarri genituen 26 orduz jarraian. Parte hartze itzela izan zuen egitasmoak, eta munduko marka ondu genuen, gainera. Egun eta gau, gelditu gabe aritu ginen kantuan; banaka, taldeka… Itzela izan zen!

Azken urtebetean Euskaraldian murgilduta zabiltza erabat.

Gaur egungo testuingururako diseinatutako ekimena da Euskaraldia. Gaur-gaurkoz, herritar gehienok badakigu euskaraz hitz egiten, baina, oraindik ere, kalean ez da entzuten behar beste. Euskaraz dakitenen artean ere gaztelania erabiltzen dute, askotan, elkarrizketetan, eta egoera horri aurre egitera dator Euskaraldia. Gizarteak badaki euskaraz, eta hori aktibatu nahi dugu guk. Gizartea belarriprest denean, orduan iritsiko da euskararen benetako normalizazioa. Eta hori iristen denean, oso garrantzitsua izango da ahobizien lana. Baina, lehenengo, euskara entzuteko prest eduki behar ditugu belarriak.

Bihar, Zaldibian aurkeztuko duzue Euskaraldia.

Bai, festatxo bat prestatu dugu herrian, eta herritar guztiek parte har dezaten nahi dugu, noski. 20:00etan, herriko plazan elkartuko gara argazki erraldoi bat ateratzeko. Ekitaldi nagusia, berriz, 22:30ean hasiko da. Herritarrak eta inguruko guztiak etor daitezen nahi dugu.

Eguneroko jarduna aztertuta, zer moduz aitona lanetan?

Pozez zoratzen nabil zeregin berri horrekin. Dena den, zahartzen ari garen seinale ere bada errealitate hori, eta horrek ez dit egiten hainbesteko graziarik!