Joseba Errekalde: “Prebentzio neurri eraginkorrenetako bat da tratamendua”

Joseba Errekalde: “Prebentzio neurri eraginkorrenetako bat da tratamendua”

E. Goenaga Lizaso

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasun infekziosoei buruzko hitzaldia eman zuen, herenegun, Joseba Errekalde Harri Beltza elkarteko kideak (Oiartzun, 1963), Gehituk LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira Lasarte-Orian antolatutako ekitaldiaren barruan. Bere ibilbidean, hitzaldiz hitzaldi, GIB birusari eta hiesari dagokienez jendeari “ezagutza oinarri sendo bat” falta zaiola konturatu da Errekalde.

Badirudi badakigula hiesaz jakin beharreko guztia, baina hitzaldiak ematen ari zara etengabe gaiari buruz. Oraindik ez dakigu jakin beharrekoa?

Ematen du badakigula zer den, baina ez dakigu. Hainbat gauza gutxi gorabehera dakizkigu, baina, erabateko ziurtasunarekin, gutxi. Adibidez, edozein saiotan nik galdetzen badut “uste duzue ahozko sexua, sarketa bat denez, infekzio bide bat dela?”, hamarretik bederatzik ez dakite erantzuten edo ez daude erabat ziur.

Ez da infekzio bidea, ezta?

Ez, ez da. Gu hiesari buruz aritzen gara batez ere, hiltzen duen bakarra eta sendatzen ez den bakarra delako. Baina, noski, erantzun horrek ematen du bidea azaltzeko GIBa ez dela transmititzen, baina bai beste gaitz batzuk: gonorrea, papiloma, sifilisa…

Kutsatu hitza ez duzu inoiz erabiltzen, eta ez da kasualitatea.

Ez, ez da. Kalte egiten digu hitz hori erabiltzeak. Espainiako Estatuan, GIB birusa gaixotasun infekzioso-kutsakor gisa dago sailkatua, infekzioso-transmitigarri gisa sailkatu beharrean, munduko beste toki batzuetan egiten duten bezala. Izendapen aldaketak ahalbidetuko luke, adibidez, GIBdunok diskriminatuak ez izatea lan esparruan, oposizioetan, bidaiatzeko orduan… Gaitz infekzioso-kutsakor bat baduzu, ezin duzu ezkutatu; tuberkulosia, adibidez, kutsakorra da, eta derrigorrezkoa da deklaratzea, airez kutsatzen delako eta inguruko guztiak arriskuan jar ditzakezulako. GIBak, berriz, infekzio bide jakin batzuk ditu, transmitigarria da, baina ez kutsakorra; eta, prebentzio neurriak hartzen badituzu, inork ez zaitu infektatuko. Beraz, ni nahiko astuna izaten naiz gai horrekin, garrantzitsua delako.

Hiesa hitzak izua eragiten zuen 1980ko hamarkadan. Egun, beldurra galdu zaio?

Bai, zalantzarik gabe. 1996-1997koak izan ziren erretrobirusaren kontrako lehen tratamendu eraginkorrak; ordu arteko ahalegin guztiek porrot egin zuten. Sekulako aldaketa eragin zuen horrek. Segituan egin zen lotura bat: orain arte, hiesak hil egiten zuen, eta, orain, ja ez du hiltzen. Hori berehala barneratu zen, eta hor hasi zen jendea hiesari beldurra galtzen.

Baina ez da egia hiesak inor hiltzen ez duenik…

Erretrobirusaren kontrako botikak hain dira onak, gure gizartean ia inor ez da hiltzen hiesarengatik. Beste toki batzuetan bai, ez dutelako modurik eta baliabide ekonomikorik sendagaiak eskuratzeko. Ozen salatu behar da hori. Gurean, berriz, kasu gutxi batzuk izaten dira. Pertsona batek bi modutan jakin dezake GIBa duela; bat da aurrez proba egitea, eta bestea, behin gaixotu ostean diagnostikatzea. Osasun sisteman ezin diote sendatu agertzen duen patologia hori, eta ohartzen dira atzetik beste zerbait dagoela: hiesa. Tamalez, askotan gertatzen da hori. Jendeak ez du proba egiten, eta ohartzen direnerako oso gaixorik egoten dira. Kasu gehienetan, botikei esker, bizpahiru hilabeterako lortzen dute egoerari buelta ematea. Baina heriotzak ere izaten dira gaixoa oso-oso egoera txarrean iristen bada.

Beraz, ezinbestekoa da probak egitea?

Testa bere kabuz egiten duenak infekzioaren lehen estadioetan egiten badu, bi edo hiru hilabete igarotzerako GIB birusaren eragina erabat kontrolatuta izango du, eta sekula ez du garatuko gaitza. Denbora pasatu ahala, aukera gehiago dago hiesa garatzeko.

Baina hiesa ere kontrolatzen dute botikek, ezta?

Bai, gaixoak betirako izango du hiesa, baina kontrolpean. Hala gertatu zitzaidan niri. Urte pila bat egin nituen GIBarekin, hiesa garatu arte; oso egoera kaskarrean egon nintzen, baina, orain, botikekin kontrolatuta daukat.

Testak egitea garrantzitsua da; baina garrantzitsuena prebentzioa da?

Testak egitea prebentzio neurri bat da, erretrobirusaren kontrako tratamendua prebentzio neurri eraginkorrenetako bat baita. Frogatua dago tratamendua modu egokian egiten dugunok ez dugula birusa transmititzen. Gure fluxuetan, nire kasuan semenean eta odolean, karga birala detektaezin bihurtzen da, eta, ondorioz, nik ezin dut inor infektatu.

Ez dago esperantzarik txerto bat lortzeko?

Nahiko argi esaten dute txertorik ez dela egongo; lortu behar duguna da bidea ixtea, gaitza itotzea. UNAIDS erakundeak 90-90-90 proiektua jarri du martxan, 2030erako epidemiari amaiera jartzeko helburuarekin. Eta zer esan nahi dute zenbaki horiek? Bada, mundu osoko seropositibo guztien %90ek GIB birusa dutela jakitea; diagnostikatutako guztien %90ek erretrobirusaren kontrako terapia egonkorra jasotzea; eta horietatik %90 birus kargarik gabekoak izatea lortzea.

Kopuru horietatik gertu dago Gipuzkoa?

Bigarren eta hirugarren 90 horietan bagaude; baina, lehenengoan, ez gara iristen GIBa dutenen %90ek jakitera. Kalkulatzen da seropositiboen %30 inguruk ez dakitela GIBa dutenik. Eta ez jakite horrek, norberari egiten dion osasun kalteaz gain, gaitza besteei transmititu ahal izatea eragiten duela.

Ez da izango testak egitea zaila delako; bide asko daude proba egiteko.

Sekula izan ez diren eta beste toki askotan ez dauden politikak ditugu gure erkidegoan. Osakidetzako edozein zerbitzutan egin daiteke, doan; farmazietan ere egin daiteke, oso diru gutxiren truke, eta gure lurraldean bakarrik egiten da hori; eta gero bagaude proba egiten dugun gobernuz kanpoko erakundeak ere. Donostian, adibidez, Gehituk egiten du, doan eta konfidentzialtasun osoarekin. Gainera, goi mailako eta kalitatezko aholkularitza eskaintzen da testa egiteko behar diren hogei minutu horietan. Baliabideak baditugu, baina, tamalez, babestu ez den jende bati ez zaio burutik pasatzen noizean behin probak egitea.

Osakidetzaren arabera, urtero 150 seropositibo inguru diagnostikatzen dira.

Bai, 150-160 inguru izaten dira, eta azken urteotan ez da izan gorabehera handirik. Baina egia da asko igo dela gizonen artean harremana daukagun kolektiboaren barruan, eta pena handia ematen dit hori esateak. Kolektibo horretakoak dira infektatu berriak diren hamarretik sei; eta horrek esan nahi du kolektibo horretan beldurra galdu diotela askok. Tamalez, badago jendea nahiago duena egunean pilulatxo bat hartu. Kolektibo horretan nahiko zabalduta dagoen ideia da lehenago edo geroago infektatu egingo direla, eta denbora kontua dela pilulatxoa hartu behar izatea. Pena da, bere garaian sufrimendu handia egon zelako eta lan asko egin zelako hori gainditzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.