Maitasuna sarean edo maitasunaren sarea?

Maitasuna sarean edo maitasunaren sarea?

Beñat Alberdi

Laranja erdirik gabe ezin bizi”. Tankera horretako esaldiek oraindik ere indarrean jarraitzen dute nerabeen artean; maitasun erromantikoaren ideia sustraituta dago gazteenen artean. Aurrekoek ez zeuzkaten komunikazio baliabideak dauzka, ordea, egungo belaunaldiak: Internet eta sare sozialak. Bi esparru horiek ikertzen ari da Medicus Mundi erakundea: maitasun erromantikoaren pertzepzioa eta sarea. Zehazki, koordinazio lana hartu du gobernuz kanpoko erakundeak.

Farapi aholkularitza enpresaren eta Manuela Ramos Peruko mugimenduaren esku dago dinamizazioa. Izan ere, Gipuzkoan eta Perun ikertu eta aplikatu nahi dituzte emaitzak. Eta, hain zuzen ere, errealitate horretan sakontzeko, sortzen ari diren tresnak trukatu dituzte Arrasaten egin duten tailerrean; egoerak zuzenean gazteei eta nerabeei eragin arren, helduek ere sarearen berri izan behar dutela uste dute adituek, askorentzat ezezaguna delako errealitate hori. Datorren asteartean, Ordizian egingo dute hurrengo saioa gurasoekin.

Gipuzkoako gazteek maitasun erromantikoan sinesten jarraitzen dute. Ez da edonolako esaldia, baina Gipuzkoako Medicus Mundiren ikerketak hala ondorioztatu zuen lurraldeko nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak aztertuta. “Beharrezkoa iruditu zitzaigun definitzea nola maitasun irudikatu horrek eragin zuzena daukan gazteen harremanetan sortzen diren biolentzia matxistetan”, azaldu du Gema Hierro Gipuzkoako Medicus Mundiko kideak. Ondorioen artean, gazteen artean zabalduta dago liskarrik gabe ez dagoela maitasunik, eta indarkeria kasu askotan indarkeria ez, jeloskortasuna agertzen dela.

Sarea bera ere ikertu dute, bikote nerabeen harremanetan kontrol mekanismoak sortzeko tresna gisa, batez ere. “Zabala da ikerketa. Sare sozialen gaia motz geldituta zegoela iruditu zitzaigun”, argitu du Hierrok. Eta erronka horri segika heldu zioten Gazteak eta maitasun erromantikoa: onlineko ohiturak, balioak eta sinesmenak ikerketari.

Lau eremutan aztertu dute gazteek sarearekin duten harremana: Gipuzkoan, eta Peruko hiru eskualdetan: Lima, Ayacucho eta Ucayalin. Medicus Mundik eta Manuela Ramos mugimendu feministak duten harremana izan da elkarlanerako oinarria. Geografikoki oso urrun daude bi herrialdeak, baina arazo berberarekin topo egin dute muinean: “Gipuzkoak eta Peruk biolentzia matxista daukate ezaugarri komun gisa”, nabarmendu du Elga Pradok, Manuela Ramos mugimenduko kideak. “Bietan izaten dira, esaterako, kontrol saiakerak”.

“Landa lana” erabili dute ikerketarako. 13 eta 18 urte arteko gazteak elkarrizketatu dituzte lau eremuetan, eta baita haien gurasoak eta hezkuntzako langileak ere. Baina, ikerketa hutsean gelditu beharrean, nahiago izan dute hurrengo pausoa ere ematea; hots, egoera aldatzeko edo ezagutzeko tresnak sortzea. “Ikerketaren ondorioak bakarrik emango bagenitu, marko teoriko bat bakarrik sortuko genuke”, azaldu du Hierrok. “Baliabide didaktikoak sortu nahi ditugu aurkitu dugun egoerari erantzuteko”.

Orain artean landutakoa trukatzeko balio izan die Arrasateko saioak, eta hezkuntza munduko langileekin fintzeko. Tresnak aurkeztea eta lantzea, hori da lan ildoa, adituen ustez beharrezkoa delako sortuko diren tresnak elkarlanean eraikitzea.

Jarrerak sortzeko bidea

Errealitate geografiko eta sozio-ekonomiko ezberdina dauka eremu bakoitzak, baina lauretan errepikatzen diren errealitateak hartu dituzte oinarri hurrengo pausoa emateko; esaterako, gazteek euren identitatea eraikitzeko sare sozialak erabiltzea, edo helduek errealitate hori ez ezagutzea.

“Sare sozialak gazteen egunerokoaren parte bihurtu dira”, zehaztu du Rocio Villacenciok, Manuela Ramos mugimenduko kideak. “Sareak jarrera ildoak ematen dizkio gazteari: nola maitemindu, harremanak nola sortu…”. Gustuko telesaileko aktorea nola janzten den, gazteen artean zein hizkera erabiltzen duten… Imitazio eredu bihurtzen da hori. Horrekin batera, azpimarratu egin dute harremanak sortzeko Whatsappek daukan garrantzia edo sare sozialetan atsegiteak jasotzeak daukan indarra.

Internet konexioa lortzeko zailtasunak dituzten guneetan ikusten da garbien helduen eta gazteen belaunaldien arteko zuloa. “Guraso askok inoiz ez dute erabili ordenagailurik”. Hala ere, adituen esanetan, Gipuzkoan da ohikoena mundu birtualari buruzko ezjakintasuna. “Pertsona helduei ulertarazi egin behar diegu nerabeei sareak nola balio dien euren identitatea eraikitzeko”, argitu du Ines Dinant Farapiko kideak. Konexioa galaraztea izaten da, askotan, zigorra. “Baina euren identitatean daukan garrantzia ulertuta, beste toki batetik abiatzen gara gu, eraikitzaileagoak izan gaitezke”. Helduei gazteen errealitatea ulertzen laguntzea da ikerketaren oinarria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.