Musikaren etxea tonua galduta

Musikaren etxea tonua galduta

Eider Goenaga Lizaso

Duela 85 urte musika eskola ireki zuten toki berean dago Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioa, Easo kalean. Apenas egin den obrarik eraikinean, eta ez ditu betetzen kontserbatorio batek beharko lituzkeen baldintzak; gainera, estilo arrazionalistako eraikina denez, ezin da aldaketarik egin egituran. Horrek bi arazo nagusi eragiten dizkie kontserbatorioko irakasleei eta ikasleei: batetik, eraikinaren kontserbazio arazoak, eta, bestetik, espazio falta. 8 eta 18 urte bitarteko umeek ikasten dute kontserbatorioan; 370 ikasle eta 56 irakasle dira orotara.

Joan den astean, kontserbatorioko arduradunek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, euren larritasuna salatzeko. Izan ere, eskumena EAEko Hezkuntza Sailarena da, eraikina Donostiako Udalarena den arren. Irtenbide bat topatzea ezinbestekoa bezain premiazkoa dela dio Luis San Sebastianek, kontserbatorioko zuzendariak, eta bi erakundeei egin die deia irtenbidea bilatzeko.

Adabakiak baino ez

Eraikina oso kaskar dago, zaharkitua; zuzendariak azaldu du azken hamarkadetan ez dela egin inolako obrarik. “Momentuko konponketa batzuk egin izan dira, arazo larrienei irtenbidea emateko, baina adabakiak baino ez dira. Konponbide globala behar dugu”. Hormari begira jarri da: pintura zartatua dago, eta hiru tonu ditu paretaren izokin koloreak. “Zati horretan konponketa bat egin zen, eta konpondutako zatia margotu zuten soilik. Utzikeria itxura izugarria da”. Hainbat tokitan, batez ere bisitariak pasatzen diren horietan, hormak txukuntzen ahalegindu dira: partituren marrazkiak dituzten plastikozko banda zabal batzuekin estali dituzte paretak.

Itxurari baino gehiago, iristeko arazoei erreparatu die Junkal Guerrero ikasketa buruak. “Igogailua hartzeko, solairu bat igo behar da; beraz, irisgarritasun aldetik, desastre”. Ikasle-irakasleak, bisitariak, ikasleen gurasoak eta aitona-amonak… Azaldu du denak eskaileretatik ibiltzen direla gora eta behera. “Norbaitek benetan ezin badu, atezainari abisatu behar zaio telefonoz; hark etorri eta, eraikinaren atzeko aldetik igarota, giltzaz ireki behar du igogailua”.

Laugarren solairuan daude kontserbatorioko bi emanaldi gelak, eta kiribil formako eskailera andana igo behar da hara heltzeko. “Hemen eskaintzen ditugu kontzertu txikiak, eta senideek-eta bete egiten dute aretoa. Inoiz ez da pasatu ezer, eta ez dadila gerta, ez baitugu larrialdi irteerarik; eskailerak dira aterabide bakarra”, kexatu da San Sebastian.

Emanaldi aretoetara igo, eta haizezko laukotea ari da entseatzen. Entsegua eten behar izan dute igogailuko atea irekitzean, erabiltzaileak zuzenean sartzen baitira igogailutik gela horretara. “Orain, entsegua eten dugu, baina, kontzertu bat baldin badago, kontzertua eten egiten da norbait iristen den bakoitzean”, gehitu du Guerrerok.

Tenperatura da kontserbatorioko arduradunen kezka nagusietako bat. Leiho handiak ditu eraikinak, eta eguzkiak bete-betean jotzen du udan. “Neguan hotz egiten du, eta askotan berokiak kendu gabe ematen ditugu eskolak. Baina beroa da okerrena. Ikasle bat baino gehiago zorabiatu zaigu, geletan egiten duen beroaren ondorioz”, azaldu du San Sebastianek. Termometroak dituzte gela askotan, eta asteartean, kalean berorik ez zen arren, hainbat gelatan 24 gradu markatzen zuten. “Nik eman izan ditut eskolak ia 40 gradutan”.

Neguan badute berogailua, eta berria da galdara. “Baina nik berogailu elektrikoa jartzen dut zenbaitetan”, azaldu du Guerrerok. Eraikinak sabai altuak ditu toki gehienetan, eta kosta egiten da horiek berotzea; eskailerak, korridoreak eta ikasketa guneak berotzea, berriz, ia ezinezkoa dela dio. Beroari aurre egiteko, berriz, aire girotuko makinak ari dira jartzen hainbat gelatan. “Baina hori ere ez da irtenbidea. Gainera, pena da hezkuntzari lotutako beste kontu batzuetan —instrumentuetan eta abarretan— inbertitu beharrean, dirua horretan xahutu behar izatea”.

Kontserbatorioa ikaslez betetzen da arratsaldeetan: instrumentuekin, kantuan, bakarka edo taldean… Gela guztiak betetzen dira. “Gezurra badirudi ere, gelak ez daude hotsgabetuta. Ondorioz, ekidin ezina da batak bestea entzutea”, esan du Guerrerok. Ikasturtea amaitu denez, jende gutxi dabil kontserbatorioan, eta irekita daude geletako leihoak. Instrumentuen hotsa entzuten da horietatik. “Eskolak daudenean, bero izugarria egin arren, leihoak itxi egin behar dira”.

Espazio falta

Eraikinak berak dituen arazoez gain, toki falta ere arazo larria da. 2.900 metro koadro erabilgarri dituzte. Eraikinak, erdigunean, espazio huts handi bat du, baina ez da erabilgarria, eta zuzendariak azaldu du ezin dutela obrarik egin, eraikinak duen babesagatik. “Eraikin berri baterako aukera errealik inoiz izan ez dugunez, ez dut sekula egin kalkulurik beharko genukeen espazioari buruz; baina, ditugun beharrak eta legeak zehazten dituenak kontuan hartuta, gutxienez bikoitza bai”. Bestetik, gertuko musika kontserbatorioak —Gasteizkoa eta Bilbokoa jarri ditu adibide— kontserbatorio izateko eraiki zirela zehaztu du, eta horrek dena aldatzen duela.

Emanaldietarako areto txukun baten falta da hutsune adierazgarrienetako bat. “Kontzertu txikietarako moldatzen gara, baina kontzertu handixeago bat egin nahi badugu —abesbatzarekin eta orkestrarekin, adibidez— ez dugu tokirik; eta asko egiten ditugu. Talde onak ditugu, eta asko mugitzen dira. Dirutza gastatzen dugu instrumentuak tokialdatzen eta kontzertuak emateko lekuak alokatzen”. Eusko Jaurlaritzak diru kopuru bat gordetzen die horretarako, baina beti pasatzen direla esan du Guerrerok.

Horrez gain, gela eta ikasketa kabina berriak atera dituzte lehen gelarik ez zegoen tokietan eta biltegi gisa erabiltzen ziren tokietan; gela handienei espazioa kenduz eta biltegiak ikasgela bihurtuz. “Halere, ez da nahikoa; sudoku erraldoi bat egitea bezalakoa da eskolak antolatzea”, esan du San Sebastianek. Besteak beste, teilatua jaisten den tokietan egokitu dituzte gela horiek: gela txiki eta estuak dira, eta batzuetan lauzpabost pertsonak entseatzen dute horietan. Zenbait kasutan, gela batera joateko beste gela batetik igaro behar da, eskolak hartzen eta entseatzen ari diren beste ikasleen martxa moztuz. “Harparen ikasketa kabina da adibiderik argienetako bat. Toki hau, berez, auditoriumaren, entsegu gelaren eta perkusio gelaren komuna zen”, esan du Guerrerok.

56 irakasle aritzen dira lanean kontserbatorioan, eta lau mahai eta lau ordenagailu dituen gela txiki bat da irakasle gela. “Irakasleok ez dugu lekurik gure gauzak gordetzeko ere; pasilloetan dauzkagu apalak jarrita”. Eta ikasleentzako apalak ere korridoreetan daude, baita haiek ikasteko gunea ere. “Legeak agintzen du ikasleek ikasteko leku bat izan behar dutela kontserbatorioan, baina hori ere ez dugu”. Horretarako mahai batzuk dituzte jarrita gune komunetan.

Eta, biltegiak gela bihurtuta, instrumentuentzako tokia ere falta da. Biltegi gisa erabiltzen dituzten tokietan pilatuta daude musika tresnak, atrilak, eserlekuak eta abar; lau biolontxelo-kutxa erraldoi daude eskailera tarte batean. “Biolontxeloekin istripuren bat izango dugu egunen batean, umeak ibiltzen baitira hemen; baina ez dugu horiek gordetzeko beste tokirik”.

Jaurlaritza, “gaia aztertzen”

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiaz gain, azken aldian udaleko zein Hezkuntza Saileko ordezkari batzuk izan dira kontserbatorioan. “Urteak daramatzagu eskaera hau egiten, gure egoera zein den salatzen; eta ez dakigu zergatik, baina ematen du orain ari zaizkigula kasu pixka bat egiten. Denek onartzen digute zein gaizki gauden; denei iruditzen zaie egoera larria dela eta irtenbide bat behar duela. Hala ere, inork ez digu jarri konponbiderik mahai gainean”, dio San Sebastianek.

Besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkatea izan da kontserbatorioan. “Hark esan zigun bururatzen zitzaion toki bakarra zela, metroaren proiektuarekin Easo plazako trenbideak lurpetik pasatuko direnez, kontserbatorioa bertan egitea. Baina ez zen izan proposamen irmo bat. Eta, gainera, zenbat urte beharko lirateke horretarako?”, galdetu du kontserbatorioko zuzendariak, irtenbidea ja jarri behar dela gaineratuz.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, bestalde, badakite kontserbatorioa nola dagoen, eta gaia aztertzen ari dira, irtenbideren bat emate aldera; udalarekin elkarlanean ari dira horretarako. Alde horretatik, azaldu dute arazo teknikoei irtenbidea ematen ari zaizkiela konponbidea topatu bitartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.