Zarautzera, bizikleta gosez

Zarautzera, bizikleta gosez

Aitziber Arzallus

Bizikleta goseak ekarri du Kyle Gill txirrindulari gaztea Karibetik Zarautzera. Ekainaren 9an iritsi zen bi hilabeteko egonaldia egitera, eta abuztuan itzuliko da etxera. Bien bitartean, ahalik eta gehien ikastea du helburu: bertatik bertara ezagutu nahi du Europako txirrindularitza, eta kirol horretan ibilbide emankorra egin ahal izateko bidea zein den ikusi. Inguruan talde paregabea du horretarako: Kristian Sorreluz txirrindulari ohiaren etxean, Getarian igaroko ditu bi hilabeteak, eta, entrenatzeko, Sorreluzen beraren laguntza ez ezik, puntako prestatzaile fisiko batena ere izango du. Hamabost egunotan bi lasterketatan lehiatu da, Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko maillotarekin: lehendabizikoa, iritsi eta egun gutxira, Zumaian; eta bigarrena, iragan asteburuan, Eibarren. Gustura dago orain arteko emaitzekin, egunez egun hobetzen ari delako, batez ere.

Gillek “bizitzako kasualitateei” zor die Euskal Herrira etortzeko sortu zaion aukera. Sorreluzen lagun bat surflariak prestatzen aritzen da mundu guztian barrena, eta Gillen aita ezagutu zuen Barbados uhartean zela. Hark eman zion semearen berri, eta berehala erreakzionatu zuen. “Nire laguna ere txirrindularia izandakoa da, hortik ezagutzen dugu elkar, eta Kyle denboraldi bat egitera etortzeko aukera egon zitekeela pentsatu zuen. Nirekin harremanetan jarri ziren, ideia polita iruditu zitzaidan, familian aukera aztertu genuen, eta baiezkoa eman genien”, dio Sorreluzek. Halaxe, duela hamabost egun etorri ziren Kyle eta haren aita Euskal Herrira. “Aitak hamar egun egin ditu hemen, semea ondo egokituko zela ziurtatu nahi baitzuen. Astearen hasieran bueltatu zen Karibera”.

17 urte besterik ez du Gillek, eta lehen aldiz etorri da Europara. “Duela bi urte hasi nintzen bizikletan ibiltzen, Barbadosko talde batean. Han lehiatu izan naiz, eta Karibeko beste leku batzuetan ere bai, baina Europara etortzeko gogoa neukan, hemengo txirrindularitza nolakoa den ikusi nahi nuelako”, dio gazteak. Hango txirrindularitzak eta hemengoak ez baitute zerikusirik.

Uhartean bueltaka

Oso uharte txikia da Barbados: 430 kilometro koadroko azalera du, Gipuzkoaren laurdena baino gutxiago. Kriketa da hango kirol nagusia, baina jendeak txirrindularitzarako “gero eta afizio handiagoa” duela azaldu du Gillek. Ibilbide ugari dituzte uhartean barrena bizikletaz egiteko, paisaia ikusgarriekin, baina aukera gutxi dute entrenatzeko. “23 kilometroko ibilbide bat daukagu, eta, entrenamendu batean, sei edo zazpi buelta eman diezazkioket uharteari”. Han, 340 metroko altuera du mendirik altuenak, eta kilometro bateko luzera mendaterik gogorrenak. “Hemen entrenatzeko aukera asko dagoela, hori gustatu zait gehien; ibilbide berriak egiten ari naiz egunero”.

Gill ez da ari bere kasa entrenatzen. “Munduko txirrindulari onenaren prestatzailea, munduko prestatzailerik onena, laguna dut, eta hark egin dion plangintzaren arabera ari da lanean”, azaldu du Sorreluzek. Sorreluz bera arduratzen da gero jarraipena egiteaz, plangintza behar bezala betetzen ari dela ziurtatzeaz. Batzuetan, biak irteten dira errepidera; beste batzuetan, berriz, Zarauzko Fanegas Cycling zikloturista klubeko beste lagun batekin. “Hemengo ibilbideak ez dituelako ezagutzen, gehienbat, eta konfiantza pixka bat hartzeko”, adierazi du txirrindulari ohiak. Haren irudiko, “zorte handia” du Gillek. “Laguntzeko prest dagoen jende asko dauka inguruan, beti egoten da norbait prest berekin entrenatzera joateko. Lasterketa bat duenean ere, ibilbidea ikustera joaten gara aurretik, gauzak nola egin behar dituen azaltzeko, berak ez duelako hemengo berririk”.

Egonaldiari esker asko ikasiko duela uste du Gillek, eta iritzi berekoa da Sorreluz ere. “Sekulako aukera da beretzat. Hemengo txirrindularitza nolakoa den ikasiko du, eta txirrindulari izateko behar duen heziketa jasoko du, gainera; ondo elikatzen eta entrenatzen ikasiko du”. Entrenatzea, atseden hartzea eta bizikleta prest izatea, horiek dira Gillen ardurak, horretan murgilduta dagoelako buru-belarri. Sorreluzen hitzetan, Euskal Herriko gazte askok ez dute izaten horrelako zorterik, “entrenatzeaz gain beste gauza asko izaten dituztelako egiteko”.

Familiakoak eta lagunak buruan dituen arren, Gill “oso gustura” dago Zarautzen, eta ingurukoei “asko” eskertzen die ematen ari diren laguntza guztia. Abuztuan, baina, Karibeko uharte txikira itzuli beharko du. “Derrigor itzuli behar dut Barbadosera, ikasketak bukatu behar ditudalako, baina gero Europara itzuli nahi nuke berriz ere”. Aukerak aztertzen ari dela azaldu du. “Ikasketak Europan zein herrialdetan egin ditzakedan begiratzen ari naiz, hemengo txirrindulari talderen batean entrenatu nahiko nukeelako. Espainiera ikastea ere gustatuko litzaidake, hemengo herritarrekin komunikazioa errazteko”. Oraindik ez du erabaki ezer, baina gogo faltarik ez dauka, behintzat. Eta berezko gaitasuna ere badaukala gaineratu du Sorreluzek. “Gutxi landutako mutila da, hori da onena, eta hobetzeko tarte handia dauka, ondorioz. Elikadurari dagokionez-eta, asko zaintzen du bere burua, eta, gogor entrenatzen jarraitzen badu, batek daki noraino irits daitekeen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.