750ak gogoratzekoak direlako

Eider Goenaga Lizaso

Uztailaren 30ean beteko dira 750 urte Bergarak hiri gutuna jaso zuela, eta dozenaka lagunek ia bi urte daramatzate lanean urteurren horri begira. Ez dira urtero betetzen 750 urte; gogoratu beharreko urteurrena da. “Duela pare bat urte-edo, ideia horrekin etorri zen udaletxera Gotzon Artzelus. Urteurrena gogoratzea proposatu zigun udaletxeko alderdi guztiei. Bere proposamena zen gogoratzea nondik datorren Bergara eta nola sortu zen, baina baita aurrera begiratzea ere, nora goazen eta nora joan nahi dugun aztertzea. Oso ideia ona iruditu zitzaigun denei”, azaldu du Maite Agirre Bergarako kultura zinegotziak.

Herritar guztiei zabaldutako batzar ireki batekin jarri zuten lehen harria, eta bertatik sortutako batzordeak lanean aritu dira hortik aurrera. Historia eta Zientzia Mahaia da horietako bat. “Horren helburu nagusietako bat zen Bergarako historiaren laburpen bat egitea, herritar guztiek irakurtzeko modukoa”. Liburuxka bat kaleratu dute, eta udalaren webgunean ere deskargatu daiteke, 750. urteurrenari buruzko atalean. “Historia adituak diren kideak elkartu ziren talde horretan, eta oso erraz irakurtzeko moduko testu bat ondu dute, guztien adostasunarekin”.

Historia eta Zientzia Mahaiak, halaber, uda ostean Laboratorium museoan izango den erakusketa atondu du. “Haiek zehaztu dute erakusketaren oinarria eta ildoa”. Uda osterako, halaber, hainbat hitzaldi antolatu dituzte, hainbat gairen inguruan: Bergara eta Ilustrazioa, euskararen presentzia, baserria…

Kultura eta Kirol Mahaia izan zen sortutako bigarren taldea. Kirolaren arloan, emakumeen presentziari eman diote garrantzia. “Bergaran tradizio handiko kirol txapelketa bat egiten da: Bergara Hiria. Gizonezkoen txapelketa izan da orain arte, baina, urteurrenaren aitzakian, emakumeen parte hartzea sustatzea jarri zuen helburu Kirol Mahaiak”. Herriko futbol, saskibaloi, eskubaloi, pilota, irristaketa eta txirrindularitza taldeekin hitzarmena sinatu zuten, eta txirrindularitza eta pilota txapelketak egin dituzte jada, emakumeek parte hartuta. Hala egingo dute beste lau kiroletan ere. Pol Pol mendizale elkarteak, berriz, Bergarari Bira antolatu du. “Herriko mugarriak lotzen dituen ibilbidea da; hainbat etapa ditu, eta sei asteburutan egingo da. Hiru falta dira: uztailaren 8an bat, eta irailean beste biak”.

Kulturari dagokionez, berriz, gaur gauean egitekoak ziren kontzertua zen mahai horren emaitzarik adierazgarriena. Eguraldi txarraren eraginez, ordea, bertan behera utzi behar izan dute azkenean —ekaitz giroa dago emanda gaur iluntzerako—. Irailean egingo dute kontzertu hori; eguraldi ona bada, San Martin Agirre plazan, eta, bestela, pilotalekuan. Datozen egunetan zehaztuko dute eguna. “Bergarako ia talde guztiak ariko dira kontzertu horretan”, zehaztu du Agirrek.

330 musikari, dantzari eta artistak parte hartuko dute iraileko kontzertuan. Bergarako Txistulari Taldeak, Xamatz dantza taldeak eta Bergarako Musika Eskolako dantza taldeak Ikurrin Dantzarekin emango diote hasiera ekitaldiari, eta, ondoren, hiru ataletan banatuko dute kontzertua. Bergarako Musika Bandak Jose Maria Usandizagaren bi pieza joko ditu lehenengoan; Aitzol Mujika bakarlariak, Bergarako Orkestrak, Aritzeta abesbatzak, Bergara Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak hiru euskal kantautoreren lanak interpretatuko dituzte bigarrenean; eta guztiak elkarrekin ariko dira hirugarrenean.

Etorkizunera begira

Gazteen mahairik ez zuten sortu hasieran, baina, Gotzon Artzelusen bidez, haiek ere hasi ziren parte hartzen. Hiru sare sozialetan —Facebook, Instagram eta Linkedin— jarri dute martxan VerBergara dinamika. “Munduan zabalduta dagoen izena da Bergara edo Vergara, eta komunitate bat sortzeko helburuz jarri dute martxan egitasmoa”. Horrez gain, LHko 5. eta 6. mailarako Bergarako herri curriculuma landu du Hezkuntza Mahaiak, herriko ikastetxeekin batera. Datorren ikasturtean jarriko dute martxan.

Atzera begirakoa egin du Historia eta Zientzia Mahaiak, eta aurrera begirakoa Ekonomia eta Garapen Mahaiak. “Oso garrantzitsua da nora goazen jakitea; garrantzi handia ematen diegu balioei, eta duela hogei bat urte Bergarako garapen ekonomikoari buruz egindako ikerketa berriro mahai gainean jartzea eta berritzea da helburuetako bat”.

Urteurrenaren balorazio bat egiteko goizegi dela dio Agirrek, urtea amaitu arte itxaron behar dela horretarako. “Baina jende asko mugitu da urteurrenaren inguruan: parte hartzea oso handia izan da, eta oso pozik gaude”.