Irtenbide bat bide itxiari

Irtenbide bat bide itxiari

Eider Goenaga Lizaso

Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidean obrak hasiko dituzte laster, eta hainbat hilabetez bidea guztiz itxi beharko dute. Egunean, 6.000 ibilgailu inguru igarotzen dira hortik; ondorioz, jende askori eragingo dio itxierak. Alkolean tunel bat egiteko eta Ipitxarriko bihurgunean mendi zati bat kendu eta galtzada zabaltzeko egingo dituzte lanak. Horrez gain, bi herriak batzeko bidegorri bat egingo dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du errepidea bost hilabete egongo dela itxita, baina obrak, bere osotasunean, hamalau hilabete iraungo du. 12 milioi euroko aurrekontua dute lanek.

Bidea itxita dagoen bitartean, Mutrikura doazen autoek, Deban, Mendaro aldera jo beharko dute, eta handik GI-3230 errepidetik barrena helduko dira Mutrikura, Astigarribia eta Kalbariogaina igaro ostean. Kamioiek, berriz, Durango, Trabakua eta Ondarroatik barrena joan beharko dute.

“Errepide hau erabiltzen duten guztiek izango dituzte kalteak, baina Laranga auzoan bizi eta lan egiten dugunok izango gara bereziki kaltetuak”, adierazi du Iñaki Arinek. GI-638 errepidetik 50 metro eskasera dagoen Arbe hotelaren jabea da Arin. “Orain bost minutuan egiten dena egiteko, ordu erdi beharko da obrak hasten direnean”. Baserri bideak eta asfaltatu gabeko bide zatiak dira, GI-638 itxita, Arbe hotelera iristeko modu bakarra. “Bide hori 4×4 ibilgailuetan soilik egin liteke orain. Bideak egokituko dituztela esan digute, baina, halere, bidea txarra izango da gero ere. Bi auto gurutzatzen badira, ez dago tokirik, eta, gauez, ni neroni ere ez nintzateke ausartuko hortik ibiltzen”.

Laranga auzoan kezkatuta daude errepidea ixteak izango dituen ondorioekin. “Izan ere, hemen bizi denak derrigor behar du autoa; edozertarako”, azaldu du Justo Pagolak, San Juan jatetxeko nagusiak. “Nik etengabe erabiltzen dut autoa. Goizean, umeak eskolara eramaten ditut, Debara, eta, arratsaldean, jasotzera joaten naiz. Horrez gain, egunero hainbat bider hartu behar izaten dut autoa: jatetxerako erosketak egin, banketxera joan… Errepidea ixten badute, ia ordubete beharko dut edozein enkargutarako”, gaineratu du Manuel Loretok, Pikua landetxeko nagusiak.

Hainbat datu jarri dituzte mahai gainean, obrek auzotarrengan izango duten eragina azaltzeko: 140 lagun bizi dira Larangan; eskolara joaten diren umeak dira horietako 24; hamasei dira zaharrak eta menpekotasunen bat dutenak; lau nekazaritza ustiapen daude, jatetxe bat, nekazaritza turismoko etxe bat, hotel bat, behortegi bat… “Egunean, 400 mugimendu inguru egiten ditugu autoan”, azaldu du Arinek. “Eta, herriko ostalaritzari erreparatuta, hemen daude Mutrikuko jatetxe eta hotelen ia erdiak”, gehitu du Pagolak.

Negozio horientzat errepidea ixtea amaiera izan daitekeela ohartarazi dute hirurek. “Errepidea bost hilabetez itxiko dutela diote, baina ziur luzatu egingo dela. Ipitxarrin, mendiari puska bat kendu behar diote, eta oso eremu ezegonkorra da; behera eror daiteke dena. Atzerapen handia eragingo luke horrelako zerbaitek. Zer gertatuko da, orduan, gure negozioekin, gure bizibidearekin?”, galdetu du Pagolak.

Arinen arabera, errepidea abendu inguruan itxiko dutela aurreikusten dute. “Epeak betetzen badira, gaitz erdi; baina edozein luzapenek uda galtzea eta, ondorioz, urtea galtzea ekarriko luke. Diru sarrerarik gabe geldituko gara, eta banketxeak ez du barkatzen. Gure akabera izango da”, gehitu du.

Urteak daramatza Arinek hotelarekin, eta GI-638ko obrak bere ametsaren amaiera ekarriko duela uste du. “Kostako hotel bat dela kontuan hartuta, nola esango diot nik bezero bati mendi bide batetik ordu erdiko bidea egin behar duela hona iristeko, eta berdin hoteletik ateratzeko? Ez da inor etorriko”. “Eta gure kasuan, berdin, nork egingo du ordubeteko joan-etorria menu bat jateko?”, esan du Loretok, Pagolak buruarekin ezetz egiten duen bitartean. Euren egoera kontuan izango duen konponbide bat eskatu dute hirurek.

Obrak, bereizita

Hiru ostalarien arabera,tuneleko obrak eta Ipitxarrikoak bereizita egitea litzateke irtenbide bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak, baina, dena batera egiteko arrazoia eman du: “Egia da obra bi fasetan eginda Laranga auzokoentzat eramangarriagoa izango litzatekeela; ez, ordea, gainerakoentzat. Hala egingo balitz, denbora bikoitzean egongo litzateke itxita GI-638 errepidea, eta Mutrikuko herria eta inguruko industria osoa nabarmen kaltetuko luke horrek”. Bi obrak batera egitea “interes orokorraren mesedetan” hartutako erabakia dela diote foru aldundikoek.

Auzotarrekin bilerarik ez egitea eta haien egoerari konponbidea jartzeko interesik ez izatea ere egotzi diote foru aldundiari. Eta iritzi bera dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek ere. “EAJ-PSEren gobernantza berriak ez ditu entzun nahi GI-638ko lanetan kaltetuko diren Mutrikuko bizilagunak”, adierazi zuten bi taldeek, prentsa ohar batean. Lehengo astean eskaera aurkeztu zuten bi taldeek, Larangako auzotarrek Azpiegitura Batzordean agerraldia egin dezaten.

Bide Azpiegituretako Departamentuak esan duenez, auzotarrekin lau bilera egin dituzte aldundiko hainbat ordezkarik. Horrez gain, errepidea konpontzea mutrikuarren aspaldiko eskaera dela nabarmendu dute, eta obra guztietan daudela kaltetuak. Kalteak ahalik eta arinenak eta kaltetuak ahalik eta gutxien izan daitezen saiatu direla azpimarratu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.