Psilocybe, haria eten ez dadin

Olatz Mitxelena

Ez dago edozein elkarteren esku musika alternatiboa programatuz mende laurdena betetzea, eta, horretaz jabetuta, lorpen hori merezi bezala ospatzeko, Hondarribiko Psilocybek egitaraua ondu du udararako. Asteartean aurkeztu zuten programa, Psilocybenean bertan, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea bertan zela. Laudorio sorta izan zuen Sagarzazuk Psilocyberentzat, eta, urteurrenean egin antzera, etorkizunean ere lankidetzan aritzeko konpromisoa agertu zien elkarteko kideei.

Psilocybeko arduradun Egoitz Alkarazek eman zuen egitarauaren berri, aurretik elkarteko kideei urteurrenaren antolaketarako egindako lan mardula eskertuta. “Hau guztia ezinezkoa litzateke elkartean lan boluntarioa egiten dutenen ekarpenik gabe”, aitortu zuen. Alkarazek aurreratu zuenez, uztailaren 20tik aurrera egingo dituzte urteurrenari lotutako ekitaldi guztiak, asteburuetan, eta abuztuaren 24an eta 25ean izango dira ospakizun nagusiak, Mighty Diamonds eta Belako taldeen kontzertuak tartean.

Psilocybeneatik kanpo eskainiko dituzte programatuta dauzkaten kontzertu denak, Hondarribiko hainbat txokotan, “ospakizuna ez delako Psilocyberena soilik, Hondarribiko herritar guztiena baizik”. Horrek, nola ez, egitarauan ere izango du isla. Etxeko talde eta DJ asko aterako dira jendaurrera: Marmoka, Velozet, Horzdun, Afamada Orquestina DJ… Ezin bestela izan eta, Psilocyberen itzalean hazi eta hezitako taldeek protagonismo berezia izango dute urteurrenean.

Doan izango dira kontzertu guztiak, bat izan ezik: uztailaren 29an Eilen Jewellek Itsas Etxea auditoriumean eskainiko duena. “Aretoa alokatzeak dituen gastuak ordaintzen laguntzeko kobratuko dugu sarrera”. Country eta blues estiloak jorratzen ditu AEBetako abeslariak, eta, Alkarazen hitzetan, “jende askoren gustukoa” izango da kontzertu hori. Izan ere, “hain gazteak ez diren horiek” ditu jomugan uztailaren 29ko kontzertuak.

Doakoak izango dira gainontzeko kontzertuak, baina, Psilocyberen egitasmoa lagundu nahi duten guztientzat, 0 ilara izeneko sarrerak jarriko dituzte salgai, 5 euroan. Kontzertu aretorako urte osorako sarrerak zozkatuko dituzte 0 ilarako sarrera erosten dutenen artean, eta baita 25. urteurrenerako propio sortu dituzten elastikoak, biserak eta garagardo sortak ere. Bidasoa Basque Breweryk egin ditu lan horiek guztiak.

Beroketa lanak egin ondoren, Gernikako Arbola plazaren inguruan egingo dute abuztuaren 24 eta 25eko jaialdia, Harresilandako berdegunean. Reggae Gaua izango da lehena, eta Hondarribiko rap abeslari Acto Messiek zabalduko du ekitaldia. Stepi DJa ere bertan izango da —Irungo Bad Sound System taldearekin egin zen ezagun—, eta Mighty Diamondsena izango da gaueko emanaldi nagusia; Jamaikako reggae taldea da azken hori. Manu Chaorekin biran ibilitako Chalart58 Feath Matah DJak itxiko du eguna.

Abuztuaren 25ean, berriz, Belakok erakarriko du, ziurrenik, jende gehien, baina aurretik ere izango da zer hautatua. Afamada Orquestina DJa hasiko da festa girotzen, eguerdian, eta herri bazkaria egingo dute ondoren. “Nahi duten guztiek eman ahal izango dute izena”, zehaztu du Alkarazek. Marmoka eta Velozet taldeenak izango dira lehen kontzertuak, eta Buenos Airesko Capsula taldeak disko berria aurkeztuko du ondoren. Belakori dagokionez, Alkarazen ustez horixe da gaur egun Euskal Herrian dagoen “talderik garrantzitsuenetakoa”. Disco Bambinos Donostiako DJ bikoteak emango dio amaiera ekitaldiari.

Emakumeek “presentzia nabarmena” izango dute emanaldi horietan. “Psilocybek hasieratik egin zuen emakumeek rock munduan daukaten garrantzia ikusarazteko hautua”, adierazi zuen Alkarazek aurkezpenean.

Ibilbide oparoa

Aurkezpen ekitaldian, elkartea 1996an sortu zutela gogoratu zuen Ortzi Alonso Hondarribiko zinegotzi eta sorreratik Psilocybe elkarteko kide izan denak, eta txosnetan lortutako diruarekin ordura arte tailerrak ziren lokalak egokitu zituztela gogoratu zuen. Psilocybek ordutik “Hondarribian eta inguruko herrietan” eduki duen presentzia goraipatzeaz gain, gaur egun “erabat sendotutako proiektua” dela gaineratu zuen.

Alonsoren arabera, Psilocybek bi lorpen garrantzitsu izan ditu bide horretan. “25 urteotan Psilocybetik pasatu direnen kopurua eta bertan sortu diren sinergiak eta harremanak, batetik, eta espazioa bera, bestetik”. Zinegotziaren ustez, “izugarria” da herrian bertan entsegu lokalak, grabazio estudioa eta kontzertu aretoa edukitzea.

Ospakizunak ospakizun, etorkizunera begira lanean ari da elkartea, eta, alde horretatik, lehentasun bat zehaztu du Alonsok: “Musika egin nahi duten gazteak espaziora erakarrita, lekukotza bermatzea”. Erronka horri heltzeko gonbidapena ere bada urteurren festa.