Erabilerak gora egin ahala, istripuek ere bai

Erabilerak gora egin ahala, istripuek ere bai

E. Goenaga Lizaso

Bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenen kopurua nabarmen ari da hazten azken urteetan. Herri eta hirietan eskolara, lanera edo erosketak egitera joateko bizikleta erabiltzen dutenen kopurua hazten joan den neurrian, baina, istripuek ere gora egin dute. Ekuazioa sinplea da: erabiltzaile gehiago, bizikletan istripua izateko probabilitate handiagoa. Donostian, Bizikletaren Behatokiak urtero egiten du gaiari buruzko txostena, eta adierazgarriak dira datuak: 2004tik 2017ra %150 hazi da bizikletaren erabilera hiriburuan.

Apirila eta urria bitartean egiten dute kontaketa, eta 2004tik egindako azterketa guztietan eutsi izan zaio goranzko joerari, pare bat urte kenduta. Dena den, beherantz egin zuen urteetan ere txikiagoa izan zen jaitsiera ondorengo igoera baino. Bizikletaren Behatokia orain ari da 2017ko txostenean azken taxuketak egiten, baina erabilera datua aurreratu dute, eta jakinarazi du egunean, batez beste, 20.754 joan-etorri egin zirela. Aurreko urtean baino %1 gehiago.

Baina, erabiltzaileen kopuruak gora egin duen moduan, istripuen kopurua ere handiagoa da. 2017ko txosteneko daturik ezean, 2016koan ikus daiteke 2013tik 2016rako bilakaera. Bizikletak tartean zirela gertatutako istripuak 92 izan ziren 2013an; 125 2014an; 137 2015ean; eta, azkenik, 145 2016an. Duela bi urte gertatutako istripu horietan, bederatzi zauritu larri izan ziren: bost txirrindulari, bi oinezko eta bi motor gidari. Zauritu arinak, berriz, 151 izan ziren, eta horietako 133 bizikleta gidariak izan ziren.

Bizikleta garraiobide

Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak 30 urte beteko ditu 2019an; Donostian bizikleta garraiobide gisa oso jende gutxik erabiltzen zuenean sortu zen. “Orain, batzuei gustatu edo ez, mugikortasun sistemaren parte da bizikleta, eta administrazioek hori buruan izan beharko lukete beti euren planifikazioan. Ahalegin serio bat egin behar dute bai errepideak bai bidegorriak diseinatzeko garaian, eta bizikletak kontuan hartu”, adierazi du Higinio Otazu Kalapie elkarteko kideak.

Bizikleta erabiltzaile gehiago dauden neurrian, istripu gehiago izatea normala dela deritzo Otazuk, baina argi du helburua istripuak murriztea eta txirrindularien segurtasuna bermatzea dela. Hartu beharreko neurrien artean, bidegorri sarea txirrindularien beharretara egokitzea aipatu du. “Donostian hainbat puntu daude, non istripu pila bat gertatzen diren. Adibidez, istripu asko izan dira autobus geltoki berriaren gainetik igarotzen den zatian”.

Bestalde, bidegorrian abiadura mugatuta dagoenez eta zenbaitetan beste erabiltzaile batzuk ere bidegorritik joaten direnez, Otazuk argi du bidegorria ez dela erabilgarria txirrindulari guztientzat: “Txirrindulariok errepidetik joan beharko genuke, gure espazioa ere bada hori, baina segurtasunik ez dago. Garrantzitsua litzateke hiri guztian orduko 30 kilometroko gehienezko abiadura ezartzea. Gune batzuetan aspaldi jarri zuten muga hori, baina ez da nahikoa, eta prozesua oso poliki doa, erabakitasuna falta da. Eta argi dago abiadura muga jaisteak, istripu kopurua gutxitzeaz gain, txirrindulariaren bizitza salba dezakeela”.

Horrez gain, Otazuk uste du ezinbestekoa dela Espainiako Zigor Kodearen 142. artikulua aldatzea. “Lanean ari gara errepidea soilik beraiena dela uste duten auto gidarien inpunitatea amai dadin; gaur egun, oso zigor arina du txirrindulari bat harrapatzeak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.