Iraganaren eta orainaren zubi

Xabier Regil Agirre

Aurten 37 urte beteko dira Ataunen lehenengoz Jentilen Etorrera antzeztu zutenetik. Bi urtez behin antzezten hasi ziren ikuskizun horri hainbat jarduera eta ekintza batu zaizkio azken urteotan, eta iaz aste berean antolatu zituzten mitologiarekin loturiko jarduera horietako asko, Mitoaldian. Jendearen erantzun ona ikusita, aurten formatua errepikatzea erabaki dute. Herenegun Donostian aurkezpena eginda, gaur hasiko da jaialdia, Paul Urkijoren Errementari filmaren emanaldiarekin. Zuzendariak berak egingo du hitzaurrea, Ataungo herri antzokian.

Hain zuzen, Patxi Errementaria izango da aurtengo berrikuntza nabarmenena, eta pertsonaia mitologiko horrek pisu berezia izango du Mitoaldian. “Aipatzekoa da Joxemiel Barandiaranek Ataunen dokumentatuta daukala Patxi Errementariaren istorioa; jentilen etorreran ere agertu zen duela 22-23 urte”, azaldu du Jentilbaratza elkarteko zuzendaritzako kide Tomas Erauskinek.

Iaz, jentilen etorrera izan zen Mitoaldiako ekintza nagusia; euskal mitologian eta esaera zaharretan oinarrituta dago ekitaldi hori, eta desfile bat eta antzezlana egiten dituzte bertan. Aurten, berriz, Gau Ibilaldi Mitologikoaren inguruan antolatu dute jaialdia, eta horrekin amaituko da Mitoaldia. San Gregorio eta San Martin artean egingo dute ibilaldi hori, eta hainbat izaki eta pertsonaia mitologiko agertuko dira; herritarrek antzeztu ere egingo dute ibilbideko hainbat eremutan. Aurreko urteko ibilaldi mitologikoan bildu zen jendetza ikusita, neurriak hartu eta ikusle kopurua mugatzea erabaki dute aurten, eta taldeak bi txandatan banatuko dituzte.

Jarduerarik jendetsuena Gau Ibilaldi Mitologikoa izan arren, Erauskinek azaldu du gainontzeko ekintzak ere egokiak direla herritar ororentzat: “Egitaraua herritar guztientzat pentsatua dago, eta familia ugari etortzen da, ume eta guzti”.

Narratzaileek euskara batuan hitz egiten duten arren, antzezpenetan eta ipuin kontaketetan Ataungo euskara erabiltzen dute. “Ataungo elezahar eta mitoak berreskuratzen eta antzezten ditugu, denak Ataungo euskaran. Bi erronka ditugu: batetik, Joxemiel Barandiaranek, Juan Arinek eta Joxe Arratibelek bildutako mitoak ezagutaraztea, eta, bestetik, ezagutarazteko lan hori bertako euskaran egitea”. Erauskinen hitzetan, Mitoaldiaren gisakoak tresna egokiak dira gazteenei euskal kultura eta ohiturak transmititzeko, eta aipatzekoa da Jentilbaratza elkarteak eta Joxemiel Barandiaran museoak urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen dituztela Mitoaldiaz gain. Barandiaran museora deituta, oraindik eskuragarri daude Mitoaldiako ekitaldietarako sarrerak —doakoak dira—, eta, asteartera arte, Ataungo ohiko salmenta lekuetan egongo dira Gau Ibilaldi Mitologikorako sarrerak; webguneko sarrerak agortuta daude jada. Dena den, datorren asteazkenean webgunean eskuragarri jarriko dituzte jendeak itzuli dituen sarrerak edo herrian hartu gabe gelditu diren txartelak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.