Aintzane Muguruza: “LGTBI kolektiboa zabala da, baina, batez ere, oso plurala”

Aintzane Muguruza: “LGTBI kolektiboa zabala da, baina, batez ere, oso plurala”

Eider Goenaga Lizaso

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren aitzakian, Gipuzkoan azterketa sakon bat egingo dutela iragarri zuten, joan den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendari Maribel Bakerok eta Gehituko koordinatzaile Aintzane Muguruzak (Donostia, 1969). Bi erakundeek elkarlanean egingo dute diagnosia, eta urte amaierarako prest edukiko dutela espero du Muguruzak.

Nondik eta zein helbururekin egingo duzue diagnosia?

Oso heterogeneoa da LGTBI kolektiboan sartzen den jendea —berdin du LGTBI+, LGTBIQ edo dena delako siglak gehitzea—, baldintza oso ezberdinetan dagoen jendea da; are gehiago, aniztasun sexu-afektibo edo genero aniztasunaren barruan sartzen diren batzuek euren burua ez dute kokatzen sigla horien barruan. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin aniztasun mota ezberdinei begirada sakonago bat emateko egitasmoaren inguruan bilera izan genuenean, nabarmendu nahi izan genuen ez dela errealitate bakarra, errealitate asko direla. Gipuzkoan ez da inoiz egin errealitate horien inguruko azterlan sakon eta zabal bat, eta beharrezko ikusten dugu guk.

Egoera horien guztien argazki bat ateratzea al da helburua?

Gure hogei urteko ibilbidean asko aldatu da taldea bera, eta, taldea aldatu den bezala, perspektiba orokorra ere bai; hasieran, gizon gay talde bat zen, gero sartu ziren lesbianak, gero transexualak, transgeneroak, etorkinak ere bai… gero eta pluralagoa da. Bestalde, belaunaldi aldaketa bat ere izan da hogei urteotan; oso ezberdinak dira jendearen esperientziak eta bizipenak: zeharo ezberdinak dira 60 urteko gizon gay batek bizi izandakoa eta 20 urteko mutil gay batek duen perspektiba. Garrantzitsua da horiek guztiak jasotzea.

Foku ezberdinak behar dira, beraz, argazkia ateratzeko?

Noski. Gainera, ohartu gara beste begirada bat ere jarri behar diogula; lehen, ez zen ikusten heteropatriarkatuaren kontrako genero borroka bat bezala, baina, kolektiboan beste sentsibilitate batzuk batu diren heinean eta feminismoaren diskurtsoa garatzen joan den heinean, iritsi gara ulertzera borroka bera dela; egoerak ezberdinak izango dira, baina jatorria berbera da. Eta kolektiboaren errealitateari begiratu nahi diogun momentutik, horri ere erreparatu behar diogu.

Nola egingo duzue diagnosia?

Duela hamar urte Bartzelonan egindako diagnostikoaren metodologia berbera erabiliko dugu. Hiru ataleko prozesua da. Batetik, ahalik eta ikuspuntu gehien jasotzeko, galdeketa anonimo bat egingo dugu, online. Jendeak bere bizipenak kontatzea nahi dugu, nola ikusten duen bere burua, diskriminaziorik sentitu duen, zein eskubide urraketa pairatu duen… Online eta anonimotasunean izanik, jendeak askatasunez hitz egingo duela uste dugu, eta horrek aukera emango digu normalean jasotzen ez ditugun testigantzak eta egoerak ezagutzeko.

Bigarren pausoa da informazio garrantzitsua edo esanguratsua eman diezaguketen pertsonak identifikatu eta haiengana zuzenean jotzea: profesionalak, Gehitura iritsi zaizkigun kasu bereziak, adierazgarriak izan daitezkeenak… Online bidezko galdeketan ezin da bermatu hainbat kasu eta egoera agertuko direnik, eta zuzenean egingo dugu. Azkenik, eztabaida taldeak osatuko ditugu. Beraien artean elkartzeko, berdinen arteko solasguneak sortzeko eta hortik ateratzen diren ondorioak jasotzeko.

Noizko egongo da diagnosia?

Urrirako lana amaituta egotea da asmoa, eta urte amaieran-edo aurkeztuko genuke diagnosia. Hortik abiatuta hasiko gara zehazten nolako neurriak garatu behar diren eta zer egin daitekeen.

Esaten duzue Gipuzkoan 50.000 lagun inguruk osatzen dutela LGTBI kolektiboa…

Bueno, estrapolazio bat da hori. Ez dakigu eta ia ezinezkoa da kopuru zehatza jakitea. Esaten da populazioaren %10 dela LGTBI, eta, orduan, 70.000 izango lirateke Gipuzkoan. Baina badaude ikerketa sakonagoak, eta kopuru baxuagoak ateratzen dira horietan. Adibidez, gazteen artean %14 ingurukoa da batez bestekoa, eta, adinekoen artean, %2koa. Halakoei erreparatuta, Gipuzkoan 40.000-50.000 izango direla kalkulatzen dugu guk. Kolektibo zabala da, baina, batez ere, oso plurala. Errealitate guztiak ezagutzea bilatzen dugu ikerketa honekin.

Indarkeria matxistaren arloa ere landuko duzuela esan zenuten prentsaurrekoan.

Indarkeria matxistak bi aldetatik du eragina LGTBI kolektiboan. Batetik, bikote homosexualen barruan ere gertatzen dira kasuak. Rolek pisua izaten jarraitzen dute; sexu bereko bikoteetan, nolabait esateko, gizon-emakume rolak banatzen dira, eta indarkeria kapituluak izaten dira. Bestetik, LGTBI kolektiboak kanpotik datorren indarkeria pairatzen du; hain zuzen ere, ezarritako rol horietatik ateratzen direlako. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, gorroto delituen artean hirugarren lekuan daude aniztasun sexu-afektiboarekin eta genero aniztasunarekin lotutako erasoak. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, 120 inguru izan ziren iaz.

Herri txikietako errealitateari ere egin diozue erreferentzia.

Gure susmoa da herri txikietan zailtasun gehiago daudela, baina diagnosiak esango du hori. Jende asko ezagutzen dugu herritik ateratzen dena bere bizitza sexu-afektiboa aurrera eramateko; agian, bertan biziko dira, baina hirian egiten dute bizimodua. Herri txikietan denek elkar ezagutzen dute, kontrola handiagoa da, gehiago epaitzen da… eta herri handietara jotzen dute askok.

Esan daiteke agerikoa izatetik ezkutukoa izatera igaro dela diskriminazioa?

Bai, askotan ez da izaten eraso zuzen bat, zuzenean ez da ezer esaten, baina, modu sotilagoan, diskriminazioa egon badago. Adibidez, hainbat prozedura administratibotan ez da jasotzen bi ama edo bi aita dituen familia baten aukera, eta hori diskriminazioa da. Agerikoagoak ere izaten dira; duela gutxi gertatu zaigu bat. Ume transexual bati izena aldatzera joan, ume horrek legez eskatzen diren baldintza guztiak bete, eta ezetz esan zioten erregistroan. Gu tartean sartu eta hedabideetara joko genuela esan ostean aldatu zioten azkenean. Baina legez onartuta dagoen zerbait egiteko ume horrek horrela ibili beharra ere… Are gehiago, neska bat da, eta erregistrokoa behin eta berriro mintzatu zitzaion maskulinoan. Horrelako kontuak ohikoak dira oraindik.

Nolako argazkia espero duzue?

Bueno, esango nuke gure gizartean giza eskubideen inguruko jarrera tolerantea dugula; kognitiboki barneratua daukagu jendearen aukera errespetatu behar dugula. Baina gertatzen dena da gero jende guztiak ez duela horren arabera jokatzen; eta horren ondorio dira diskriminazio egoera asko: diskurtsoa barneratua dugu, baina kontzeptua, ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.