Zelofan urdina ipini artean

Danel Agirre

Bere superbotereak erabiltzen dituen bakoitzean, flipatu egiten dut aitarekin. Jatetxe japoniar batean irrigarri laga nahi izan genuen aurrekoan. Sushiarekin estreinaldia zuen, eta mokaduak ehizatzerakoan lantze gorena exekutatzera doan toreatzailea zirudien. Esku bakoitzarekin txotx bana banderillaren moduan eutsi, eta heldu beharrean alboetatik zulatu zituen. Gure txantxa sinplistak kiroltasun osoz onartu, eta kafearen zain geundela, Mega katean prime timean programatzeko moduko ikuskizunarekin txunditu gintuen aitak. Txotxak eta kandelak paratzeko ontzitxoak hartu, eta Anoetako estalki berriaren zertxak (hitz kutuna dut asteotan, sinpatikoa da gero) muntatu zituen mahaian, miniaturan. Lau piezak elkarrekin lotzeko airean gauzatu beharreko operazioak ere simulatu zituen, modu zehatz eta didaktikoan. Bukatu zuenean, zutitu eta bibaka hastea beste erremediorik ez zitzaidan geratu.

Ilarei alergia badie ere, Realeko bazkide egitearekin tentatuta ibili da aita, Jokin Aperribairi irakurritako adierazpen triunfalistak direla eta. Lurraldean gehien saltzen den egunkarian topatu zituen. Bi elkarrizketa eskaini ohi dizkio urtero komunikabide horri Realeko presidenteak. Bat udako fitxaketen bueltan, eta bestea neguan, izan Gabonetan edo izan Espainiako selekzioak jokatzen duelako ligako jardunaldirik ez dagoen astebururen batean.

Konkurrentziari kargu hartzea bekatu mortala da, baina jaus nadin narraskerian: lurraldean gehien saltzen den egunkariko erredaktoreen galderek, nire gusturako, De Pedroren erdiraketa perfektu haien antz handiagoa dute, informazio benetan pisuzkoa eskuratzen saiatzen ari den norbaiten jakin-minarena baino. BERRIArekin berbarik gabe lau urte daramatza Aperribaik. Kluba ataka larrian zebilenean Gipuzkoa euskararekin bat zioen leloarekin kamiseta itsustearen truke aldundiarekin 1,2 milioi euroko tratua itxi zuen agintari berbera da.

Gure moduan, legealdi oso bat ez, baina pare bat urte zeramatzan Noticias de Gipuzkoa-k ere Realeko presidenteari hitzordua eskatzen. Komunikabideen artean egindako bereizkeria nabaria sare sozialetan salatu, eta berarekin eser dadin lortu berri du Mikel Rekalde berripaper horretako kazetariak. De Pedroren erdiraketekin ohituta, Luis Perezenen moduko pase bihurriagoren bat gobernatzen saiatzea tokatu zaio behingoagatik Aperribairi. Anoetako obra publiko erraldoiaren finantzatzaile eta onuradun nagusi moduan, bertan ari diren beharginen lan baldintzei buruz itaundu zuen Rekaldek. Errematea estadiotik kanpora bidali, eta taldekideei, delegatuari eta masajistari bota zion errua presidenteak, aurrelari portugaldar horren moduan: “Guk ez dugu obra esleitu. Udalak Moyua eta Altuna y Uriari enkargatu zion, eta ez dugu batere harremanik langileekin. Udalak obra egiaztatzen du, eta zenbat ordaindu behar dugun esaten digu. Realak protestak erakarri ditu, futbola den modukoa delako”.

Eraikuntzako hitzarmen berria sinatu dute patronalak eta sindikatuek Gipuzkoan. Datorren urtean Anoeta zelofan urdinez (Txindokiko puntatik ere ikusiko den traza guztia du) estaltzea amaitu artean, lan baldintza oinarrizkoenak behingoz betetzeari atea zabaldu zaio horrela. Donostiako Udalaren, Moyua eta Altuna y Uriaren eta Realaren —bai, Aperribai— konplizitatea beharko da, baina ez gaitezen ziniko ipin, batzuetan izaten dira horrelako gertakari bitxiak. Urrutira joan gabe, Luis Perezek hiru gol sartu zizkion behin Logroñesi, lau minutuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.