Zezenen aurrean, hankaz gora

Zezenen aurrean, hankaz gora

Beñat Alberdi

Gipuzkoan, Azpeitia, Tolosa eta Donostia dira jaietan zezenen errealitatea erdigunean jartzen duten hiri nagusiak, baina beste hainbat lekutan ere izaten dira gorabeherak. Arrasate eta Elgeta dira horren adibide nabarmenak. Arrasaten, sanjoanetan, sokamuturraren aurkako protestek presentzia izan zuten zezen plazaren kanpoaldean. Elgetako Udalak, berriz, zezenak ez ditu sartu jaien egitarauan, eta zezenen aldekoek pankarta jarri dute herriko plazan. Protesta artean, berea defendatzen ari da alde bakoitza.

Baina kasu guztiak ezin dira jarri maila berean. Arrasaten, Uluak talde antiespezistak antolatu ditu protestak, sokamuturraren eta entzierroen presentziaren aurka. Ekintza horiek animaliengan daukaten eraginaz informatzea izan dute helburu. “Askotan, informazioa falta izaten du jendeak”, azaldu du Maitane Uribe Uluak-eko kideak. “Askok uste izaten dute animalia horiek ez dutela gehiegikeriarik jasaten”. Iaz sortu zuten taldea, eta, aurten, bigarrenez izan dute presentzia sanjoanetan. Zezenak kendu egin nahi dituzte jaietatik.

Elgetari dagokionez, ez dituzte kendu jaietatik, baina bai aurtengo egitarautik; hots, helburu gisa ez dute izan sokamuturra egitarauan sartzea, eta ez dute jaso horretarako proposamen zehatzik. “Pedagogia lana egin dugu azken urteotan”, nabarmendu du Iraitz Lazkano Elgetako alkateak. Hauteskunde programan animalien sufrimendurik gabeko festak egingo zituztela zin eginda iritsi ziren udalera. Urtez urte, gero eta egun gutxiagotan antolatu dute sokamuturra; beste aukera batzuk eskaini dituzte trukean, eta, jendearen parte hartzea ikusita, zezenen gaia ez dute izan lehentasunen artean. Protesta gisa, pankarta bat jarri dute herritar batzuek: “Sokamuturraren alde, zezenak kalera!”.

Zezen plaza jartzen dute Arrasaten, eta entzierroa egiten dute kaleetan barrena. Nabarmena da zezenak oso ohikoak direla hainbat herritako jaietan, baina Arrasaten baino are ohikoagoa da, adibidez, Azpeitian. Kasu horretan, herriak barneratuta dauka festen parte direla zezenak: “Daukan babesa ikusita, ez dut uste inor ausartuko litzatekeenik kentzera”, azaldu du Javier Beobide Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kideak. Urola Kostako herri horretan zezenketak ere antolatzen dituzte sokamuturraz gain; hau da, hil arte toreatzen dute zezena.

Tradizioaren gaiari tiraka

Hiru errealitate ezberdin dira Arrasate, Elgeta eta Azpeitikoa, baina antzeko gauzak defendatzen edo arbuiatzen dituzte hiru kasuetan. Tradizioa da lehenengoa. “Zezenketena Espainiako kulturarekin lotzen da askotan, baina Nafarroan dauka jatorria”, adierazi du Beobidek. “Euskal kulturan oso sustraituta daukagu jaietan zezenak egotea”. Itsaso Alberdi Uluak-eko kideak ez du zalantzan jarri ohitura hori sustraituta egotea, baina tradizio asko denborarekin aldatu direla nabarmendu du, egungo gizartearekin talka egiten dutelako. Antzeko iritzia dauka Elgetako alkateak: “Niri tradizio zaharrak mantentzea baino gehiago gustatzen zait berriak sortzea. Etengabe aldatzen ari da gizartea”.

Animalien sufrimendua da hiru aldeek azaleratutako bigarren errealitatea. “Jendeak hilketa zuzenarekin lotzen du sufrimendua”, azaldu du Uribek. “Frogatuta dago ia zezenketetan adina sufritzen dutela beste ekintzetan”. Erakusmahaia jarri zuten sanjoanetan, eta eskuorriak ere banatu zituzten. “Jende askok esan digu errealitateaz jabetuta aldatu egin dutela euren iritzia”.

Bestelakoa da Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kidearen iritzia. Sufrimenduaren gaia kasu batzuetan bakarrik aplikatzen dela uste du: “Jende askok dauzka animaliak etxean. Ondo zaintzen al dituzte? Egunero ateratzen al dituzte kalera? Eta kalera aterata ere ez al dute sufritzen?”.

Elgetan, eztabaida ez da mugatu zezenetara. Animalien sufrimendurik gabeko jaiak helburu, muga jarri zieten asto lasterketei ere. Ez zituzten debekatu, baina arautu zuten astoa ezingo zela jo. Pertsona bakarrak eman zuen izena, eta bertan behera utzi zituzten asto lasterketak. “Esaten ziguten jo gabe ezin zela lasterketarik egin”, azaldu du Lazkanok.

Zezenen ordez beste ekintzaren bat antolatu beharko luketen edo ez ere eztabaidatu dute. Izan ere, Elgetan alternatiben arrakastari esker eman zuten pausoa. “Animaliek sufritu gabe gustuko jaiak presta daitezkeela frogatu dugu”, adierazi du alkateak. Beobideri egokia iruditzen zaio ordu berean beste ekintza batzuk antolatzea, baina beste tokiren batean, hori bai. “Errespetu kontua da. Batzuek zezenketak ikusi nahi badituzte, bermatu egin behar zaie”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.