Biktimak, argitara

Biktimak, argitara

Aitziber Arzallus

Ulertzea ezinezkoa bada, jakitea beharrezkoa da”. Primo Levi idazle italiarraren hitzak dira. Eta hitz horiexek ekarri zituen gogora Jabi Buces Aranzadi zientzia elkarteko historialariak joan den astean, Azpeitia 1960-2017. Motibazio politikoz urratu diren giza eskubideak eta beste sufrimendu batzuk, Azpeitian eta azpeitiarrei gertatuak liburua aurkezteko egin zuten agerraldian. Azpeitiko Udalaren ekimenez, 1960tik gaur egunera arte herrian gertatu diren giza eskubideen urraketak ikertu ditu Aranzadi elkarteak, eta liburu batean jaso. Gertatutakoa argitara ateratzeko eta ezagutarazteko tresna da liburua; egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko beste pauso bat.

Argitalpenaren atzean ikerketa lan handia dagoela azaldu du Bucesek, hura osatzeko ardura izan duen ikerlariak. “Hainbat artxibotara jo dugu, argitaratutako liburuetara, auzibideetara, Eusko Jaurlaritzak dituen zerrendetara, Espainiako Gobernuak dituenetara, biktimen elkarteek dituztenetara… Eta biktimekin zuzenean ere hitz egin dugu; hamabost bat biktima elkarrizketatu ditugu. Guztira, lau urteko lanaren emaitza da liburua”. Eta ez dira gutxi 1960az geroztik Azpeitian giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritarrak: 250 eskubide urraketa izan dira, eta, gutxienez, 177 biktima daude herrian. “Inor ez ahaztea izan da gure helburua. Ziur asko, ez ditugu bildu izango izen guztiak, baina ahalegin handia egin dugu ahalik eta gehienak biltzen”.

Liburuan, sei mailatan bereizi dituzte identifikatutako giza eskubideen 250 urraketak: bizitzarako eskubidea urratu diete 11 laguni; osotasun fisikoa, psikikoa eta morala beste 109 pertsonari —tortura salaketak, atentatuak eta enpresaburuen bahiketak daude atal horretan, besteak beste—; hogei pertsonak mehatxu larriak jasan dituzte, eta, horiez gain, 25 pertsonak bizkartzainak eraman behar izan dituzte; zazpi lagunek jasan dute estortsio ekonomikoa; motibo politikoz ondasun materialei egindako atentatuak ere izan dira; eta beste urraketa batzuen artean jaso dute iheslariek eta sakabanaketaren ondorioak jasan dituzten presoek pairatutako sufrimendua. “Ziurrenik, liburu hau gogorra izango da herritar askorentzat. Gogorra da sufrimenduz beteta dagoelako, baina, nire ustez, beharrezkoa da”.

Bucesek azaldu du euren lana ez dela izan kontakizun bat egitea. “Ez da literatura liburu bat; ikerketa txosten bat da, liburu itxurarekin. Giza eskubideen urraketak jasan dituzten guztien izen-abizenak biltzen ditu, dagokion atalean sailkatuta bakoitza. Informazioa da liburuan datorrena, kontakizunik gabe, baina urraketa bakoitza bere testuinguruan kokatuta, eta biktima bakoitza jasan duen eskubide urraketaren arabera sailkatuta. Guk biktimei ez diegu tratamendu berezia ematen agente biktimarioaren arabera, jasan duten eskubide urraketaren arabera baizik. Guretzat oso garrantzitsua da hori”. Bucesen hitzetan, liburua “erreminta bat” da, “behar duenak erabil dezan”.

Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen katedradunaren arabera, liburuak “ahalegin zintzoa” egiten du indarkeria politiko guztien inguruko informazioa emateko. Izan ere, haren arabera, giza eskubideen urraketek indarkeria politikoa dute oinarrian. “Indarkeria kasuen aurrean bakoitzak bereari begiratzeko joera izan du, baina berdintasun printzipioa aplikatu beharra dago. Urraketa guztiak berdin tratatu behar dira, seriotasunez”.

Aitortu, gainditzeko

Paco Etxeberria EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakasleari “txalogarria” iruditzen zaio memoria historikoa berreskuratzeko Azpeitiko Udala egiten ari den ahalegina. “Biktimen beldurrik handiena da ahanzturara igaroko direla eta ez dietela aitorpen ekitaldirik egingo. Eta gauzak aitortzen ez badira, ez dira gainditzen. Testuinguru horretan kokatzen da liburu hau. Askotan, badirudi erakundeek ez dutela memoriarik, memoria pertsonek soilik dutela, eta sekulakoa iruditzen zait Azpeitiko Udalak horrelako lan bat egitea”.

Oraingo hau ez da Azpeitiko Udalak memoria historikoa lantzeko egin duen lehen saiakera. 36ko gerratik hasi eta errepresio frankista bukatu artean Azpeitian izan ziren biktimen izenak eta haien testigantzak bildu eta bi liburukitan argitaratu zituen 2016ko martxoan, ordukoan ere Aranzadi elkartearekin elkarlanean —bata, Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian; eta bestea, Memoriaren izenak—. Bucesek berak gidatu zuen ikerketa lan hura ere, eta bera arduratu zen liburua idazteaz ere.

Iragan astean aurkeztutakoak, baina, beste lanketa bat egitea eskatu die, besteak beste, denbora tarte zabalagoa aztertu behar izan dutelako. Argituz elkarteak egin ditu gisa bereko lanak Gipuzkoako beste zenbait herritan: Errenterian, Lasarte-Orian eta Elgoibarren, hain zuzen. Baina, Bucesen hitzetan, lehendabizikoa izan da Aranzadi elkartearentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.