Musika, lagun taldearen arima

Musika, lagun taldearen arima

Josu Artutxa

Amarotz auzoan hasi zen guztia, duela 33 bat urte. Jose Karrerak, bere kuadrillako lagunekin batera, musikan topatu zuen biltzeko giltza. Txistua jotzen hasi ziren hasieran, bonbardino baten laguntzarekin; saxofoia gehitu zuten gero; soinua atzetik… eta horrela sortu zuten txaranga. Hastapen haietaz ederki asko oroitzen dira Xabier Zelaia Txirrita (Tolosa, 1957) eta Ramon Zubeldia (Zizurkil, 1957). “Auzoetako festetan jotzeko bildu ginen gehienbat”, diote biek. Baina festarako guneak areagotu egin ziren denbora pasatu ahala, eta Kilometroak festan, Herri Urratsen eta Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko festan ere jo izan dute gerora.

Tolosak eta txarangek betidanik izan duten lotura estu hori mantentzen dute Konponezinak kuadrillako kideek, bertakoak baitira txaranga osatzen duten 40 kideetatik ia denak. Hogei bat aritzen dira instrumentuekin, eta giroa alaitzen laguntzen diete gainerakoek —bikotekideak dira gehienak—. Karrerak asmatu zuen izena bera. “Zein kanta jo eztabaidan ibiltzen ginelako beti”, azaldu du Zubeldiak.

Txirrita izaten da entseguak gauzatu ahal izateko txarangak beharrezkoa duen zuzendaria; partiturak lortzen eta moldaketak egiten saiatzen da. “Taldekideok sekulako maila izan gabe ere, hainbestean moldatzen gara, gauzak ondo egiteko gogoa izaten dugulako”, esan du. “Gogor samarra eta engainatzeko zaila”, Zubeldiak horrela definitu du Txirrita. “Gauza berriren bat ikasten dugu entsegu bakoitzean, eta eskertzekoa da hori”.

Zenbait ezaugarriri esker, berezia da Konponezinak txaranga. Adibidez, oso merkeak dira kontratatzeko. “Ez dugu batere kobratzen, eta bazkarietan eta edarietan joaten zaigu aurrekontua”. Jokaera hori ulergaitza zitzaiela esan zieten txaranga askotako arduradunek, haiei aukera kentzen zietelakoan. “Diru kontuak alde batera utzita, ordea, ondo pasatuz giro ona sortzea da gure helburua”. Kontratazioekin lotuta, danborradetan jotzeko deitu izan dietela azaldu du Txirritak, baina ezetz esan izan dutela, “maila ona” eman behar delako. “Hori bai, aurten, esaterako, Amarozko danborradan jo dugu, laguntzera etorri ziren gazte batzuekin batera”.

Baina, diruaz gain, zer eskatzen du txaranga batek? Denbora. Eta apartekoak dira horretan ere. “Ez daukagu ordutegi finkorik; berdin dio noiz hasi eta noiz bukatzen dugun. Ordu gehigarriak ere ez ditugu kobratzen”, azaldu du Zubeldiak.

Izena, berez, kuadrillari jarri zioten, eta ez txarangari. Erabaki horrek badauka arrazoia atzean. Harrera ona izaten dute herrian, badakitelako txaranga berezia dela. “Kuadrilla egunean, adibidez, jendeak inbidia sentitzen duela ohartzen gara, gu soilik joaten garelako instrumentuekin”. Euren kasa ibiltzen dira gainerakoan, eta, deitzen ez badiete ere, euren kontu joaten dira festa batzuetara. Duela hamar urte baino gehiago, horrela hasi ziren Iruñera joaten. Ordutik, bereziak izaten dituzte sanferminak. Auzoan autobus bat osatzeko erronka botata hasi ziren hara joaten, instrumenturen bat jotzen zekienari lehentasuna emanda. “Ohiturari eutsita, sanferminetako lehen larunbatean joan izan gara beti Iruñera, baina azken asteburuari itxaron diogu aurten”. Bihar, beraz, musikaz alaituko dituzte Iruñeko kaleak.

60 urtetik gorakoak

Taldearen berezitasunaz jabetzeko, ezinbestekoa da adinari eta parekidetasunari ere erreparatzea. “60 urte ditu gazteenak, eta erretiroa hartutakoak dira ia denak”. Horrez gain, beste askotan ez bezala, emakumezkoek ere badute tokia Konponezinak txarangan, nahiz eta instrumentuak jotzen ez, atzetik kalejiran joaten diren gehienak.

Tolosako festetan eta sanferminetan aritzeaz gain, urtero Irunberriko Azpea upategira irteera egiten dute txarangako kideek, eta Tolosa Kantari ekimenean ere parte hartzen dute, abenduko azken larunbatean. Bitxikerien zakua ondo beteta daukate dagoeneko, eta kontatzeko modukoa izan zuten Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko azken festan, Amasan. “Bi abestitan gurekin jo zuen bonboa Karlos Argiñano sukaldariak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.