Nerea Aizpurua: “Irakurketa errazaren onurak irakurtzetik harago joaten dira”

Eider Goenaga Lizaso

Nerea Aizpurua (Donostia, 1981) Euskadi Irakurketa Erraza taldea osatzen duten hiru kideetako bat da. 2013tik ari dira irakurketa eta ulermen zailtasunak dituztenentzako egokitutako liburuak argitaratzen, eta, oraintxe, klasiko unibertsalen Kalafate bildumako lehen titulua kaleratu dute: Rudyard Kipling-en Kapitain ausartak. Euskarazko liburu gutxi daude formatu horretan, eta bildumarekin titulu gehiago euskaratzea dute helburu.

Zein lan egiten duzue Euskadi Irakurketa Erraza taldean?

Gure lanak bi ildo ditu. Batetik, informazioa egokitzen dugu, denontzat irisgarria izan dadin; testu juridikoak, udaletako testuak, eskutitzak… Bestetik, literatur lanak argitaratzen ditugu formatu horretan. Estatuan Katalunian jarri zuten martxan lehenengoz proiektu hau, 2002an. Haiek dira gure irakasle eta gure erreferentziazko elkartea.

Noiztik ari zarete lanean?

Blanca Matak jarri zuen proiektu hau martxan, 2013an, Bilbon. Gure errealitatea elebiduna denez, euskaraz ere formatu horretako liburuak behar zirela pentsatu zuen Blancak, eta hasieran bakarrik hasi zen. 2015ean, Donostian, beste bi kide batu ginen taldera. Tabakaleran aritzen gara.

Hainbat lan kaleratu duzue jada…

Bai; hasieran, Gaumin argitaletxearekin hasi zen Blanca lanean. Fernando Morillo idazlearena da argitaletxea, eta hark interesa agertu zuen. 2014an, Fernandok berak formatu honetan idatzitako Santiago Bidearen misterioa liburua argitaratu genuen, eta Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean. 2014an, lau titulu atera ziren kolpean, eta, orain, zortzi-bederatzi izango dira. Izan ere, krisiaren eraginez, Gauminetik esan ziguten ezin zutela gehiago argitaratu, ez formatu honetan eta ez formatu arruntean ere.

Baina beste titulu bat atera duzue orain.

Egoera zailean gelditu ginen; 2016tik euskarazko irakurketa errazeko klubak hazten ari dira, eta liburu gehiago eskatzen dizkigute. Baina liburu bat argitaratzea garestia da, eta ez genuen argitaletxerik topatzen. Buruari bueltaka, gaztelerazko Kalafate bildumari erreparatu genion. Klasiko unibertsalen irakurketa errazeko bilduma bat da, Kataluniako Almadraba argitaletxearena: 30 bat titulu dituzte jada. Gure gaztelerazko irakurketa klubetan, liburu horiek sekulako arrakasta dute.

Zergatik halako arrakasta?

Erreferente kulturalak dira, eta irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat sekulako poza izaten da horiek irakurri ahal izatea. Denok konpartitzen ditugun pertsonaiak eta erreferenteak dira: Romeo eta Julieta, Tom Sawyer, Robinson Crusoe…

Oraintxe aurkeztu duzue bildumako lehen liburua: Kapitain ausartak. Zergatik liburu hori?

Titulu baten eskubideak erosteko asmoz jarri ginen kontaktuan Almadrabakoekin, eta haiek eskaini ziguten bilduma osoaren esklusibotasuna sinatzea. Orain, esklusibotasuna dugu, eta, diru laguntzak lortzen ditugun neurrian, titulu gehiago erosiko ditugu. Ea denak argitaratzen ditugun. Nahiko zaila izan zen titulu bat aukeratzea, baina hau aukeratu genuen euskal kulturak eta euskal gizarteak arrantzarekin eta itsasoarekin duen loturagatik. Beste bi titulu ere erosi ditugu; espero dut laster kaleratu ahal izatea.

Diru laguntzarik gabe, ezin duzue argitaratu?

Hasieran, diru laguntza gabe abiatu ginen, baina, proiektua aurkeztu genienean, Bilboko Azkuna zentroak eta Donostiako Koldo Mitxelenak laguntza eskaini ziguten. Horri esker, lortu dugu hiru liburu hauek argitaratzea. Itzulpena, maketazioa eta banaketa guk egiten ditugu; inprentarena da guk egin ezin dugun lan bakarra; Leitzaran Grafikak inprimategiak egiten du.

Non eta noiz sortu zen irakurketa erraza egitasmoa?

1967an Suedian sortu zen mugimendu bat da. Downen sindromea zutenekin lan egiten zuten, eta haien irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunari konponbide bat nola eman pentsatu zuten. Testuaren ezaugarri batzuk aldatzen eta egokitzen hasi ziren, eta konturatu ziren ulermena eta irakurgarritasuna izugarri hobetzen zela. Hala, beste talde eta kolektibo askorentzat baliagarria den formatu bat sortu zuten.

Zein dira kolektibo horiek?

Gure kalkulua da populazioaren %30ak dituela irakurtzeko eta ulertzeko arazoak: beste hizkuntza bat duten etorkinak, afasia duten pertsonak, autismoa dutenak, edozein aniztasun funtzional dutenak, buru osasuneko arazoak dituzten batzuk ere bai, dislexia dutenak, adinarekin gaitasun hori galdu duen jendea ere bada, eta baita alfabetatu gabeak edo berandu alfabetatutakoak ere. Euskaraz, adibidez, hainbat belaunaldi daude euskaraz irakurtzeko gai ez direnak. Beraz, jende askorentzat da mesedegarri formatu hau. Gainera, irakurle taldeetan argi ikusten da irakurketa errazaren onurak irakurtzetik harago joaten direla.

Zein motatako irakurketa taldeak dira?

Batzuk liburutegietan egiten dira, beste batzuk erakundeek antolatzen dituzte: Gautena, Atzegi, Why Not eta Goyeneche fundazioak, Osakidetzako osasun mentaleko sarea, Dislegi, Aita Menniko zentroak… gurekin aritzen dira elkarlanean.

Kasu honetan, egokituta zegoen liburu bat euskaratu duzue. Errazagoa da?

Bai, liburu bat irakurketa errazeko formatura egokitzea oso prozesu luzea eta zaila da, eta are gehiago klasiko bat egokitu behar baduzu. Itzultzea errazagoa da.

Zein dira irakurketa errazeko testu baten ezaugarriak?

Ez da berdina informazioa egokitzea, edo literatura egokitzea. Eleberri batean maila pixka bat zailagoa da; literatura izaten jarraitu behar du. Baina gramatikalki egitura sinpleak erabiltzen dira; esaldi motzak egin, menpeko esaldiak erabili gabe… Hitz jasoak erabil daitezke; baina, halakoetan, saiatzen gara testuinguruarekin azaltzen, eta, bestela, aldamenean, laukitxo batean definizio bat edo adibide bat jartzen da, hitz horren adiera ulertzeko. Beste ezaugarri bat da ordena kronologikoa errespetatzea, eta askotan aldatu egiten dugu eleberriaren ordena, ulergarritasunaren mesedetan. Adibidez, flashback-ak eta hiru pertsonaia tartekatuz kontatutako istorio batek asko zailtzen dute ulergarritasuna.

Irakurketa errazeko testuek poesia itxura dute.

Lehen begiratuan jende askok pentsatzen du poesia dela. Lerroak motzagoak dira. Irakurtzen dugunean, geldialdiak egiten ditugu arnasa hartzeko, eta irakurketa errazean saiatzen gara geldialdi horietan lerroa aldatzen, betiere unitate sintaktikoa errespetatuz. Frogatuta dago lerro mozketa horrek izugarri hobetzen duela irakurgarritasuna. Irakurketa errazeko testuak egokitzen hasten zarenean, hori da ikasteko zailena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>