Neurrira egindako erakusketa

Neurrira egindako erakusketa

Kerman Garralda Zubimendi

Nola neurtu 750 urteko historiaren pisua? Ez da batere lan erraza, baina, Pisuak eta neurriak erakusketan bildutako neurgailuekin, pixka bat hurbildu daiteke. Izan ere, antzina Ordiziako azokan erabilitako neurgailuak ikusgai jarri dituzte D’Elikatuz interpretazio zentroan. 200 urte inguru dituzte batzuek, eta oraindik erabiltzen dira beste batzuk. Luzera, bolumena, pisua eta gainazal neurriak neurtzeko tresnak bildu dituzte antolatzaileek. Urriaren 14ra arte egongo da zabalik erakusketa.

“Azoka etortzen zaigu burura Ordiziaz hitz egitean, eta azokan funtsezkoak dira neurriak eta pisuak. Oinarri horretatik abiatu dugu erakusketa”, azaldu du Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak. “Gizarteak eta azokak izandako aldaketak jaso ditugu erakusketan”.

Gema Lopez D’Elikatuz interpretazio zentroko arduradunak azaldu duenez, bost ataletan banatu dute erakusketa. “Lau neurri mota banatu ditugu: luzera, bolumena, gainazal neurriak eta pisua. Horiez gain, bosgarren txokoa antolatu dugu: atsotitzena”. Lopezek azaldu duenez, neurriekin eta pisuekin zerikusia zeukaten atsotitz asko topatu zituzten erakusketa osatzen ari zirenean. “Herri askotan aurkitu genituen, neurri askori buruzkoak eta oso bitxiak”. Besteak beste, ikusgai daude oihalen luzera zehazteko kanak, edariak gordetzeko upelak, baskulak edo hainbat neurritako anegak. “Zaharragoren bat bada, baina XIX. eta XX. mende artekoak dira gehienak”, dio Lopezek. “Zaila da zehatzmehatz data bat esatea. Erakusketako pieza asko betidanik ezagutu izan dituzte baserrietan, eta, askotan, ez dute ziur jakiten noizkoak diren”.

Goierriko baserrietakoak dira neurgailu asko. “Etxe askotan oraindik ere erabiltzen dira tresna batzuk”. Gipuzkoako Gordailuak eta San Telmo museoak utzitakoak dira gainerako neurgailuak. “Erakusketa osatzeko adina tresna bilduko ote genuen kezka izan genuen hasieran. Baina oso eskuzabal jokatu dute guztiek, eta eskertzekoa da. Etnografia aldetik, neurgailu ugari dago bilduta, guztiak behar bezala dokumentatuta, gainera. Gehiago ekar genitzake, baina ezinezkoa izan da, tokiagatik”, gaineratu du Lopezek.

Udan, goizez eta arratsaldez egoten da zabalik D’elikatuz interpretazio zentroa. “Eta, opor garaian, herritarrak errazago etorriko dira bertara. Baita kanpoan bizi diren eta uda pasatzera herrira etortzen diren ordiziarrak eta turistak ere”. Udan herrian mugimendua izaten dela gaineratu du teknikariak. “Eta hori baliatu nahi izan dugu gure historia erakusteko. Normalean baino pixka bat gehiago luzatu dugu erakusketa, lehen klase egunekin bat egin eta ikasleak ere etor daitezen”.

Azoka, herriaren ardatz

Sute baten ondorioz, Ordizia erabat suntsitu zen 1512an. Hiria berreraikitzeko asmoz, Gaztelako Joana erreginak, asteazkenero, zergarik gabeko merkatua egiteko errege baimena eman zion herriari. Azokak berebiziko garrantzia izan du herriaren bilakaeran. “Urteurrenaren harira egindako bileretan, askotan irteten zen azokaren kontua. Horrekin lotura zeukan zerbait prestatu nahi genuen, eta Belen Maiza zinegotziak proposatu zuen garai bateko neurri eta pisuen inguruko erakusketa egitea. Ideia horri tiraka osatu dugu Pisuak eta neurriak erakusketa”, argitu du Lopezek.

Azken bost mendeetan asko aurreratu dira gauzak neurtzeko teknikak eta gailuak. Are gehiago, erabat aldatu dira neurtzeko sistemak. Behaketan eta esperientzian oinarritutakoak izaten ziren hasieran, baina, zehaztasun handiagoa behar zenez, teknikak garatu eta neurgailu berriak sortu zituzten. Tokian-tokian euren kabuz egin zituzten aurrerapenak, eta, ondorioz, herrialde bakoitzean aldatu egin ziren produktu beraren balioak. Erosleen eta saltzaileen onurarako, 1875ean mundu osoan sistema bakarra erabiltzea proposatu zuten agintariek Parisko Tratatuan. Bertan hasi ziren erabiltzen gaur egungo sistema hamartarrak, nahiz eta oraindik ez diren erabiltzen zenbait lekutan; herrialde anglosaxoietan, esaterako.

Garapen horren guztiaren eraginez, urteotan aldaketa asko izan da azokan. Alboratu egin dituzte kanak, anegak, buru gainean ura garraiatzeko perratak… eta neurgailu digitalak agertu dira. Zehatzagoak eta fidagarriagoak. Zaila da asmatzea etorkizunean nolakoak izango diren neurgailuak, baina aldaketa handiak iragar daitezke Pisuak eta neurriak erakusketan ikus daitekeen bilakaera aintzat hartuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.