San Fermin giroa Iruñetik kanpo ere

San Fermin giroa Iruñetik kanpo ere

Xabier Regil Agirre

Nahikoa da Donostiako autobus geltokian minutu gutxi batzuk igarotzea, aste berezi bat dela antzemateko. Edozein aldetara begiratuta ere, zuriz jantzitako edota lepoa zapi gorri batez estalitako norbait ageri da. Adin guztietako jendea dabil bertan, festarako prest diren gazteak zein egun-pasa doazen erretiratuak. Ez da zaila norbait Iruñetik datorren edota Iruñera doan antzematea; nahikoa da arropei edo aurpegiei erreparatzea. Autobusak une oro dabiltza sartu eta atera; horietako askok Iruñea dute abiapuntu edo helmuga. Atzerritar ugari dira tartean, horiek ere goitik behera zuriz jantzita. Batzuk maleta eta motxila handiekin dabiltza autobus geltokian bueltaka.

Horietako bat da Matt. Australiarra da, eta neska-laguna eta biak dabiltza bidaian. “Iruñean hiru egun pasatu ondoren, orain etorri gara Donostiara, gau baterako. Behin Australiatik honaino etorrita, Iruñe inguruko hiriak bisitatzeko aprobetxatu nahi dugu denbora”, azaldu du Mattek. Haien bidaia ez da Donostian amaituko, bueltako lehen hegaldia hartu aurretik Bilbo bisitatzeko asmoa baitute.

Baina turista guztien kasua ez da hori; beste turista askok, sanferminez Iruñean gozatu arren, nahiago dute lo beste leku batean egin. Hori da Jimen kasua, entzierroan parte hartzetik datorren estatubatuarrarena: “Familia osoak etxe bat alokatu dugu Donostian. Iruñera, ordea, neu bakarrik joan naiz gaurkoan. Donostian gelditu da familia”. Sanferminetara etortzea bere ideia izan dela aitortu du: “Betidanik parte hartu nahi izan dut entzierroan, eta, azkenean, lortu dut helburu hori betetzea. Hasieran, lotarako lekua Iruñean bertan bilatzea pentsatu genuen, baina, haur txikiak izanda, lotarako leku lasaiago bat aukeratu genuen azkenean”. Ez da Donostian lo egin eta entzierroa bertatik bertara bizitzeko Iruñera joan den bakarra, australiar batzuekin joan baita Nafarroako hiriburura, autoz. “Entzierroan parte hartzeko, 06:30 aldera Iruñean egotea komeni da, baina garai horretarako ez dago tren edo autobusik, eta autoz joan behar izan dugu. Nire ustez, entzierrora joateko autobus bat jarriko balute, jende gehiago animatuko litzateke. Ziur nago autobusa bete egingo litzatekeela”. Sanferminak amaitu ostean, Jimek beste leku batzuk bisitatu nahi ditu familiarekin AEBetara itzuli aurretik.

Asko dira, Matt eta Jim bezala, inguru hauen berri sanferminei esker izan dutenak, eta, jai famatu horien aitzakian etorri ondoren, Euskal Herrian barrena bidaiatuko dutenak etxera itzultzeko garaia iristen zaien arte. Aurten ere, Donostiako tren eta autobus geltokiak zuri-gorriz janztea lortu dute sanferminek. Beste behin, garbi gelditu da festa horiek zer-nolako indarra duten kilometro askora bizi diren pertsonei ez ezik, inguruko lekuei ere eragiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.