“Gauza bat da argazkiak ateratzea eta beste bat argazkilaria izatea”

“Gauza bat da argazkiak ateratzea eta beste bat argazkilaria izatea”

Unai Zubeldia

Gozogileak eduki dezakeen gaitzik larrienetakoa dauka Ramon Serrasek (Zarautz, 1943): diabetikoa da. “Berandu jakinarazi zidaten, behintzat, eta gozo-gozo bizi izandakoa naiz”, aitortu du. Aitaren afizioari segika hasi zen argazkiak ateratzen, eta 100.000 argazkitik gora dauzka ordenagailuan. Nazioarteko sari asko irabazitakoa da. “Ehundik gora”, zehaztu du. Baina barru-barrura iritsi zaio azkena: Zarauzko Udalak uztailaren 31n, 75 urte beteko dituen egunean, emango dion Kultur Merezimenduaren Domina.

Gozogile argazkilaria; argazkilari gozogilea… Nola egiten duzu, normalean, zeure buruaren aurkezpena?

Zarauzko gozogile familia bateko hirugarren belaunaldiko semea naiz ni. Kataluniarra zen nire aitona, eta zarauztar batekin ezkondu zen. Euskaldunak dauzkat abizenen erdiak, eta katalanak beste erdiak. Familiak Zarautzen jarri zuen gozo denda, 1908an; gozogilea izan nuen aita, osaba ere bai… Argazkilaritza munduan, berriz, aitaren afizioari segika sartu nintzen. Argazki kamera bat zeukan aitak, eta 13 urte betetzerako Zarauzko apaiz batek erakutsi zion errebelatzen. Gure etxean betidanik egon izan da argazki kamera bat, eta ni ere oso umetan hasi nintzen argazkiak ateratzen. Gogoan daukat aitonak ere argazki zale amorratuak zirela, eta dirua ematen zigutela familiako kideren bat argazkiren batean agertzen bazen, erosteko.

Betidanik eduki izan dut lotura argazkigintzarekin, baina margotzen hasi nintzen aurrena. Emazteak pailazo bat nahi zuen umeen gelan, eta, pinturak ekarriz gero, koadroa nik neuk egingo nuela esan nion, erosi beharrik gabe; berehala ekarri zizkidan pinturak eta pintzelak. Zeanurikoa da emaztea; askotan joaten ginen familiaren baserrira, eta pintaketan aritzen nintzen han ere.

Azken 25 urteotan gutxitan huts egin duzu: esnatu, gosaldu eta Zarauzko Photomuseumera zuzenean, ezta?

Hala da, bai. Kasualitatez, gaur 25 urte inauguratu genuen museoa [astelehenean egindakoa da elkarrizketa]. Leopoldo Zugaza eta biok elkartu ginen proiektuan, eta Manuela etxeko hirugarren solairua eskaini zigun udalak. Bizkaiko Aurrezki Kutxako kultura arloko arduraduna zen orduan, argazkilaritzaren oso aldekoa. Dagerrotipoa, anbrotipoa, argazki zaharrak… Ordurako denetik erosten hasita nengoen ni. Zarauzko liburu bat egin nuen lehenengo: Zarautz 1866-1936. Argazki zaharrak erosita, Kutxarekin kaleratu nuen liburua. Garai bateko Zarautzen testigantza ona dela uste dut. Niretzat argazkigintza ez zen kamerarekin argazkiak ateratzea bakarrik, garrantzitsua zen argazkien atzeko historia ere, eta bide horretan jarraitu nuen lanean. Bildumagilea zen Leopoldo ere, eta museo bat zergatik ez genuen sortuko galdetu zidan. Ezetz esango nion beste edonori, baina banekien Leopoldo gai zela museoa aurrera ateratzeko.

Pausoa emanda, 25 urte bete ditu, jada, museoak. Espero zenuen bidea egin al du?

Niretzat oso garrantzitsua da museo hau. Espainiako Estatuko argazkigintzako bakarra da; horrek izena ematen dio Zarautzi.

Pentsatzekoa da museo itxura izango duela zure etxeak ere…

Kamera, argazki eta istorio asko daude gordeta etxean, bai. Propagandako kamerak-eta kontuan hartuta, 160 bat badauzkadala uste dut. Postal itxurako txartelen bilduma ere egin nuen gero, 1900. urtetik aurrerakoena, eta hiruzpalau album badauzkat. Artxibo handia daukat etxean; 100.000 argazki baino gehiago edukiko ditut ordenagailuan sartuta.

Leku berezian jarri zenuten Photomuseuma, zure eskola izan zeneko eraikinean.

Familia baten jauregia izan zen hau; seme-alabarik ez zeukaten, eta zaintzen zituzten senar-emazteei utzi zieten. Saint-Severko mojei alokatu zieten lehenengo, eta La Salleko apaizei gero. 7 urterekin etorri nintzen eskolara, eta 14-15 urte arte aritu nintzen. Beheko solairuan gaztetxea eta euskaltegia ere izan ditu. Udalari museoa sortu nahi genuela esan genionean, hirugarren eta laugarren solairuak eman zizkiguten, eta eraikin guztia museo bihurtzea onartu zuen gero udalbatzak.

Oso gutxik lortzen dutena lortu duzu zuk: politikari guztiak ados jartzea eta Zarauzko Kultur Merezimenduko Domina jasotzea.

Niretzat oso hunkigarria izan da erabakia aho batez hartu dutela jakitea; ohorea da, eskertzekoa.

Uztailaren 31n jasoko duzu saria, 75 urte beteko dituzun egunean. Askotan begiratzen al diozu nortasun agiriari?

Ez. Gorputzak lan gehiago ematen dit nortasun agiriak baino. Bihotzeko ebakuntza eginda nago, aldakan protesia daukat, eta belauneko minez nabil orain; gaizki moldatzen naiz mendira joan eta argazkiak ateratzeko. Gure gaitza ez zela artritisa esaten zuen Basarrik, zahartrosia baizik. Burua ondo daukat, baina hankak falta zaizkit nahi dudan guztia egiteko. Garai batean, hiru kamera hartuta joaten nintzen Gorbeia eta Urkiola ingurura; Hasselblad panoramikarekin, Nikon batekin eta Polaroidarekin.

Bidea eginez, Argazkizale Elkartea ere sortu zenuten 1979an.

Hainbatek nire antzeko afizioa zeukatela ikusten nuen, baina biltzeko lekurik ez geneukala. Urte haietan dezenteko harremana neukan Imanol Muruarekin-eta, eta lokalen bat utziko ote ziguten galdetu nien; Sanz Enekoa eman ziguten hasieran. Ni neu izan nintzen lehenengo presidentea.

Noiz esan zenion zeure buruari: “Nik argazkilari izan nahi dut”.

Argazkiei begira geundela, Pasaian bigarren eskuko kamera bat saltzen zutela ikusi genuen egunkarian; prezioa galdetu, eta erostera joan ginen. Handik urtebetera-edo hasi ginen argazkiak koloretan errebelatzen eta erakusketak prestatzen. Hirugarren urterako erakusketa ireki nuen Sanz Enean, Donostian ere bai gero, eta, ordutik, munduan barrena ibili izan naiz argazkiak ateratzen. Venezia, Praga, Budapest, Viena… Gure kasa joaten ginen leku guztietara; autoan, hegazkinean… Ahal genuen moduan.

Ondo moldatzen al zineten batera eta bestera mugitzeko?

Motxila handi bat hartuta ibiltzen ginen beti, eta ez zait ahaztuko behin emazteari eta bioi Pragan gertatu zitzaiguna: argazki kamera zahar bat ikusi eta dendara sartu ginen, erosteko asmoz; Kodaken 75. urteurrena zela uste dut. Galdetzen hasi, turista itxura ikusi, eta segurtasuneko arduraduna etorri zen gure ondora. Hura ikusita, motxila ireki nuen nik, eta Hasselblada jarri nien mahai gainean, kilo bateko makina zaharra. Zer edo zer bagenekiela ikusita, buelta erdia eman, eta joan egin zen segurtasunekoa. Azkenean, erosi genuen kamera.

Ia oharkabean hasi arren, hainbat sari irabazitakoa zara.

Bai… Badago Argazkilaritza Artearen Nazioarteko Federazioa izeneko elkarte bat, eta urte guztian lehiaketa asko antolatzen ditu mundu guztian. Hiru titulu ematen ditu: Nazioarteko Federazioko artista, batetik; argazkigintzaren bikaintasuna, bigarrenik; eta nazioarteko maisua, hirugarrenik. Hirurak dauzkat nik. Nazioarteko epaile izateko aukera dago izendapen horiekin, eta leku askotara joan izan gara emaztea eta biok.

Gozogile langintzari helduta, 44 bat urte egin zenituen jardun horretan…

44… ofizialki. Umetatik aritu nintzen ni gozo dendan. Banaketan aritu nintzen urte askoan, eta urteren batean elkarrekin ibili ginen Xabier Txurruka egungo alkatearen aita eta biok. Gure gozo dendara etorri zen lanera.

Zein sekretu zeukan krokodilo itxurako mazapan hark?

Ez zeukan sekreturik. Nire amonaren kapritxoa izan zen. Eguberrietarako, gauza bereziren bat nahi zuen erakusleihorako, Kataluniako monen itxurako zerbait. Arrain handi bat egin zuten hasieran, ezkatekin eta bizpahiru nomorekin, baina ez zitzaion gustatu. Krokodiloa egin zuten hurrengoan, eta hura bai, hura gustatu zitzaion. Denda itxi aurretik, nik egin nuen azkeneko krokodilo mazapana, dendak 75 urte bete zituenean. Banaka-banaka, ia 50 larrosa jartzen nizkion krokodiloari, eta azukre hautsarekin apaintzen nuen gero.

Urteotan pazientzia pixka bat edukiko zuen Celina Gorostizagoitia zure emazteak, ezta?

Lanerako bikote ona osatzen dugu. Celina modelo zela prestatu nuen lehen erakusketa serioa, eta nazioarteko sariak ere lortu genituen argazki horiekin. Aldizkariak irakurri, ideiak hartu, eta askotan joaten ginen Zumaia aldera; Itzurunera eta Sakonetara. Han zebilen sorgin baten gisakoa zen Celina, eta arropak ere diseinatzen genituen, telak erosita. Gogoan daukat behin Itzurunen, Celina arrroka baten gainean zegoela, olatu handi bat etorri eta nola bota zuen.

Nondik lortzen da inspirazioa?

Buruari bueltaka. Argazkiak ikusita, aztertuta… Nik argi ikusten nuen zein argazki saritzen zituzten nazioartean, eta nire ideiak lantzen nituen argazki haiekin.

Gogoan al duzu emazteak eta biok ateratako lehen argazkia?

Zarautzen izan zen. Kanalera eraman nuen, hondartzara, bizikletan; soineko gorri batekin eta pamelarekin atera nion argazkia. Arroka baten gainean ere atera genuen gero. Etxean daukagu argazki hori.

Eta zein izan da atera duzuen azken argazkia?

Bilobekin edo semeekin argazki gehiago ateratzen ditugu orain. Euskal Jai eguneko argazki muntatze bat daukagu etxean. Alde batean emaztea ageri da bi semeekin, bestean ni bi semeekin, eta erdian emaztea eta biok.

Digitalizazioak zein ekarpen egin dio argazkigintzari?

Erraztu egin du dena. Lehen, 36 argazkikoa izaten zen karrete bakoitza, eta errebelatu arte ez genuen jakiten argazki bakoitza nolakoa zen. Errebelatuta gaizki bazegoen, ez zeukan erremediorik. Orain, berriz, momentuan bertan ikusten da argazkia nolakoa den; abantaila handia da hori.

Argazkiak manipulatzeko programa asko iritsi da digitalizazioarekin batera. Horien aldekoa al zara?

Jolas gisako fisika deitzen diegu guk Photoshopi eta horrelako programei. Gauza bat da programa horiek zentzuz erabiltzea, eta beste bat zentzugabekeriak egitea. Lehen, hasieratik ematen genien zentzua argazkiei. Sentimenduren bat sortu behar izaten du argazkiak, eta, hain zuzen ere, horixe da lor daitekeen gauzarik politena: norberak bilatu duen argazkiarekin beste bati barrua mugitzea.

Gaur egun edonor izan al daiteke argazkilari?

Ezetz uste dut. Zarauzko pertsonaien liburua kaleratu nuenean neurekiko pentsatu nuen eskulturgileek, adibidez, erakusketaren bat antolatuta eduki beharko luketela artistatzat hartzeko; desafio hori gaindituta eduki beharko luketela. Eta gauza bera eskatzen diet argazkilariei ere, erakusketaren bat eginda edo libururen bat kaleratuta edukitzea. Gauza bat da argazkiak ateratzea eta beste bat argazkilaria izatea. Aztertu egin behar da argazki bakoitzaren atzean dagoena.

Zer behar du argazki on batek?

Lehenik eta behin, argi ona. Eta baita konposizio egokia eta indar berezia ere; eta, ahal dela, izan dadila beste inork atera gabea.

Argazkiz argazki, Zarautz asko aldatu al da azken urteotan?

Gozotegiko mandatuak egiten ibiltzen nintzen mutiko garaian, eta aldatuta dago dena, bai. Zarautz hotelak hor segitzen du, baina Gran Hotel, Hotel Navarro, Eguzki, Nautico, La Perla… Hotel gisa desagertuta daude gehienak. Baita txaletak ere; Fabiolarena, Fernanda, Santillana… Askoz jende gehiago etortzen da orain herrira; beste bizimodu bat da. Alde batetik, komertzioak indar handiagoa dauka orain, eta zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta diru gehiago sartzen da herrian. Baina, bestetik, aspaldi desagertu zen garai bateko lasaitasuna.

Zer gelditzen zaizu egiteko eta eskaintzeko?

Gero eta gehiago kostatzen zait kamerarekin batera eta bestera ibiltzea, baina Zarautz gaur egun nolakoa den azaltzeko lekukotasunak biltzen ari naiz aspalditik. Malekoira joan, kafetegiaren kanpoaldean lasai jarri, eta argazkiak ateratzen dizkiet pasatzen direnei; gaur egun nola janzten garen eta hondartzan nola ibiltzen garen erakusteko lekukotasunak izango dira argazki horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.