Lagundu bai, baina zertarako?

Beñat Alberdi

Udalek diru laguntza bidez sustatzen dituzte herritarren hamaika ekimen, musika talde bati diskoa grabatzeko sosak ematetik hasi, eta mendi ibilaldiak antolatzen laguntzeraino. Herriz herri bertsuak izaten dira dinamikak: epea zabaldu, proposamenak jaso eta baldintzak betetzen dituztenei eman. Zirrara metodologiarekin, ordea, muinera jo nahi izan dute Sinnple eta Elhuyar aholkularitzek.

Udalek diru laguntzak ematen dituzte, bai, baina sustatutako ekintzek zein eragin daukate herrian? Eta, are gehiago, helburu den herria lortzen laguntzen al dute? Oñatiko eta Usurbilgo udalen diru laguntzak aztertu dituzte bi aholkularitza etxeek; kulturakoa eta auzoetakoa, batean, eta kulturakoa eta kiroletakoa, bestean. Gizarteko inpaktua neurtzeko metodologia da Zirrara.

Oro har, oso ohikoa da udalek laguntza ekonomikoa eskaintzea, ekintza, lan edo talderen bat babesteko. Baina ez da hain ohikoa izaten laguntza horrekin zer lortu den aztertzea. Elhuyar aholkularitzak urteak daramatza administrazioekin lanean, izan euskara plan bat bultzatzeko edo izan berdintasun plan bat gauzatzeko. Elhuyarreko kideek hutsunea igarri zuten politikak baloratzeko orduan. “Europan egindako azterketei begira ibili gara”, azaldu du Jon Abril Elhuyarreko langileak. “Politika publikoen eragina neurtu izan da, baina diru laguntzena, zehazki, ez”.

Pausoa emanda, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz diru laguntzen deialdira aurkeztu zuten proposamena. Sinnple aholkularitzarekin bat egin dute hasieratik. Azken batean, urteetako lanaren ondorioz, administrazio publikoak ezagutzen ditu Elhuyarrek, eta enpresen inpaktua neurtu izan du Sinnplek. Indarrak batuta, erakundeek emandako diru laguntzen eragina neurtzera ausartu dira.

Proba pilotuak

Ez da nolanahiko lana gizartean diru publikoa sartzeak zein eragin daukan aztertzea. Are gehiago, kontuan hartuta orain artean espresuki ez dela inon landu izan. Proba pilotua egin dute Usurbilen eta Oñatin. Herri ertainak hartu dituzte, eta hiru diru laguntza mota aztertu: kulturakoak bi herrietan, auzoetakoa ere bai Oñatin, eta kiroletakoa Usurbilen. “Bi irizpide erabili genituen aukeratzeko”, nabarmendu du Abrilek. “Batetik, ez genuen nahi elkarte gutxi batzuengana iristen den deialdirik, eta ezta 150 eragilek parte hartzen dutenik ere. Bestetik, laguntza horiek indarra izan beharra zeukaten udaleko aurrekontuetan”. Lanaren hasiera baino ez zen izan zein deialdi aztertu erabakitzea; legegintzaldirako udalek zeuzkaten helburuak ere hartu zituzten aintzat. Azken batean, hori da Zirrara metodologiaren muina: lortzen al dira zehaztutako helburuak?

Helburu horiek oinarri hartuta landu dute metodologia. Adibide gisa, kultur eskaintza “erakargarria, askotarikoa, hurbila eta eskuragarria” lortu nahi zuten Usurbilen, kultura integratzailea eraikitzeko. Oñatin, berriz, kultur ekosistema dinamiko bat eratu nahi zuten, partaidetza sustatu eta nortasuna indartzeko; norbanakoei ahalmen handiagoa eman nahi zieten, gehiago asetzeko.

Adierazleak finkatu zituzten behin ikerketarako markoa definituta. Hau da, helburuak lortzen diren jakiteko zein informazio jaso behar zuten zehaztea. “Gure helburua herri dinamiko bat sortzea eta parte hartzea sustatzea bada, horren araberakoak izango dira adierazleak”, azaldu du Abrilek. Oñatin, adibidez, hainbat erakundek elkarrekin antolatutako ekitaldiak eta diziplina ezberdinak batzen dituztenak zenbatu zituzten elkarlana baloratzeko. “Helburua zein den argi izanda, adierazleak zehaztea da funtsa”.

Hasieratik argi izan dute “tresna praktiko bat” behar zutela, eta etorkizunerako ez dute baztertu azterketa hori udalek euren kontu egitea. Neurtzeko erraza izatea, hori izan da adierazleak hautatzeko gakoetako bat. Aurrera begira eragileei “informazio gehiago” eskatuko dietela argitu du Abrilek ondoren diru laguntza osorik jaso ahal izateko: “Zenbat jende joan den eskatuko dute, esaterako. Informazio hori galdu egiten da jasotzen ez bada”.

Izan ere, prozesu guztian oso garrantzitsua izan da eragileen parte hartzea. Elhuyarreko kideak nabarmendu du arlo bakoitzeko eragileekin gogoeta egiteko eta etorkizuneko fokuak non jarri erabakitzeko balio izan diela prozesuak. Alaitz Aizpurua Usurbilgo zinegotziak ere bat egin du Abrilen esanarekin: “Prozesua eragile guztiekin gauzatzea izan da gakoa. Gainerakoan, sortutakoa norberak bakarrik ulertzeko arriskua egoten da, eta, kasu horretan, gainerakoek ez dute urratsik egiten bide horretan”.

Eragileekin elkarlana sustatzeko eta harremanak indartzeko ere balio izan die egindako lanak. Azken finean, eguneroko jardunetik kanpo hausnartzeko beta hartu dute guztiek. “Marko batzuk sortu ditugu eragileekin hitz egiteko”, azaldu du Nerea Zubia Oñatiko zinegotziak. “Egunerokoan ez diogu denborarik eskaintzen horri, baina oso aberasgarria izan da prozesua”.

Behin bidea amaituta, bi argazki orokor atera dituzte: aztertutako eremuetan lanean jarduten duen komunitatearena, batetik, eta diru laguntzek izaten duten eragin sozialarena, bestetik. Balorazio ona egin dute bi udalek, eta etorkizunerako baliagarri izango dutela nabarmendu dute. “Argi geneukan ematen genuen diru kopurua baino gehiago zegoela laguntza bakoitzaren atzean”, nabarmendu du Aizpuruak. “Orain definituta daukagu hori guztia, eta, helburuak lortzeko bidean, hobeto bideratu ahal izango ditugu laguntzak”.

Emaitzak ez dira izan edonolakoak. Usurbilen, esaterako, 5.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten 2016ko diru laguntzekin zerikusia duten ekintzetan. Oñatin, berriz, 197 pertsonak izan dute parte hartze aktiboa ekintzen antolakuntzan edo horiek gauzatzeko garaian. Udalentzat baliagarria izan da errealitate horren berri izatea, eta zer esanik ez eragileentzat, egin duten lanaren ondorioen berri jaso dutelako. Lortutakoa bakarrik ez, ordea, lortzeko modua ere aztertu dute metodologia berriarekin. “Azterketa hori oso baliagarria izan da guretzat”, argitu du Usurbilgo zinegotziak. “Batetik, egindakoa beste begirada batekin aztertzeko balio izan digu, eta, bestetik, helburu zehatzak lortzeko zer gauzatu, zer zuzendu eta indarrak non jarri ikasi dugu”.

Udalei proposamen sorta

Udalei eta eragileei errealitatearen berri izateko balio izan die lanketak. Alde horretatik, bi udalei proposamen sorta bidali diete Elhuyarrek eta Sinnplek. Helburuetara iristeko eurek zein aldaketa egingo zituzketen zehaztu diete, eta udalek ere aurkitu dituzte hobekuntzarako gakoak. “Sormen deialdietan ikusi dugu emakumeek ez dutela eskatzen laguntzarik”, azaldu du Zubiak. “Ziur gaude herrian egongo direla emakume sortzaileak, eta berdintasunaren arlotik landuko dugu zer dela-eta ez duten pausorik ematen”.

Lehen froga izan dela jakinda ere, gustura gelditu dira Elhuyarreko eta Sinnpleko ordezkariak. “Metodologia baliagarria dela ikusi dugu”, nabarmendu du Abrilek. Lanketa horrek formatu eta alor ezberdinetako diru laguntzetarako balio duela gaineratu du Elhuyarreko ordezkariak, eta baita hainbat tamainatako herrientzat ere. “Interesa duten udalen eskura gaude gu”.