Musika, enborretik adarretara

Musika, enborretik adarretara

Xabier Regil Agirre

Gaur hasi eta igandera arte, Zarautz musikariz beteko da, aurten lehenengoz antolatu duten Adarretatik jaialdiaren harira. Hainbat musika mota entzuteko aukera izango da asteburu osoan, hiru agertokitan. Musikaz gozatzeko gogoa duenak, ondorioz, aukera bikaina izango du Zarautzen.

Enbor Akzio Kulturala elkarteak antolatu du jaialdia, Zarauzko Kultura sailaren laguntzarekin. Elkarteko kide den Oier Aranzabalek azaldu du udan Zarautzen izaten den kultur eskaintzaren beherakada dela asteburu honetako jaialdia antolatzeko arrazoietako bat: “Iruditu zitzaigun kultur eskaintza aldetik udan hutsune bat zegoela Zarautzen, egitasmo gehienak turismora edo beste interes batzuetara bideratuta zeudela, eta ez horrenbeste kultur arlora”.

Hutsune horretatik abiatuta sortu dute jaialdia, eta Zarauzko kultur eskaintza areagotu nahi dute beren ekimenaren bidez. Aranzabalek garrantzia eman dio egitasmoa antolatzeko moduari ere: “Gure ustez, kulturzaleengan pentsatuta antolatu behar dira kultur egitasmo guztiak, sortzaileek eta kultura ezagutzen duen jendeak antolatuta”.

Ideia horri helduta antolatu dute Adarretatik, sortzaileak erdigunean jarriko dituen jaialdia; sortzaileek antolatuta eta udako musika jaialdien artean Zarautz plaza bihurtuta. Proposamena ez da ohiko jaialdi bat, hiru agertoki izango baitituzte. Izan ere, antolatzaileek musika herri guztira zabaldu nahi dute hainbat espazio eta formatutan. Merkatu plazan egongo da eguerdiko agertokia, Musika plazan bigarrena, eta malekoian handiena, Borghetto taberna parean, golf zelaiaren ondoan. Gune horretan gau giroan eskainiko dituzte kontzertuak.

Jaialdi “aberats eta anitza”

Aranzabalek azaldu duenez, ez diote jarri etiketarik jaialdiari: “Etiketetatik ihes egin nahi izan dugu; horren ordez, erdigunera eramango ditugu bazterreko musikak”. Zirkuitu komertzialetatik kanpo dauden proposamenak eskaini nahi dituzte, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak. Jaialdi “anitza” antolatu dute, kolore guztiak aintzat hartuta hainbat soinu eta erritmo entzungai izango dituena.

Sara Mansillak abiaraziko du jaialdia, gaur eguerdian, Merkatu plazan; 19:30ean, Rafa Ruedak Hiri kristalezkoa aurkeztuko du, iaz urte bukaeran argitaratu zuena; eta gauean izango dira, malekoiko agertokian, Europan biran dabilen DJ Tahira brasildarra, bertako Buffalo taldea eta Sound Jazz Orquestra, musika beltzak uztartzen dituen Kanadako taldea. Juan Valls oñatiarraren kontzertuarekin hasiko da bigarren eguna; eguerdian emango du kontzertua, Merkatu plazan, bakarka. Mikel Urdangarin, berriz, taldearekin ariko da, Margolaria bere bizitza kontatzen duen lanaren azken zatian sartuta; Musika plazan izango da emanaldia. Malekoiko agertokian amaituko da bigarren eguna; DJ Budin iruindarra, Mikel Astirozek koordinatutako Elkano Browning Cream, Bor-bor disko berriarekin, eta Akatz taldearen jamaikar doinuak izango dira entzungai bertan. Bi kontzerturekin osatuko dute hirugarren eta azken eguna: Merkatu plazan, Oso Fan hirukotearen emanaldia izango da eguerdian, eta hainbat estilo moderno uztartzen dituen Gasteiz Big Bandek itxiko du jaialdia, 19:30ean, itsas pasealekuan.

Etorkizunera begira, Enbor Akzio Kulturala elkarteak jaialdia egonkortzeko erronka dauka, baina ez dira konformatuko horrekin; asteburu bakarrera mugatu gabe, urte osoan ere lanean jarraituko dute hainbat kultur ekitaldi antolatzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.