Urretxuko Euskal Jaia, eskulanean eraikitzen

Urretxuko Euskal Jaia, eskulanean eraikitzen

Kerman Garralda Zubimendi

Itzuli dira mailu hotsak eta pintura usaina Bengoleako eraikinera. Neguan ez da izaten mugimendu askorik, baina gazteen joan-etorri handia izaten da udan. Bizikletan edo oinez, denak arropa zaharrekin, karrozak egitera joaten dira. 1959tik ospatzen da Euskal Jaia Urretxun, eta, bertako kultur elkarteekin batera, herria zeharkatzen duen karroza desfilea egiten da egun horretan. Azken orduko hiru hutsuneen ostean, zortzi karroza irtengo dira aurten, iaz baino bi gutxiago. Kuadrillez gain, Kilometroak jaia delaeta, UrretxuZumarraga ikastolak ere egingo du karroza, eta baita Orain Presoak dinamikak ere. “Aukera ona da opor garairako. Jada ez gara joaten udalekuetara, eta lagun artean karrozak egiteko baliatzen dugu denbora librea. Gustura egiten den lana da”, argitu du Miren Idigoras AedbTexe kuadrillako gazteak. Nee kuadrillarekin batera, eurak izan dira goiztiarrenak: uztailaren 9an hasi ziren lanak aurreratzen, Euskal Jaia baino 11 aste lehenago. Irailaren 23an izango da aurtengoa.

Urretxuko Udalak eskaintzen duen ikastaroa egiten ari dira bi taldeak. Mikel Ruizen gidaritzapean, materialak ezagutzen eta horiekin trebatzen ari dira. “Bi asteko hastapen ikastaro bat prestatu dugu. Oinarrizko gauzak ikasi ditugu, gero euren kabuz aplika ditzaten”, dio Ruizek. Haren esanetan, “lanerako gogoa eta eskulanetarako trebezia” izatea da karrozero ona izateko sekretua. Ikasleak gustura daude ikastaroarekin, berriak izanik martxa hartzeko modu egokia dela uste dutelako. “Egin nahi genuenaren erakusgarri batzuk ekarri genituen, eta, irakaslearekin ideia horiek findu ostean, bere laguntzarekin hasi gara lanean”, azaldu du AedbTexe kuadrillako Maialen Lapizondok.

Asteetako lana

Karrozeroak bat datoz aurretik egin beharreko planifikazioa garrantzitsua dela. “Karroza egiten hasterako, jakin egin behar da zer nahi duzun. Aldaketa txikiak egiten dira bidean, baina oinarri batekin hasi beharra dago”, azpimarratu du Eyak Jodiu kuadrillako Iñigo Idiakezek. Askotariko gaiak lantzen dituzte: ikasketak, adierazpen askatasuna, LGTBI kolektiboaren aldeko aldarriak… “Ez da erraza gaia aukeratzea. Hamahiru gara kuadrillan, eta ez da erraza guztiak ados jartzea”, adierazi du Nee kuadrillako Oier Fernandezek. “Lider bat behar da taldean, ardura hartu eta aurrera egiten duen bat”, gaineratu du.

AedbTexe kuadrillakoak, esaterako, gertutik bizi duten egoera baten inguruan ari dira lanean: “Ikasleak gara kuadrillako guztiak, eta ikasketen inguruan egingo dugu karroza. Uste dugu azkarregi behartzen gaituztela batxilergorako edo unibertsitaterako hautaketak egitera, oraindik ez dugula argi etorkizunean zer izan nahi dugun. Kuadrillako guztiak kezkatzen gaituen gaia da, eta erraz lortu genuen kontsentsua”. Sara de Pedroren hitzak dira.

“Kuadrillen artean izaten dira pikeak eta lehiak. Batzuek ez dute esaten euren gaia zein den, irabazteko aukera gehiago dutela uste dutelako edo”, nabarmendu du Fernandezek. Euren hitzetan, garrantzitsuena ez da irabaztea, baina guztiei egingo lieke ilusioa garaikurra etxera eramateak. “Iaz lehen urtea zenez, nahikoa genuen karroza txukun bat ateratzearekin. Baina aurten zergatik ez irabazi?”. Oso itxaropentsu mintzo da Bota Piñua kuadrillako Unai Lizarralde. “Zortzigarren urtea izango da gurea, eta behin ere ez dugu irabazi oraindik. Urtero gogotsu hartzen dugu, hala ere, egunak merezi du eta”, dio, berriz, Idiakezek. Orain Presoak dinamikaren atzetik, Eyak Jodiu kuadrilla izango da aurtengo beteranoena. “Denborarekin ikasi ditugu sekretu txikiak, eta azkarrago eta hobeto egiten dugu lan orain. Karrozaren atzetik joateko elektrotxaranga bat antolatzeko denbora ere izaten dugu orain”.

Karrozero izanda Euskal Jaia “beste era batera” bizi dutela aitortu dute guztiek. “Herria pizten dugu egindako lanari esker. Festaren parte gara, eta berezia da hori”, dio Fernandezek. AedbTexe kuadrillakoek errepide bazterretik ikusi izan dute, orain arte, desfilea. “Baina, bizi izaten den giro onak inbidia apur bat ematen zigunez, batzea erabaki dugu. Gogo biziz gaude karroza kalera atera eta festan murgiltzeko”, azaldu du Alaitz Lopezek.

Urte hasieran Euskal Jaiaren formatua aldatzeko proposamena egin zuen udalak, baina bere horretan uztea erabaki zuten azkenean. “Festa giro ona izaten da gure ustez”, hasi du azalpena Idiakezek. “Eta ezetz esan genien aldaketei, giroa apaldu zezaketen beldurrez”. Fernandezen ustez, “positiboa” litzateke denen artean egunari buruzko hausnarketa bat egitea. “Eta guretzat aldaketak ez ziren hain txarrak. Bizkor ohituko ginateke Euskal Jai berrira, eta baliteke are giro hobea sortzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.