Bidesarien bide korapilatsuan

Bidesarien bide korapilatsuan

Eider Goenaga Lizaso

Kamioiei N-1 eta A-15 errepideetan bidesaria kobratzen jarraitzea bermatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, ondorioz, epaitegiek esandakora egokituko litzatekeen foru arau proposamena egin du. Joan den urtarrilaren hasieran hasi ziren garraiolariei kanona kobratzen, baina, Garraiolari Elkarteen Espainiako Federazioaren auzi eske bat tarteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia etorri zen apirilean: bertan behera utzi zuen kobrantza sistema arautzen zuen foru araua, Gipuzkoatik kanpoko garraiolarien kontrako diskriminazioa argudiatuta. Kanonari kosta ahala kosta eutsiko ziotela ziurtatu zuen orduan Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. Diskriminaziorik ez zegoela eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko zutela iragarri zuen.

Foru aldundia, baina, ez dago oso ziur helegite horrek egingo duen bideaz. Hala, helegitearen argudiaketa aurkeztu aurretik —astebete barru aurkeztuko dutela iragarri du Oiarbidek—, foru araua aldatzeko proposamena egin dute.

“Guk hasieratik esan dugu epaia errespetatzen dugula, baina ez gatozela bat. Ezin dugu ukatu, ordea, epai bat dagoela. Babesgabetasun juridikoa sentitzen dugu, ez dakigulako zer etorriko den epaitegietatik; beraz, epaian aipatzen ziren gaizki-ulertuak konpontzen saiatu gara bitartean, gure esku dauden bideak erabiliz. Eta foru arau berri bat aurkeztea da gure esku dagoen bide bakarra”, azaldu du aste honetan bertan Oiarbidek.

Gorenak auziari buruz erabaki arte epaia ez dela irmoa argudiatuta, foru aldundiak kobrantza sistemari eutsi dio hilabeteotan. Baina horren kontrako erabakia etor daiteke epe motzean. Izan ere, garraiolariek kautelazko neurriak hartzeko eta, behin betiko erabakia hartu bitartean, kobrantza bertan behera uzteko eskatu zioten Gorenari. Foru aldundiak epaitegitik edozein erabaki etorri aurretik onartu nahiko luke foru arau berria. “Bidesaria bermatu beharra daukagu; hau ez da gobernu edo alderdi batek apetaz hartutako erabaki bat, Gipuzkoako Batzar Nagusietan urte luzez eztabaidatu eta denon artean erabakitako kontu bat da hau”.

Abuztuaren 21ean amaituko da foru arau berriari alegazioak egiteko epea, eta Batzar Nagusietako prozesuari ekingo zaio ondoren. “Espero dugu irail hasieran gobernu kontseiluak onartzea, eta Batzar Nagusietako eztabaida lehenbailehen hastea. Urte bukaerarako dena amaituta egotea da aurreikuspena”. Oiarbidek aitortu du premiazko kontua izango dela hurrengo hilabeteetan. “Auzi hau itxita utzi nahiko genuke legealdia amaitu baino lehen, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu. Sistema honen jarraipena bermatu nahi dugu foru arauarekin”.

Dena den, aurreko foru arauaren balioa defendatzen jarraitzen du Oiarbidek, eta behin eta berriro azpimarratu du ez daudela ados diskriminazioaren argudioarekin. Ildo horretan, baieztatu du epaitegiaren argudioak hankaz gora uzten dituen datuak aurkeztuko dituela aldundiak. Izan ere, foru araua aldatu arren, Gorenaren epaiak garrantzia izaten jarraituko du. Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia berresten badu, ordu arte kobratutako guztia itzuli beharrean aurki daiteke aldundia.

Egungo kobrantza sistema defenditzeko datuak, helegitean jasotzeaz gain, gizartearen aurrean ere aurkeztuko dituztela iragarri du, halaber, Oiarbidek, eta pare bat adibide eman ditu: “Epaiak dio Andoaingo arkua soilik bertakoentzat jarri dugula, hortik soilik Gipuzkoako garraiolariak pasatzen direla. Bueno, bada, orain, datu errealak esku artean ditugula, baiezta dezakegu Gipuzkoatik kanpokoak direla Andoaindik soilik igarotzen diren kamioien %72”. Horrez gain, Gipuzkoako garraiolari askok, Andoaingoaz gain, beste arku bat ere igarotzen duela argitu du Oiarbidek, dela Etzegaratekoa, dela Irungoa. “Epaitegiak diskriminazioaren inguruan egiten duen irakurketa okerra dela frogatuko dugu datuekin”.

Bertakoen kalterako

Esteban Muruamendiaraz Hiru sindikatuko idazkari teknikoak uste du foru arau berriak arrazoia ematen diela garraiolariei. “Arau berri bat egiten badute, ziur asko egingo dute eurak ere ohartu direlako orain arte erabili dutena ez dela legezkoa. Beraz, hori ikusita, orain arte kobratutako guztia itzul diezagutela eskatzen dugu, eta kobratzeko jarri duten indar eta ahalegin bera jar dezatela dirua itzultzeko”.

Muruamendiarazek ez du uste aldundiak aitortuko duenik gauzak gaizki egin dituela, eta arau berri bat proposatzea hori ezkutatzeko modu bat dela dio. “Baina espero dut Gorenak erabakia berrestea, eta, hori gertatzen bada, gaizki egina aitortu edo ez, dirua bueltatu beharko dute”.

Bestalde, salatu du Hiruk hasieratik esandakoa berretsi baino ez duela egiten foru arau berriak; alegia, sistemak bertako garraiolariei egiten diela kalterik handiena. “Hasieran esaten ziguten lasai egoteko, bidesaria kanpoko garraiolariei kobratzeko sistema bat zela; gero esan ziguten hori ezinezkoa zela, Europak ez zuela uzten diskriminaziorik egiten, baina lasai egoteko, guk gutxiago ordainduko genuela. Eta, orain, hori ere ez; orain, Andoaingo zatia luzatuko dute, eta guk ordainduko dugu gehien”, esan du Hiruko kideak.

Andoaingo arkuari buruz Oiarbidek emandako datuak beste datu bat ezkutatzen duela salatu du, halaber, Muruamendiarazek: “%72 Gipuzkoatik kanpoko kamioiak direla esaten du, baina ez du esaten garraiolari gipuzkoar batzuk arku horretatik etengabe pasatzen direla, batzuk egunean 8-10-12 aldiz pasatzen direla, eta beraiek direla gehien ordaintzen dutenak”.

Ibilbide motza egiten duten garraiolariek, inguruko enpresekin lan egiten duten garraiolariek, bidesarietan dirutza uzten dutela dio Muruamendiarazek. “Nik esango nuke, hanka sartzeko beldur handirik gabe, gipuzkoarrak direla diru gehien ordaintzen duten ehun kamioiak; eta, bestela, nafarrak edo bizkaitarrak”. Hiruk, horrela, salatu du bertako garraiolariek bi aldiz ordaintzen dutela errepide bera; zerga bidez, lehenik, eta bidesarien bidez, ondoren.

“Gezurretan ibili dira hasieratik; ez zuten publikoki aitortu nahi hemengo garraiolariei kalte egingo zietela, baina orain argi ikusi da baietz, eta berdin die guri kalte egiteak; kanpoko garraiolariek ordaindu behar dute, ezinbestean, eta, hori lortzeko guri kalte egiten badigute, izorra gaitezela”. Garraiolariak bertakoak diren bezala, haiekin lan egiten duten enpresak ere ingurukoak direla nabarmendu du, ordea, Hiruko idazkariak. “Eta guri kostua igotzen bazaigu, guk haiei kobratu beharko diegu, eta Gipuzkoan enpresa txiki eta ertain askori egingo zaie kalte. Hori etorriko da, eta haiek ere kexatuko dira; ikusiko dugu orduan zer esaten duten”.

EH Bildu, azalpen eske

Foru arau berria opor garaian aurkeztea eta “ezkutukeriaz” jardutea egotzi dio EH Bilduk EAJ-PSEren foru gobernuari. Xabier Olano batzarkidearen arabera, ez zuten espero halako proposamenik, “EAJk harrokeria handiegiarekin esana zuelako ez zuela foru araurik eta kobrantza sistemarik aldatuko”. EH Bilduk hasieratik kobrantza sistemaren inguruko zalantzak izan zituela dio Olanok, eta azterketa juridiko bat eskatu ziotela aldundiari, 12 milioi euro baitaude jokoan —aldundiak 2018an bidesarietan jasoko duenaren aurreikuspena da—. “Badirudi norbaitek argi ikusi duela okerreko bidetik zihoazela. Foru arauaren proposamen honekin epaia onartzea erabaki dutelako, orain”. Dena den, bere garaian opor fiskalekin gertatu zenaren antzeko zerbait gerta daitekeen beldur da EH Bildu: “Orduan ere gestio eredugarria egiten zihardutela esaten zuten, baina, azkenean, zigor handiak etorri ziren Bruselatik”. Bide Azpiegituretako diputatuaren agerraldia eskatuko du EH Bilduk Batzar Nagusietan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.