Etorkizuneko aholkularitza

Ariane Vierbücher

Ideia edo egitasmo bat izan eta horretan benetan sinistea. Hori izaten da sarri arrakastararako gakoa. Bide horretan, jakina, norberak ahalegina egin behar izaten du lortu nahi duen horretara heltzeko, baina garrantzitsuak dira beste bi kontu ere: norberarengan sinistea eta mugak gainditzen saiatzea. Neurri berean, ezin ahaztu lorpen horretara iristeko bidaian disfrutatzea ere.

Ideia horietako batzuk zabaldu zituzten Goieki Goierriko Garapen Agentziak berriki antolatutako Enpresa Ekimen Berrien XXII. Sariketaren sari banaketan, uztailaren 5ean. Beasaingo Igartza jauregian egin zuten ekitaldia, eta hiru mailatan banatu zituzten sariak. IDDO proiektuak irabazi zuen sari nagusia, enpresa ekimen berriko proiektu onenarentzat gordeta zegoena. Javier Martinez donostiarrak jaso zuen saria, proiektua gauzatu duen adituak. “Eranste bidezko fabrikazio metalikorako eraldaketa digitala egiten ari diren enpresei ingeniaritza eta teknologia aholkularitzarekin laguntzea da IDDO proiektuaren oinarria”, azaldu zuen Martinezek berak. “Industriari oso lotuta dago Goierri, eta, beraz, eremu aproposa da negozio ideia berri honentzat”.

IK4-Lortek ikerketa zentroan jaio zen IDDO proiektua garatzeko ideia —Ordizian dauka egoitza—, eta Mondragon korporazioaren babesa izan dute. Martinezen hitzetan, IK4-Lorteken hamar urte daramatzate eranste bidezko fabrikazioaren inguruan ikertzen. “Eta arlo horri lotuta lan egingo zuen start-up bat sortzeko beharraz jabetu ziren”. Pertsona bat behar zuten sortu berria zen proiektua gidatzeko, eta orduan jarri ziren harremanetan Martinezekin. “Metal hautsaren arlotik nator ni; urte asko egin ditut horretan lanean, eta eranste bidezko fabrikazioaren lehengaia da metal hautsa”, azaldu du.

Baina zer da eranste bidezko fabrikazioa? Ondo azaldu du IDDO proiektuaren gidariak: “Orain dela gutxi arte, totxo arbastatua bakarrik erabili ohi zen metalezko piezak egiteko. Lehengai puska handi batetik abiatu beharra zegoen pieza jakin bat egiteko, eta arbastatuz lortzen zen helburua”. Martinezek argitu du “hutsetik” abiatzen direla Lortek garatzen ari den teknologia berriarekin. “Metal hautsa erabilita sortzen da pieza; 3D inprimagailu batek egiten du, alegia”.

Abantaila ugari ditu teknologia berri horrek. “Izan ere, ez da alferrik galtzen hainbeste material, eta, horri esker, enpresak dirua aurrezten du”. Dena den, Martinezek adierazi du IDDOk ez duela emango zerbitzu hori. “Garai bateko teknologia atzean utzi, eta teknologia eta ingeniaritza aholkularitza zerbitzua eskainiko die IDDOk bide berriei ekin nahi dieten enpresei”. Hau da, “beharrezkoa duten informazio guztia” eskainiko diete eranste bidezko fabrikazioaren bidez lanean hasi nahi duten enpresei. “Haien jarduna gertutik ezagutu, merkaturatzen duten produktua ikusi, eranste bidezko fabrikazioa komeni zaien edo ez aztertu eta, posible izatekotan, teknologia horren eta metal hautsaren hornitzaileen kontaktuak emango dizkiegu guk. Trantsizio horretan enpresei babesa eskaintzea da gure zeregina”.

Lantalde sendoa behar

Enpresa sortzeko bidean da Martinez. “Irailaren 1etik aurrera hasi ahalko dugu eskaerak jasotzen”, argitu du IDDO proiektuaren arduradunak. Hori bai, lantalde sendoa osatu beharko du behar bezalako zerbitzua eskaintzeko. “Hiru urtean hamabost pertsona kontratatzea espero dugu”, azaldu du. “Aholkularitza, diseinu ingeniaritza, administrazioa edota marketin arloak menderatzen dituzten pertsonak beharko ditugu. Eta, horiez gain, baita teknologia arduradun bat eta aholkulari burua ere”.

Egoitzari dagokionez, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean daude, gaur-gaurkoz, Miramonen, Donostian, baina Ordiziara joango dira laster, IK4-Lortek enpresaren ondoan eraikitzen ari diren inkubategira. “Guretzat guztiz estrategikoa da enpresaren kokapena”, adierazi du proiektuaren arduradunak. “Lekuz aldatuta, IK4-Lortek enpresaren ondoan egoteaz gain, oso industrialde garrantzitsua da Goierri. Oso eremu interesgarria da IDDOrentzat”.

Hainbat balore bultzatu eta indartu nahi ditu Goiekik antolatutako lehiaketak: sustatzailearen irudia bultzatzea, berrikuntza, enpresen garapena, eta eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea, besteak beste. Azken finean, enpresa mailan Goierrin bertan gauzatu daitezkeen asmo guztiak bultzatu nahiko lituzke Goiekik. Goierriko ekonomia piztu eta eguneratuko eta kultura indartuko luketen proiektu guztien alde egin nahi du Goierriko Garapen Agentziak, eta hori da, hain zuzen ere, sariketaren xedea.

Bestela ezin, eta Martinez “pozik” dago jasotako sariarekin. “Izan ere, Goiekiren gisako garapen agentzia batek horrelako babesa ematea bultzada handia da gure proiektuarentzat”. 6.000 euroko diru saria jasotzeaz gain, Goiekik eskaintzen dituen zerbitzuez baliatu ahalko da IDDO aurrerantzean.