Etxerakoan, lasaiago

Etxerakoan, lasaiago

Aitziber Arzallus

Espazio publikoa, gaua eta festak ez dira neskentzat; ez, behintzat, izan behar luketen bezain gune erosoak eta seguruak. Testuinguru horretan gertatzen dira emakumeen kontrako erasoetako asko; etxera bueltatzeko bidean, batez ere. Emakume gehienentzat horixe izaten da gaueko unerik zailena, kezka handiena eragiten diena, beldur gehien sentitzen dutena. Etxerako bidean gertatzen diren erasoak saihesteko eta emakumeak zein adin txikikoak etxera lasaiago bueltatzeko, neurriak hartu dituzte Gipuzkoako zenbait lekutan.

Esate baterako, ekainaren bukaeratik, Donostiako autobusetan geltokitik kanpo jaisteko aukera dute emakumeek eta adin txikikoek. Oraingoz, Dbuseko B8 zerbitzuan bakarrik ezarri dute aukera hori, proba gisan. B8 gaueko zerbitzua da, gautxoria, eta ostiral, larunbat eta jai bezperetan izaten da martxan; hiriaren mendebaldean egiten du ibilbidea —Mirakontxa-Benta Berri-Seminario—.

Neurri horrek etxerako buelta erraztuko die emakumeei eta adin txikikoei, etxetik gertuago jaisteko aukera ematen dielako. Dena dela, badira zerbitzua erabiltzeko arau batzuk, autobusek bideko segurtasun arauak beti errespetatu beharko dituztelako eta ezingo dituztelako tarteko geldialdi horiek edozein modutara egin. Besteak beste: geldialdia egiteko lekuan ezinbesteko baldintza izango da 1,5 metrotik gorako zabalera duen espaloia egotea; izkinetatik, bidegurutzeetatik eta bidebanatzeetatik gertu ez dute geldialdirik egingo; ezta gainontzeko ibilgailuei pasabidea oztopatzen dieten lekuetan ere.

Geldialdia eskatzeko, berriz, erabiltzaileak autobusaren aurrealdera joan beharko du geltoki bat lehenago eta gidariari zuzenean adierazi beharko dio non gelditu nahi duen. Aurreko atetik jaitsiko da beti, eta geldialdi horietan ezingo da inor sartu autobusera; jaisteko bakarrik izango dira.

Erabiltzaileek, oro har, begi onez hartu dute geltokitik kanpo jaitsi ahal izateko aukera, norbaiti baliagarri izan dakiokeela iritzita. Dena dela, aurreneko egunetan, behintzat, inor gutxik baliatu du. Zerbitzua martxan jartze hutsa “positiboa” dela uste du Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari kudeatzaileak, eta lehen egunetan jende gutxik erabili izanak ez duela ezer adierazten. “Jende askok, oraindik, jakin ere ez daki aukera hori ematen hasi garenik. Gainera, uda garaian jendea lasaiago ibiltzen da kalean, seguruago sentitzen da, jendea beranduago itzuli ohi delako etxera eta kalean jende gehiago ibiltzen delako”.

Zerbitzuaren inguruko xehetasun guztiak jasotzen dituen informazio eskuorriak prestatu ditu Dbusek. B8 ibilbidetik gertu dauden etxebizitzetara helarazi ditu, eta autobusetan eskuragarri jarri, erabiltzaileek zerbitzuaren berri izan dezaten. Gonzalezek azaldu du pixkanaka zerbitzua beste ibilbideetan ezartzen joango direla.

Donostian ez ezik, Zarautzen ere zerbitzu berri bat jarri dute martxan emakumeak eta adin txikikoak gauez etxera lasai eta seguru itzul daitezen: taxi-bus zerbitzua, hain zuzen. Iaz, hainbat sexu eraso izan ziren herrian, eta mugimendu feministak proposamen batzuk egin zizkion udalari; haietako bat zen autobus zerbitzua gauez ere eskaintzea. Udalak, ordea, zerbitzua taxien bidez ematea hobetsi du, “arazo teknikoengatik autobus zerbitzua ematea ez delako bideragarria”, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren esanetan. Taxiek udaltzaingoaren egoitzaren parean dute geltokia, eta 01:00etik 05:00etara eskainiko dute zerbitzua. San Pelaio jaietan jarri zuten martxan, eta irailaren erdira arte jarraituko du, ostiraletan eta larunbatetan. Abuztuan, asteburuetan ez ezik, Aste Nagusiko gauetan ere martxan izango da.

Zarautzen, harrera ona

Zerbitzua erabili nahi duenak eskatu egin beharko du, ez baitu linea edo ordutegi finko bat izango, baina gehienez ere hamabost minutu itxarongo du zain. Taxi-bus zerbitzua den heinean, pertsona bat baino gehiago jaso ditzake aldi berean, eta norbera bizi den tokira eraman. Zerbitzua herrira mugatuko da, ez da kanpora irtengo, eta oinarrizko bi tarifa izango ditu: Zarautzen eta inguruko auzoetara joateko, 2 euro balioko du, eta Talaimendirako bidaiak, 3,5 euro. Oraindik erabiltzaileei buruzko datuak aztertu ez dituzten arren, zerbitzuak izan duen harrerarekin “gustura” daudela adierazi du Leire Arana Zarauzko Udaleko komunikazio arduradunak. “Goizegi da balorazioak egiten hasteko, irailerako utziko dugu hori, baina esku artean datu zehatzik izan gabe ere ziurta dezaket zerbitzuak harrera ona izan duela. Adibidez, badakit sanpelaioetan neska gazte askok erabili zutela kaletik etxera bueltatzeko”.

Zarauzko Bilgune Feministak ere begi onez hartu du zerbitzu berria, baina gabeziak ere ikusten dizkio. “Guretzat ongi etorriak dira emakumeen kontrako erasoak saihestea helburu duten neurri guztiak, baita taxi-bus zerbitzu berri hau ere, baina uste dugu egokiagoa litzatekeela elkarlanean osatutako eta gizarte guztiari zuzendutako kanpaina osoago baten barnean etorriko balitz, eta ez neurri puntual gisa”, adierazi du mugimendu feministako kide Ainhize Muniozgurenek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.