Abisu soila baino gehiago?

Abisu soila baino gehiago?

Unai Zubeldia

Igotzen ari da itsasoko uraren tenperatura. Datu objektiboa da hori. “Aztiren datuen arabera, itsas gainetik 100 metroko sakoneraraino neurtutako uraren tenperaturak batez beste gradu erdia egin du gora 1986tik orain arte [itsasoan, Pasaiatik hamahiru kilometrora neurtzen dute tenperatura, 100 metroko sakoneran]”. Manuel Gonzalez Azti-Tecnaliako teknikariak eman ditu datu horiek.

Donostiako Aquariumeko teknikariak, berriz, 1947tik ari dira neurtzen itsas gaineko uraren tenperatura, eta nabarmena da bilakaera, nahiz eta itsas gaineko tenperatura, hori besterik ez duen ematen datu horrek; uraren tenperatura asko jaits daiteke 20-30 metro behera eginda. Aquarium parean, 1990era arte egun bakar batean ere ez zuten gainditu 24 graduren langa —23,9 neurtu zituzten 1964ko abuztuaren 6an—; 24,4ra iritsi ziren 1990eko abuztuaren 4an; 25,3ra 1997ko abuztuaren 24an; eta 26,5era 2003ko abuztuaren 13an.

Uztaileko datuak aintzat hartuta, berriz, gune horretan aurtengoa izan da inoizko beroena. 23,7 graduko batezbestekoa neurtu dute uztaileko 31 egunetan, 2006an baino 0,2 gradu altuagoa eta iaz baino 2,6 altuagoa. Aurten, uztailaren 11n neurtu dute tenperaturarik altuena, 25 gradukoa, eta uraren tenperatura 24 gradukoa edo altuagoa izan da 31 egunetatik hamaseitan. 2006tik iritsi gabe zeuden 25 graduren langara. Bereziki beroa izan zen duela hamabi urteko uztaila, bi aldiz neurtu baitzituzten 25,5 gradu, behin 25,4, eta zazpi aldiz 25. Aurtengoa baino baxuagoa izan zen, ordea, urte hartako batez besteko tenperatura (23,5). Urteetan atzera eginda, 1996an iritsi ziren, lehen aldiz, 24 gradura —24,2 neurtu zituzten urte hartako uztailaren 22an—, eta 1995era arte, 23,8 gradukoa izan zen uztailean neurtutako tenperaturarik altuena —1995eko uztailaren 31n eta 1950eko uztailaren 28an—.

Gonzalezek azaldu duenez, itsasoko uraren tenperaturak urtero egiten du gora udaberrian eta udan. “Eguzkiaren erradiazioagatik, batez ere”. Eta, ondorioz, ondo bidean, abuztuan neurtuko dituzte tenperaturarik altuenak Gipuzkoan. “Azal-azaleko ura abuztu erdialdetik irail erdialdera berotzen da gehien, normalean, eta, une honetan, ura 20 gradutik gora dago lehen hogei metroetan”.

Eguraldiaren arabera, asko aldatzen da itsasoko uraren tenperatura, eta Gonzalezek adibide bat jarri du errealitate hori azaltzeko: “Egungo egoeraren antzekoa izan genuen 2017ko ekainaren amaieran. Orduan ere oso bero zegoen ur azala, baina, haizearen eta olatuen eraginez, tenperatura 22,5 gradutik 19ra igaro zen lau egun eskasean”. Normalean, ordea, “azaro ingurura arte” irauten du itsasoko urak ohi baino beroago. “Hortik aurrera, nahasi egiten dira azaleko ura eta itsas hondokoa”. Azti-Tecnaliako teknikariak jakinarazi duenez, gaur-gaurkoz 15 graduan dago Bizkaiko itsasoko ura 25 metroko sakoneran, eta 12 graduan dago 50 eta 100 metroko sakoneran. “Normal-normalak dira tenperatura horiek”.

Datuak, testuinguruan

Atzo iritsi zen bero kolpea Gipuzkoara, eta 30 gradutik gorako tenperaturak espero dira datozen egunotarako. Ondorioz, egunotan are gehiago igoko da itsasoko uraren tenperatura. Hori bai, adituek argi utzi dute datuak ezin direla aztertu banaka-banaka edo testuingurutik aterata; urte eta hamarkada asko behar dira errealitateari argazki egokia ateratzeko. “Eta epe luzera interrelazioa izaten da, gainera, itsasoko uraren eta atmosferako tenperaturaren artean”, zehaztu du Azti-Tecnaliako teknikariak. “Baina klima aldaketaren testuinguruan, itsasoko uraren tenperatura igotzen ari dela diote datuek, eta igotzen jarraituko dute XXI. mendean”.

Gonzalezek ez du uste, oraindik, klima aldaketaz bere hartan hitz egin daitekeenik. “Baina 2003an ur zutabe guztia berotu zen asko, ez azalekoa bakarrik, eta orain arteko beroenetakoak izan dira XXI. mendeko urte gehienak. Horrek ondorioak izango ditu, noski”. Aquariumeko teknikarien datuak aintzat hartuta, 2013tik, esaterako, 22,1 gradukoa izan da uztaileko batez besteko tenperatura itsasoan, eta 1946tik 21 gradukoa da batezbesteko hori. Abuztuan, berriz, batezbesteko historikotik gorakoak izan dira azken bederatzi urteetatik zazpi. 22 gradukoa da batez besteko tenperatura, eta 23,1 neurtu zituzten, esaterako, 2012an. Horregatik, klima aldaketarena “aurre egin beharreko erronka garrantzitsua” dela uste du Gonzalezek. “Itsasoko ura berotuta, ia mundu guztian ari da igotzen batez besteko itsas maila”.

Aurten bereziki euritsuak izan dira negua eta udaberria, eta horrek eragin nabarmena izan du uraren tenperaturan. “Gatz kopurua eta tenperatura, horiek dira itsasoko uraren ezaugarriak zehazten dituzten bi aldagai nagusiak”. Gonzalezek azaldu duenez, uraren dentsitatea aldatzeaz gain, gatz gutxiago dagoenean geruza moduko bat sortzen da itsasoaren gainaldean. “Dentsitate baxuagokoa izaten da ur masa hori, eta, horri esker, errazago berotzen da”.

Azken hilabeteotan, ohi baino euri eta ibai ur gehiago iritsi da itsasora, eta Kantauri itsasoan horri esker ari dira neurtzen Mediterraneoan neurtu ohi dituzten tenperaturak. Atzo 21-22 graduan zegoen itsasoko ura Malagan, eta 23-24 graduan Bizkaiko itsasoan. Sentsazioez harago, Azti-Tecnaliako teknikariak onartu duenez, itsasoko espezieetan ere eragin nabarmena izango du uraren tenperaturaren igoerak. “2050-2100. urte arteko klima aldaketaren eraginez, klima beroetako espezieak agertzen hasiko dira gure inguruan, baldintza egokiak izango dituztelako”.

Muturreko eraginik ez

Gonzalezek gaineratu duenez, gaur egun Kantauri itsasoan ohikoak diren espezieek ez dute izango eurentzat egokiena den baldintzarik. “Eta desagertuz joango dira asko eta asko, ahal izanez gero iparralderago joango baitira, ur hotzagoen bila”. Itsas ekonomian eragin nabarmena izango luke horrek, antxoa, berdela eta halako espezieak liratekeelako beste inguru batera joango liratekeenak. Ondorioz, espezie horiek arrantzatzeari utzi beharko liekete euskal arrantzaleek, edo orain baino urrutiago joan beharko lukete; horrek, noski, kalte ekonomikoak sortuko lituzke.

Azti-Tecnaliako teknikariak azpimarratu duenez, “kliman eragina daukan prozesu konplexua” da atmosfera-ozeanoa interakzioa. “Eta interakzio hori dago muturreko gertaera meteorologikoen atzean; urakanetan, esaterako”. Gonzalezek onartu du normalean tropikoan gertatzen direla horrelakoak. “Eta, alde horretatik, ez dirudi Kantauri itsasoko uraren tenperatura kezkatzekoa denik. Hori bai, gertutik zaindu beharko ditugu klima aldaketaren eraginez gal ditzakegun ingurumen eta arrantza baliabideak”. Horrez gain, hondartza asko ere desagertu egin daitezkeela azpimarratu du Gonzalezek. “Eta aldaketak eragin nabarmena izan dezake nekazaritzan, abere industrian, basogintzan, beroaldietan…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.