Belaunaldi eta arreta berriak

Itzea Urkizu Arsuaga

Sortze bidean da EHLAES, Euskal Herriko Lehen Arretako Egoiliarren Sarea. Ideia sortu ondoren, elkarte berria zer izatea nahi duten eta zer izango den erabakitzeko jardunaldia antolatu zuten joan den ekainaren 22an. Bide horretan, aurreikuspenak “gainditu” zituztela dio Miguel Legarrak, sustatzaileetako batek (Tolosa, 1990): “180 egoiliar elkartu ginen, eta pozik gaude. Nahiko genukeen Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko egoiliar gehiagok parte hartzea, baina, beste osasun sistema batzuetan aritzen direnez, zaila da”.

Granadan (Espainia) La Cabecera mugimenduak egin bezala, Euskal Herriko oinarrizko laguntzako mediku egoiliarrak hiru behar nagusiri erantzuteko hasi dira EHLAES osatzen. Batetik, sare baten falta sumatzen dute: “Ospitale jakin batzuetan zentralizatzen dira gainerako espezialitateak, baina ia herri guztietan aritzen gara gu, eta gure arteko komunikazioa oztopatzen du horrek”, azaldu du Legarrak.

Era berean, uste dute Osakidetzako antolaketa eredu berriak pisua kendu diela oinarrizko laguntzako zerbitzuei: “Erakunde Sanitario Integratuetan antolatuta gaude, eta ospitaletik iristen zaizkigu lehen arretan egin beharrekoak; autonomia galdu dugu”. Azkenik, “osasun sistema guztien erronkei” ere heldu nahi diete: “Gizartearen zaharkitzeari, bizitzaren medikalizazioari eta medikamentalizazioari, gaur egun gaixotasun bilakatzen baitugu guztia; eta farmazia industriarekiko harremanari ere bai”.

Lan ildo orokor horiez gain, dena den, beren egoeraz ere hausnartu nahi izan dute familia mediku egoiliarrek. Legarraren ustez, mediku egoiliarrak lan baldintza onetan ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: “Espainian antzeko egoiliar sistema duten beste leku batzuekin alderatuta, ona da gure egoera. Gainera, sekulako aukera da benetako pazienteekin aldi berean lanean eta ikasten aritzea”.

Uste dute, ordea, bestelako lan baldintza batzuek “zuzenean” eragiten diotela beren lanaren kalitateari. Adibidez, Legarrak desegokitzat du paziente bakoitzarekin egoteko hamar minutuko tartea izatea: “Berdin dio zein den kontsultarako arrazoia. Pazientea etor daiteke eztarriko minez, depresio batekin, analisi bila edo minbizia detektatu diotelako; hamar minutu ditu bakoitzak”. Halaber, kupoak ere hizpide izan ditu tolosarrak: “Masifikatuta daude; alegia, bakoitzak herritar gehiegi artatzen du. Horrek, noski, zuzenean eragiten dio kalitateari”.

Arreta hobeto antola litekeela ere badiote: “Zeregin asko dugu paziente bakoitzarekin. Gazte eta osasuntsuek oso momentu jakinetan behar izaten dute medikua; adinak eta gaixotasun kopuruak gora egin ahala, berriz, gaixotasunak konplexuagoak dira tratatzeko. Antolaketa egokiagoarekin, kalitatea hobea litzateke denentzat”.

Horren harira, herritarrek medikuarenera jotzeko izan lezaketen erraztasunaz ere aritu da Legarra; haren arabera, osasun langileena da arduraren zati handi bat. “‘Ez automedikatu; jo zure medikuarengana’. Herritarrek mezu hori jaso dute urteetan, eta orain alarma pizten zaigu kontsultak beteta daudelako. Autokritika egin, eta aldatu egin behar da dinamika hori”.

Horizontalerantz

EHLAESek ondorio eta balorazio ofizialik egin ez duen arren, parte hartzaileek oinarrizko laguntza hobetzeko hainbat ondorio eta balizko proposamen zerrendatu zituzten egindako lehen bilkura hartan. Legarraren iritziz, talde lana legoke neurri guztien oinarrian: “Talde lana sustatu daiteke eta sustatu behar da lehen mailako arretan. Gauza askok ez lukete medikuarenganaino iritsi ere egin behar, erizainen gomendioei jarraituz tratatu ahal izango bailirateke”.

Modu horretan, egoiliarrek uste dute talde lan horrek atea zabalduko lukeela beste zenbait gauza aldatzeko. Besteak beste, esaten dute administrazioko langileek “zeresan handia” izan lezaketela kontsulta denboren kudeaketan, eta jardunaldian azpimarra jarri zioten lana osasun etxeetatik harago egitearen garrantziari ere: “Askotan, goiz batean 30 eztarriko min ikusiz baino bizitza gehiago salba genitzake eskola batera joanez eta bihotz-biriken suspertze bat nola egin behar den azalduz. Formakuntzan sakondu beharko genuke, baina guretzat erronka da komunitatearekin lan egitea”.

Gaur egungo “osasun sistema bertikala” desegin eta “eredu horizontalago bat” sortzea ere iradoki dute egoiliarrek: “Badirudi lehen mailako arretaren gainetik dagoela ospitalea, eta kardiologoak, pneumologoak, neurologoak edo dena delakoak agintzen duela familia medikuaren gainetik. Ordea, pazientearen edo patologiaren konplexutasunak zehazten du pertsona hori espezialista batek ikusi behar duen edo ez. Hierarkizazio horrek ez dio mesederik egiten osasun sistemari”.

Finean, belaunaldi berriek praktikotasunari eta medikuntzaren alderik humanoenari jarri nahi diote fokua datozen urteetan: “Gure lana giza harremanetan oinarritzen da, batez ere; norbanakoak tratatzen ditugu. Eta familia medikuok zeresan handia dugu horretan”.