Kortxoak kentzeko milaka era

Kortxoak kentzeko milaka era

Imanol Saiz

Hondarribiko kale, plaza eta txoko ikusgarrien argazki eta postalen bilduma erraldoia edukitzeagatik ezagutzen dute askok Jose Mari Lopez hondarribiarra. Paisaien irudiak biltzea da haren zaletasunetako bat, baina ez bakarra. Orain dela hamazazpi urte egin zuen topo, lehenengoz, ardo eta sagardo botilak irekitzeko kortxo-kentzekoekin, eta, ordutik, milaka pieza biltzea izan da Lopezen zaletasun nagusia. Hondarribiarraren lanari esker, etxeko edo elkarte gastronomikoetako mahaietatik museoetako beira arasetara egin dute jauzi kortxoak kentzeko milaka pieza klasikok.

Azken asteotan sekulako ospea lortu du bildumariak, erakusketa erabat berezi eta ezohiko horri esker. Kortxo-kentzekoa, ingeniaritza, diseinua eta historia erakusketa zabaldu zuen uztailaren 18an; urte luzeetako bilketaren ostean, erakusketa harrigarria inauguratu du Arma Plaza fundazioko kultur eta turismo gunean, eta abuztuaren 30era arte bisitatzeko aukera izango da. Arma Plaza fundazioak berak antolatu du erakusketa, Hondarribiko Hiruzta txakolindegiaren laguntzarekin.

Etxetik gertu bodega txiki bat irekitzeko asmoa zuela kontatu du Lopezek, senide eta lagunekin arratsaldeak eta gauak bertan pasatzeko. 2001ean izan zuen lehen kontaktua kortxo-kentzeko gailuekin, Euskal Herriko dozenaka azokatan argazki bila egindako bisita horietako batean. Bodega berria apaintzeko asmoz, bertan erosi zuen lehena, eta, di-da batean, zaletasun bilakatu zen handik gutxira. “Txundituta geratu nintzen kortxo-kentzekoen diseinuarekin eta ingeniaritzarekin; azkenerako, erabat harrapatu ninduen pieza horiek biltzen ibiltzeak”, kontatu du.

Hamazazpi urte luzeren ondoren milaka pieza bildu dituela azaldu du Lopezek, harro: “Hasieran, 50 bat soilik aurkituko nituela uste nuen, ez zirela gehiago izango, baina txundituta geratu naiz, 3.000 baino gehiago biltzea lortu baitut”. Lanak bere fruituak eman ditu.

Lopez ez da geldirik egon. Ez da egon norbaitek gailuak ekarri zain. “Ordu, kilometro eta bidaia asko egin behar izan ditut kortxo-kentzeko guztiak biltzeko”, aitortu du. Are gehiago: “Batzuetan, egun bakarrean 500 kilometro ere egin izan ditut, bikotekidearekin batera, ale bakarra eskuratzeko; Hondarribitik Bordelera, esaterako”.

Ohiko kortxo-kentzeko gailuak, hedagarriak, animalien itxura dutenak, figuratiboak, labana frantsesak, kremailerakoak, mekanikoak, palankadunak, elektrikoak, gasarekin edo airearekin funtzionatzen dutenak… eta apardun edariak ateratzeko gailu ikusgarri ugari ere bai. Modu, forma eta erabilera askotako piezak bildu ditu Lopezek. Itxura ikusgarria dute gehienek. Arma Plazako kultur eta turismo bulegoko bigarren solairura sartu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Lehen begiratuan, gutxik esango lukete ardo edo sagardo botilak irekitzeko erabiltzen direnik.

Jatorriari erreparatuta, Euskal Herritik harago, ia mundu osoko piezak jaso ditu bildumagileak: Australia, AEBak, Japonia, Hegoafrika, Mexiko, Venezuela, Italia, Belgika, Ingalaterra… Ia mundu osoa zeharkatu du hondarribiarrak hurrengo kortxo-kentzeko bereziaren bila. Autoa, hegazkina eta Internet euskarria baliatu ditu herrialde horietako guztietako kortxo-kentzekoak eskuratu ahal izateko. Orain dela 200 urteko gailuekin hasi, eta egungo modernoetaraino, asko eta asko dauzka bilduta Lopezek. “Liluragarria da nola garatu diren kortxo-kentzekoak urteen poderioz”. Historia hori guztia ezagutzeko aukera ere badago erakusketan. Abuztuaren 30era arte, denboran atzera egin, eta modu berezian bidaia egiteko aukera dago Hondarribian.

Pieza guztien artean, Lopezek baditu gustukoago batzuk: esaterako, Edward Thomason britainiarrak 1805ean egindako pieza. “Orain dela 200 urte egindakoa dela kontuan izanda, sistema bikaina du; benetako ingeniaritza lana da, ikusgarria”, azaldu du, liluraturik. Orotara, 1.056 pieza daude erakusketan, bilduma osoaren herena. Gainerako bi mila kortxo-kentzekoek Lopezen bodegan jarraituko dute zain, beste erakusketa bateko protagonistak izateko. Joan den astean ireki zuten Hondarribiko erakusketa, eta oso harrera ona izan du orain arte. Goiz-goizetik, dozenaka turista —eta hondarribiar— joaten da gailu guztiak banan-banan ikustera. Bildumagileak azaldu duenez, “ezusteko handia” hartu dute orain arte joan diren gehienek. “Askok adierazi dute ez zutela espero halakorik”.

Autoa beti prest

Zenbait bodega handiren atzetik, Lopezena da inguruan aurki daitekeen kortxo-kentzekoen bildumarik handienetakoa. Halere, bilduma dagoeneko sekulakoa izan arren, gehiago nahi du hondarribiarrak. Hurrengo geltokia zein izango den jakin ez arren, ziur dago berriz ere autoa hartu eta azokaz azoka bisitan ibiliko dela. Abuztuan bete-betean sartuta, udako ordutegia dauka Arma Plaza fundazioko kultur eta turismo guneak: astelehenetik larunbatera, 09:30etik 19:00etara. Lopezen beraren azalpenak entzuteko aukera ere izango da tartean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.