Kristinaenea, musikaz blai

Xabier Regil Agirre

D onostiako Kristinaenea parkea musikaz beteko da berriro, Glad is the Day jaialdiarekin. Aurreko hiru urteetako erantzun ona ikusita, laugarrenez jarraian antolatu dute jaialdia Dabadaba eta Le Bukowski aretoek eta Donostia Kulturak, elkarlanean. Hori bai, berritasun batekin dator aurtengo ekitaldia: egun bakarrekoa izan beharrean, bi egukoa izango da jaialdia. Ohi bezala igandean egun osoan izango diren kontzertuez gain, bihar gauean beste zenbait musikariren emanaldiez gozatu ahalko da Dabadaba eta Le Bukowski aretoetan.

Horrelako jaialdi bat antolatzeko asmoa aspaldikoa dela azaldu du Alex Lopez Dabadaba aretoko kideak: “Askotan hitz egin genuen ideia honi buruz; betidanik pentsatu izan genuen ona izango zela parkean zerbait antolatzea, eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin bueltaka zebiltzala baliatuta, jaialdia antolatzea pentsatu genuen”. Hala erabakita, nahiko xumea izan zen lehen urtekoa. Lopezek argitu du aurrekontua ez dela askorik aldatu lehen ekitaldi hartatik, baina dauzkaten baliabideak “ahalik eta gehiena” aprobetxatzen dituztela orain. Hainbat helburu zehaztu zituzten pausoa eman zutenean: hiriko parkeetan gauzak antolatu ahal izatea, areto pribatu gisa ere hainbat gauza antola daitezkeela erakustea, eta, azkenik, auzoaren aldarrikapena egitea: “Donostian, udan, desagertu egiten da Gros, Parte Zaharra eta Erdialdea ez den guztia. Horregatik, bizirik gaudela eta guk ere gauzak antolatzen ditugula aldarrikatu nahi genuen”.

“Musika mota ugari” entzuteko aukera izango da, Josu Urbieta Le Bukowskiko bazkidearen esanetan: “Beti bezala, estilo anitzeko musika taldeak izango ditugu aurten ere”. Adin guztietako jendea joan izan da aurreko jaialdietara, eta aurtengoan ere hala izango dela uste du Lopezek: “Topikoa dirudien arren, jaialdia egokia da familia guztia elkarrekin joateko: egun argiz da, parke batean, eta doan, gainera”.

Aurreko hiru urteetan “oso pozik” amaitu zutela azaldu du Urbietak: “Urtez urte, jendeak ondo erantzun du. Urtero zabaldu egin dugu eskaintza, eta hasieran irudikatu genuen horretara hurbiltzen ari gara pixkanaka”. Ohiko kontzertu eta DJ saioez gainera, azoka txiki bat, instalazio artistiko bat eta haurrentzako jarduerak ere izango dira Kristinaenean.

Jaialdi zabal eta plurala

Bihar 22:00etan hasiko dira Le Bukowski eta Dabadaba aretoetako emanaldiak, zuzeneko musika eta DJekin. Kristinaenean, berriz, bi agertokitan banatuko dute jaialdia, eta hamar musika talderen emanaldiak izango dira bakoitzean. Gune nagusiari dagokionez, aurreko urteetako emanaldien traza izango du aurtengoak ere, baina indartu egin dute bigarren agertokiko eskaintza.

Lopezen esanetan, Los Mirlos Peruko cumbia taldea izango da emanaldirik erakargarrienetako bat; 50 urte baino gehiago dauzka taldeak, eta ikusmina sortu du; 17:20an ekingo diote kontzertuari, gune nagusian. Raitx taldearena izango da agertoki nagusiko lehen emanaldia, eta, jarraian, iritsiko da Koban Donostiako taldearen kontzertua; elektro-swinga da euren estiloa. 21:00etan amaituko da azken kontzertua, Esteban & Manuel galiziarrena. Horiekin batera, Sara Mansilla bakarlaria, Txarkey hirukotea, Javier Sunen pop rock errebeldea nahiz Mujeres Bartzelonako hirukotea igaroko dira gune nagusitik. Gune txikian, berriz, rap, trap eta musika elektronikoa izango dira entzungai, Syr, Atodamadre eta Hakima Flissiren gisako artisten eskutik. 12:00etatik 21:00etara artekoarekin ase ez denak, DJak izango ditu Egiako bi aretoetan, goizaldeko ordu txikiak arte.