Zintaren bukaera ikusten dugu

Danel Agirre

Gure txakurrak astero antolatzen du pikete informatiboren bat Airbnb-ren aurka. Atariko metalezko pasarelaren dardarak gurpildun maleta baten igarotzea iragartzearekin, Tikak ozen eta mehatxari ekiten die marmarrei. Errezelen atzetik, asteotako gisan zerutik sua ari duenean lehenetsi ohi duen parrilako oilaskoaren posiziotik milimetro bat ere mugitu gabe. Turistek gure balkoira begiratu, ezer ikusi ez, eta zaratagatik lehenbiziko solairuko ilunantzean Metro-Goldwyn-Mayerreko lehoiaren lehengusu propioren bat ezkutatzen dela imajinatzen dute. Testu hau idazten bukatu bezain pronto, blokean erabilgarri dauden pisuak ikusmiratu behar ditut Airbnb-n, kuriositatez. Ziur norbaitek egin duela dagoeneko auzoko fauna arriskutsuari buruzko iruzkinen bat, etxe jabeak izartxo bakarrarekin puntuatuta.

Txakurrak gorroto du gurpiltxoen karraka, maletak gureak ez badira. Maskotak jabeen tankera hartuz joaten dira halabeharrez. Eta Tikak bere printzipioak salduta laga ohi ditu ordu laurden oro, nik nire zutabeetan batere federik gabe defendatzen ditudanekin gertatu moduan. Turistei fobia die, baina astebeteko oporretatik itzuli berri da. Gure maleta kanoniko zalapartarien alboan kilometroak egitea egokitu zaio, eta isatsa astindu baino ez du egin, etxean gurpiltxoen karrakarekin azaldu jarreragatik zeharo kezkaturik bagintuen ere.

Hiria zapuzten ari den Airbnb-ri kontzientzia eragozpena ipini, eta asteotako gisan zerutik sua ari duenean etxean geratu behar ez izateko, trikimailu dialektiko bat baliatzen dugu. Oporretara joan ordez erretirora goazela esaten diegu ezagunei. Muturreko isolamendua dela Bangkok berria, turismoaren eromenetik askatzeko modu bakarra. Eta inoren auzoa ez izorratzeko, bakarlekua aukeratzen dugula: baso galdu bateko txabola, inoiz modan egon ez den uharte geldoan.

Fartsa erabatekoa da aurreko paragrafoko azalpen hanpatua, zuk ere susmatuko zenuen. Senide batzuek txakur eta guzti gozatzeko logela bat gorde, eta egonaldia doan irteten zaigulako bidaiatzen dugu toki horretara, ez besterik. Fabore galanta egiten digute, bidenabar: Airbnb-ren eragin inflazioa dela eta, diru sarreren nahi baino puska handiagoa bideratzen diogu alokairuari, eta ezertarako sosik gabe ibili ohi gara. Masa turismoak Berlinen izan dituen ondorio makurrek bideraezin bilakatu dute guretzat beste nonbaiten masa turismorik egitea. Berlinen bizitzea bera ere ezinezko bihurtuko digute laster, dio logika elementalak. Horregatik sutzen da Tika maleten gurpiltxoekin, gustatzen zait niri sinestea.

Dorisek gure ezkaratz alboko taberna itxi berri du. Harresia jausi zenetik zegoen bertan, baina hiriak aspaldi egotzi zituen bezeroak kanpoaldera. Ahuakatez jositako menudun kafetegi esterilizatuak ordezkatuko du ostatua, edo crossfit estudioren batek. Ketsua eta iluna zen Doris Bistro, itxura bikainekoa, baina ez nintzen sekula sartu, jasoko nituen begiraden beldur. Gentrifikazioa fabriketan objektuak garraiatzen dituzten zinta horietako baten modukoa da. Mutur batetik pieza gero eta aberatsagoak sartu, eta pobreegitzat jotakoak kontrako aldetik erori eta birrinduta geratzen dira. Auzora mugitu ginenean, amildegirantz bultzadatxoa eman genien Doris eta bere bezeroei. Urte batzuk beranduago, gu gara zinta geldiezinaren bukaera muturren aurrean ikusten dugunak.