Geltoki bat bide luzean

Geltoki bat bide luzean

Imanol Saiz

Frantziara jauzia egitea da Afrikatik iritsitako migratzaile askoren nahia, urte askoko ibilbide gogorraren ostean ahaideekin eta lagunekin bestelako bizimodu bati ekiteko. Bide horretan, Irunera iristen dira asko, Frantzia eta Espainiaren arteko muga politikoa igarotzeko. Azken bi hilabeteotan, mila lagun baino gehiago igaro da Bidasoko badiatik. Askok berehala lortzen dute muga zeharkatzea, baina beste batzuek geldialdia egin behar izaten dute Irunen.

Horietako askok hamaika egoera pairatu behar izan dituzte azken bi hilabeteotan. Uztailean hasi ziren iristen migratzaileen lehen talde handiak, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako zenbait kidek Renfeko geltokian aurkitu zituzten gaua pasatzen. Udalak aurretik Irun harrera hiria izango zela jakinarazi arren, migratzaileei bizkarra ematea leporatu zioten udalari hiriko gizarte eragile ugarik.

Kaleko laguntza eskaerei erantzuna bilatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzari dirua ematea izan zen udalaren lehen erabakia, Donostian aterpe bat egokitu zezan. Erabakiarekin haserre, Irunen bertan aterpe bat ireki zezatela exijitzen hasi ziren eragile horiek, eta baita bizilagun asko ere. Hala, afrikarrei laguntza eskaintzeko, Harrera Sarea osatzeari ekin zioten dozenaka irundarrek.

Sarearen oihartzuna zabala izan arren, tantaka iritsi da udalaren erantzuna. Martindozenea aterpetxea irekitzea erabaki zuen udalak, eta Leka Enea ikastetxearen ateak ere zabaldu zituen gero. Azpiegiturak, halere, ez zirela nahikoak salatu izan dute beti Harrera Sareko kideek, gehienez bost eguneko egonaldia eskaini baitiete migratzaileei —Martindozeneak asteburu bakarra iraun zuen, adibidez—.

Aizpea Babaze eta Ruth Lopez sareko kideek gogor salatu dutenez, gaua aterpeetan pasatu dutenei soilik eskaini diete jatekoa. “Gutxienekoa baino are gutxiago ematea da erakundeen jarrera”, dio, haserre, Lopezek. Azken asteetan, gainera, ugaritu egin dira arazoak. Abuztuaren 26an, gauean, bost emakume kalean lo egitera behartu zituztela kontatu dute biek, amorruz beteta, itxuraz aterpea ez zegoelako emakumeentzat egokituta. “Ezinbestekoa da emakumeen, adingabeen eta gaixoen premiei erantzutea”, azaldu du sareko kideak.

Azken egunotan, ordea, oihartzuna izan dute taldeak egindako eskaerek, eta hilaren 1etik zabalik dago Martindozenea, gizon, emakume eta haurrentzat. Albiste hori ona dela azpimarratu dute biek, baina gehienezko egonaldia bere horretan mantendu dutela salatu dute. Aterpeak eskura izan arren, Lakaxita gunea izan da migratzaileen harrera eremu nagusia. Han, sekula ez diete ukatu ez jatekorik, eta ezta lotarako edo dutxatzeko aukerarik ere. Gosaria, bazkaria eta afaria eskaintzeaz gain, lotarako tokia egokitu dute kanpoaldean. Egun, 150 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute gune autogestionatu horretan.

750 otordu baino gehiago

Harrera duin eta integrala: hori da sarearen azken aldarrikapena. Bost eguneko egonaldia salatzeaz gain, Lakaxitan oraindik hamabost bat lagunek jarraitzen dutela azaldu dute biek, “modu prekarioan, toldo baten azpian lo eginez”. Horrez gain, eguneko etxe bat irekitzea exijitu dute azken egunotan. “Bitartekoen erabilera bazkaltzeko eta lotarako soilik denez, kalean igarotzen dute ia egun guztia”. Ondorioz, Lakaxita “inprobisatutako eguneko gune” bilakatu dutela adierazi du Babazek. Azken bi hilabeteotan 750 otordu baino gehiago banatu dituztela jakinarazi dute.

Askorentzat, jada, bigarren etxea da Lakaxita. Jean Claude kamerundarra eta Ibrahim ginearra dira bertatik pasatu diren lagunetako bi. Etorkizun oparo baten bila, urte askoko eta oztopoz beteriko ibilbide bati ekin zioten biek. “Milaka oztopo izan dut bidean, baina beti esaten dut horrelakoa dela bizitza, etenik gabeko guda bat”, dio kamerundarrak. Egoera gogorra izan arren, argi dute ez dutela amore emango ametsa bete arte. “Edozer egiteko burujabe izan nahi dut, aske; nire historiari jarraipena eman nahi diot hemen”, azaldu du Ibrahimek.

Afrikarrek gero eta zailagoa dute muga politikoa zeharkatzea. Azken asteotan, inoiz baino kontrol gehiago egin dituzte jendarmeek, eta, ondorioz, oso gutxik lortu dute zeharkatzea. Salatu dute, gainera, kasu batzuetan mafiak diru kopuru jakin baten truke muga zeharkatzea eskaintzen ari zaizkiela migratzaileei.

Irunen askok geltoki atsegina aurkitu arren, arrazakeriak gogor jo du berriz ere. Joan den astean, pintaketa arrazistak agertu ziren Martindozenean, eta igandean Hendaian (Lapurdi). Harrera Sareko kideek gogor salatu dute hori ere, eta egileak identifikatzea exijitu dute: “Migratzaileena ez da mehatxua, aukera baizik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.