“Gure onena ematen dugu, eta jateko lain ere ez dugu ateratzen”

“Gure onena ematen dugu, eta jateko lain ere ez dugu ateratzen”

Aitziber Arzallus

Gaurtik igandera Amarbirjin jaiak ospatuko dituzte Zestoan, eta aste guztian barrakak etxe atarian izan ditu Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ekuador, 1980). Leihoak itxi, eta kanpoaldeko zaratatik salbu da, hala ere, EITBko 3txulo saioko gidoia ikasteko moduan. Aktorea baita Gaztañaga, eta haurrentzako saio horretan 4rarena egiten du. Baina ez du ogibide bakarra, ez: aktore izateaz gain, Grises musika taldeko kantaria ere bada, antzerki obrak sortzen eta zuzentzen ditu, biolina jotzen du, pianoa ikasten du, sabel dantza irakasten du, antzerki eskolak eman ditu, eta bitxiak eta eskulanak egitea gustuko du.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Sortzailea naizela esango nuke, edo titiritero bat, garai batean karroekin herriz herri ibiltzen ziren komediante haietako bat; denetik egiten zekiten haiek ere.

Nondik ateratzen duzu denbora horrenbeste gauza egiteko?

Lasaia naiz: ez naiz parrandara-eta asko irtetekoa. Eguna aprobetxatzea gustatzen zait, eta laneko denborari etekina ateratzea.

Garrantzi bera ematen al diezu jorratzen dituzun alderdi guztiei?

Oraintxe, zaletasunak besterik ez dira batzuk. Adibidez: gustuko dut bitxiak egitea, baina denbora-pasa gisa; eta pianoa ere aspaldian ez dut ukitu. Une honetan, antzerki obrak zuzentzea, Zestoako antzerki eskolako proiektuak aurrera eramatea eta 3txulo dira nire lehentasunak.

Eta Grises? Ahaztu egin zaizu…

Grises taldea ez dut kontuan hartu ere egiten, nire esku bat balitz bezalakoa delako. Zoritxarrez edo zorionez, horrela dago musika mundua; Grises erabat bateragarria egiten zait beste gauza guztiekin.

Eta sabel dantzako eskolak?

Jarraitzen dut eskolekin, baina oso ikasle talde txikia daukat.

Zestoan bizi zara orain, baina Ekuadorren jaio zinen. Nolatan?

Gurasoak giza laguntza ematera joan ziren Ekuadorrera; han bizi izan ziren zazpi urtez, eta han jaio ginen anaia eta biok. Beti esaten dut ekuadortarra naizela, eta uste dut gerora oso baliagarria izan zaidala haurtzaroa han pasatu izana.

Izena ere hangoa duzu.

Bai, Andeetako lore baten izena da Amancay; oso izen arrunta da han.

Erraz egokitu al zinen Euskal Herrira?

Niretzat oso gogorra izan zen bost urterekin hona etortzea. Euskaraz ulertzen nuen, gurasoek han dena euskaraz egiten zidatelako, baina gaztelaniaz bakarrik hitz egiten nuen nik. Zestoara etorri, eta eskolan sartu ninduten. Garai hartan etorkinik ere ez zegoen herrian; gogoratzen naiz aparteko klaseak-eta hartu behar izan nituela, eta eguraldiak ez zuela batere laguntzen. Asko kostatu zitzaidan egokitzea; ez nuen gustuko Euskal Herria. Baina gauzak zer diren: gerora, hamabi urtez bizi izan nintzen Madrilen, eta kanpoan nengoen urte haietan ikasi nuen Euskal Herria benetan maitatzen.

Ekuadorrekin loturarik baduzu orain?

Bai. Han baditugu bi izeba, ez odolekoak, baina guretzat izebak, eta harreman handia dugu haiekin. Laster bisitan joateko asmoa daukat.

Artista jaio zinen, edo gerora egin zara?

Gogoan daukat txikitan asko idazten nuela. Istorioak eta antzerki obrak idazten nituen; misteriozko istorioek liluratu egiten ninduten.

Eta txikitatik argi izan duzu handitan zer izan nahi zenuen?

Lau urterekin esan nuen biolina jo nahi nuela, eta biolin ikasketak egin nituen. Txiki-txikitatik oso argi neukan aktorea izan nahi nuela ere; eta baita benetan nahi banuen lortuko nuela ere.

Zurekin nahikoa ez, eta artista da zure anaia Eñaut ere. Besteak beste, Grises taldeko gitarrista eta kantaria da, eta Gaztain estudioen jabea. Nondik datorkizue sen hori?

Gurasoei artea ikaragarri gustatu izan zaie betidanik, eta etxean txikitatik arnastu izan dugu giro hori. Instrumentuak jo izan dituzte, etxean musika asko entzun izan dugu, umetan museoetara-eta sarri joaten ginen, eta, konturatu ere egin gabe, zaletasun horiek barru-barruraino sartu dizkigute; musikarako zaletasuna eta irakurtzekoa, batez ere.

Zestoatik Madrilera joan zinen 18 urte zenituela. Ezinbesteko urratsa zen aktore izateko?

Ez neukan batere gogorik Madrilera joateko, baina joan beharra neukan, han baitzegoen aktore titulua lor nezakeen unibertsitate bakarra. Erabat izututa joan nintzen, eta negar pila bat egin nuen hasieran.

Zer moduz egokitu zinen hango bizimodura?

A priori, Madrilek, hiri gisa, ez ninduen erakartzen, baina ikaragarri maite dut gaur egun. Hiri gogorra da, bakarrik zaudenean batez ere; eta garestia da, ikaslea zarenean batez ere. Eskerrak unibertsitatean bonu bat ematen ziguten museoak, erakusketak eta abar doan bisitatzeko. Hori zen gure denbora-pasa. Auskalo zenbat aldiz ikusi nuen Reina Sofia museoa! Gogorra egin zitzaidan hasieran, baina izugarri gustatzen zitzaidan ikasten ari nintzena, eta asko lagundu zidan horrek. Berehala egokitu nintzen hango bizimodura, nola egokitu ere!

Antzezten ikasteaz gain, han ikasi zenuen dantzan ere.

Unibertsitatean balleta ikastera derrigortu gintuzten, baina niri ez zitzaidan askorik gustatzen. Hori bai, konturatu nintzen nolako garrantzia zuen gorputza lantzeak, eta handik kanpora klaseak hartzen hasi nintzen. Ni bizi nintzen auzoko kultur etxean dantza ikastaro bat antolatu zutela ikusi nuen, eta ia doan zela. Izena ematea erabaki nuen, eta halaxe hasi nintzen.

Ikasketak bukatu, eta han gelditu zinen. Zertan?

Konpainia batean aktore lanean hasteko aukera izan nuen. Konpainia harekin bost urtez biran izan ginen antzezlan bat aurkezten, eta mundu guztian barrena bidaiatzeko aukera izan nuen. Egia esan, ordura arte egindako lanaren ordaina izan zen, baina zortea ere alde izan nuen.

Bira hura bukatzean, hamabi urteren ondoren, Zestoara itzuli zinen berriz ere. Zergatik?

Mundu guztian barrena ibili eta gero, etxera bueltatzeko gogoa nuen, eta, ordurako, gainera, martxa hartzen ari zen Grises taldea ere; kontzertu dezente eskaintzen ari ginen. Madrildik Zestoara joan-etorrian ibili nintzen bolada batez, eta etxera bueltatzea erabaki nuen, azkenean. Zestoa leku ona iruditzen zitzaidan bizitzeko. Argi neukan hiri handi batetik ez nintzela itzuliko hiri ertain batera, hiri handien gauza txarrak dauzkatelako eta herri txikienak ere bai.

Euskal Herrian, nola hasi zinen berriz ere oinarriak jartzen? Zeri heldu zenion aurrena?

Madrilen bizi nintzela, Zestoan pasatzen nuen uda, eta dantza ikastaro bat antolatu nuen uda batean. Sekulako arrakasta izan zuen. Uda igarota, dantzak ikasten jarraitu nahi zuen jendeak, eta asteburuetan ikastaroak ematera etortzen hasi nintzen. Zestoara itzultzean, autonomo egin, eta horri heldu nion. Ordurako, antzerki eskola sortzeko ideia ere banerabilen buruan. Proiektua aurkeztu nion udalari, eta baiezkoa eman zidan; berehala hasi nintzen harekin ere.

Grisesen arrakasta erantsi behar zaio horri guztiari. Bost lan dituzue kalean zortzi bat urteko ibilbidean, eta milaka kilometro egin dituzue errepidean. Espero zenuten horrelakorik?

Guk, barruan egonda, badakigu zenbat kostatu zaigun honaino iristea eta zenbat lan egin behar izan dugun. Baina inola ere ez genuen espero taldeak horrelako bilakaera izaterik. Izaten ditugu dena haizea hartzera bidaltzeko gogoa ematen diguten momentuak ere, gure onena ematen dugulako, jakinda jateko lain ere ez dugula ateratzen. Noski, gauza on asko ere ematen dizkigu musikak, eta horregatik jarraitzen dugu, baina ez legoke batere gaizki egindako lana dirutan ere behar bezala ordainduko baligute.

Euskaldunak izanda, zergatik abesten duzue gaztelaniaz?

Punkiak ginen, eta ordura arte entzuten genituen talde gehienek gaztelaniaz abesten zuten.

Hiru urte igaro eta gero, Zestoan bertan eman zenuten kontzertua joan den asteburuan. Kontzertuaren atarian, baina, ohar bat kaleratu behar izan zenuten kobratzekoak zineten katxearen inguruan zabaldutako zurrumurruak gezurtatzeko.

Diru publikoa zertan gastatzen den argi azaltzearen aldekoa naiz ni. Kalean norbait zuzenean etorri izan balitzait eta zenbat kobratu behar genuen galdetu izan balit, inolako arazorik gabe erantzungo niokeen. Dena dela, azkenean oso ondo atera zen dena, eta oso gustura geratu ginen kontzertuarekin.

Askotan esan izan duzu emakume gehiago behar direla agertokietan.

Ikaragarria da. Zestoan eman genuen kontzertuan, adibidez, musikari eta teknikari, hemezortzi bat lagun ariko ginen guztira lanean, eta neu nintzen emakume bakarra. Denok gara horren erantzule, heziketan huts egiten ari garelako.

Heziketa lan horretarako tresna baliagarriak iruditzen zaizkizu 3txulo eta halako telebista programak?

Oso produktu polita iruditzen zait 3txulo, beharrezkoa. Izugarria da atzean dagoen lantaldea; haurrentzat benetan egokiak eta hezitzaileak diren edukiak sortu nahi dituen talde bat da. Umeentzako edukietan beti ez da ikusten hori, diru asko mugitzen dutelako umeen edukiek. Potentzial handia dauka programak, txikien heziketan benetan eragin dezakeen tresna baliagarria baita. Pozik nago berriz martxan jartzea erabaki dutelako.

Abenduan, ia ustekabean kendu zuten programa, audientzia datu txarrak zituela esanda. Zer deritzozu?

Telebista publikoak ezin du audientzien arabera saioak egun batetik bestera jarri eta kendu, eduki onak eskaintzea baita telebista publikoaren zeregina. Euskal Herrian badaude horretarako gai diren profesionalak, eta penagarria iruditzen zait telebista publikoak adore gehiago ez izatea profesionalei askatasun handiagoarekin lan egiten uzteko.

Behin baino gehiagotan aipatu izan duzu Zestoan ez daukazuela kultur azpiegitura egokirik.

Ez Zestoan eta ezta gainontzeko herri gehienetan ere. Herri guztiek izan beharko lukete ganorazko kultur etxe bat, herrian garatu daitezkeen kultur jarduera guztiak hartzeko modukoa. Kirol azpiegitura egokiak beharrezkoak badira, kultur azpiegitura egokiak ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.