Parkean udan eta desorduetan

Leire Narbaiza

Ia guztiok izan dugu parkeetan ibili eta egotearen esperientzia. Batzuek umezain ibiltzeagatik eskolaz kanpoko egun eta orduetan. Ia guztiok ume denboretan. Haurren kargu ibili zaretenok, jakingo duzue parkea ekosistema konplexua dela, bere arauak dituena, eta ohitura bereziak. Umeendako bada leku atsegina, baina esango nuke bertan dauden helduendako leku deserosoa dela, behintzat habia eta taldea egin artean. Freelance ibiltzeak ekar lezake jokoz kanpo egotea, eta familia gabeko txori bakartia sentitzea.

Askotan esaten dugu gure sasoiko parkeak eta oraingoak oso desberdinak direla, ez hain babestuak zanbuluak eta lurrak, dena zaharrago eta askoz zabarrago zegoela. Baina urteak ez dira parkea aldatzen duten eragile bakarrak, ikaragarri kanbiatzen da segun eta zein funtzio betetzera bertaratzen garen. Sasoiak eta orduak ere mudatzen digute espazio horren izaera eta pertzepzioa. Uda honetan izan naiz horren lekuko.

Harira ez datozen arrazoi batzuengatik parkean ibili naiz, eta hala segitzen dut, momentuz. Eta esan dudan moduan, desorduetan. Ez goizaldeko ordu txikietan, askok pentsatuko zenuten bezala. Ez, desorduak parkeetan izaten dira umeak ez dauden uneak, batez ere, eguerdi edo bazkalordu sasoia.

Eguneko zati horretan haurrak etxean daude bazkaltzen edo siestan. Asko herritik kanpora egongo dira oporlekuetan; halakorik ez dutenek hondartzara edo igerilekura joateko fortuna izango zuten. Beraz, parkea ume bako lekua da une horietan.

Ume faltak gune fantasmagoriko bihurtzen ditu gorgoinak, haizearen eraginez mugitzen direnean. Gainera, herriaren udako isiltasuna askoz ozenagoa da umeleku huts horietan, haurren barre, oihu eta negarretara ohituta baikaude. Atmosfera berezia.

Baina umeak falta badira ere, ordu horietan eta urte sasoi horretan, jolastokia ez dago zeharo hutsik. Gerizpetan dauden banku bakar batzuk okupatuta daude, eta bertan eseritako jendea ez da beti bertan egoten dena, antza. Badirudi normalitateak lekua egin diola berezitasunari. Izan ere, jarlekuak populatzen dituzten pertsonak ez daude gizartearen zentroan. Ordura arte parkean erdigunea eta muina haurrak baziren, udan eta desorduetan marjinetakoak daude/gaude.

Jesarleku baten zauriz betetako gizon bat dago, altuan dabil berbetan, ez dakit guri deika ala bere buruarekin. Pare bat banku harantzago mutil pakistandar bi daude, lasai asko eguraldiaz disfrutatzen. Beste baten, hiru gizonek elkarrizketa berezi bat dute, ez dira oso nagusiak, baina osasun arazoez eta heriotzaz dihardute; esaten dutenagatik, pentsatzen dut ez zutela bankuan jesarri aurretik elkar ezagutzen. Bitxia, benetan. Aurrerago eginez gero, zaharrak aurkituko ditugu, gurpil aulkian edo makuluak aldamenean dituztela. Eurekin eserita zaintzaileak daude, emakumeak ia guztiak, eta ia denak Hego Amerikako jatorrikoak. Noiz edo noiz, adineko batzuk senidea den laguntzaileren batekin ere ikusten dira, baina, orduan, aparteko jarleku baten egoten dira familiak.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, parkea betetzen hasten da. Hasieran gaztetxoekin, geroago betiko guraso eta umeek betetzen dute jolastokia. Ez mukuru, beste urtaroetan bezala, baina itxura arruntagoa du.

Desorduetan zeuden pertsonek ere bertan segitzen dute, urte guztian lez, baina lanbrotu zaizkigu, ikusezin bihurtu. Normalitateak bere lekua hartu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.