Dena Zubietara; nora, bestela?

Dena Zubietara; nora, bestela?

Aitziber Arzallus

Zubieta, ofizialki, ez da udalerria: administratiboki Donostiaren eta Usurbilen artean banatuta dagoen auzoa da. Ez da handia: 480 bat biztanle ditu, eta 4,5 kilometro koadroko eremua du. Baina Euskal Herrian herri gutxi izango dira hedabideetan Zubietak adina titulu eta orrialde izan dituztenak. Izan zitekeen inauteriengatik, hipodromoagatik, sagardotegiengatik edota Realak han entrenatzen duelako. Baina, ez; azken urteetan Zubieta denen ahotan egon bada, gehiago izan da beste kontu batzuengatik: hain zuzen ere, han eraikitzen ari diren azpiegitura proiektuengatik.

Errauste planta izan zen lehenengoa. Zabortegi guztiak itxi eta hondakinak erraustea ebatzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2002an, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako 2002-2016ko Plan Nagusiaren bidez. Erraustegia Zubietan eraikiko zutela erabaki zuten, eta, urteotan herritarrek haren kontrako dozenaka mobilizazio egin badituzte ere, aurrera jarraitzen dute hura eraikitzeko lanek.

Horrekin nahikoa izango ez balitz bezala, 2005eko uztailean Martuteneko kartzelaren ordezkoa ere Zubietan egitea hitzartu zuten Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak eta orduko Donostiako alkate Odon Elorzak. Eskuzaitzetako eremuan hura ere, erraustegiaren albo-alboan. Proiektua aldatuz eta txikituz joan da urteak igaro ahala: 2.000 preso hartuko zituen espetxe erraldoi bat eraikitzea zen hasierako asmoa, eta, azkenean, presoak gizarteratzeko zentro bat eraikiko dutela dirudi. Proiektuaren tamaina aldatu badute ere, inoiz ez dute aztertu haren kokalekua aldatzerik.

Eta gune bererako beste proiektu bat ere badu Donostiako Udalak: egun Loiolan dagoen militarren kuartela hara lekualdatu nahi du. Gizarteratzeko zentroa hasierako espetxe hura baino txikiagoa izango denez, sobera geratuko den lekua kuartela eraikitzeko aproposa izan daitekeela uste du udalak. Hala, irailaren 4an egin zuten bileran, Eneko Goia Donostiako alkateak Eskuzaitzetako lurrak eskaini zizkion Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroari, kuartel berria han eraiki dezaten.

Erraustegia Zubietan, gizarteratzeko zentroa Zubietan, eta kuartel militarra ere Zubietan, beraz. Baina, zergatik dena Zubietan eraiki behar hori? Xabier Arregi Usurbilgo alkateak argi dauka: “Horren guztiaren atzean daude Donostiak dauzkan hedapen eta hirigintza interesak, eta ez Zubietak eta gure eskualdeak dauzkatenak. Donostiako Udalak garbi dauka Loiolan eta Martutenen etxebizitzak egin nahi dituela, eta, kartzelak eta kuartelak enbarazu egiten diotenez, hortik kendu egin nahi ditu, eta erdigunetik urrutien dagoen Donostiako partera eraman nahi ditu; alegia, Zubietara”.

Arregiren hitzetan, Donostiak kosta ahala kosta bete nahi ditu asmo horiek, beste ezeri begiratu gabe. “Haren ikuspegia da erdigunean interesatzen ez zaizkion gauza guztiak Zubietara ekartzea, eta oso oldarkorra da horretarako erabiltzen ari den hirigintza eredua, oso agresiboa, jasangarritasun irizpideak kontuan izan gabe pentsatutakoa”. Hirigintza eredu jasangarriak hobetsi ditu Arregik. “Eredu horien arabera, erabilitako orubeak berrerabili behar dira, ahalik eta espazio gutxiena okupatu behar da, eta ingurumena eta baliabide naturalak zaindu behar dira. Donostiaren ereduak, ordea, ez du errespetatzen irizpide horietako bat bera ere. Mendi lurrak dira Eskuzaitzetako eremuan dauden lurrak, faunaren eta floraren aldetik balio handiko lurrak eta nekazaritzarako oso onak, erribera bat ere badelako. Donostiako Udalari, ordea, bost axola zaizkio kontu horiek”.

Iritzirik eskatu gabe

Donostiako Udalak zubietarrei sekula ez die galdetu azpiegitura horiek guztiak herrian eraikitzea zer iruditzen zaien. Hala dio Narciso Arrillaga Zubietako alkateak: “Herri Batzar gisa ez digute ezertxo ere esan ez erraustegiaz, ez kartzelaz eta ez kuartelaz. Teorian, buletinean publikatuta dago derrigortuta daudela Zubietan egingo diren obrak edo aldaketak guri komunikatzera eta gure iritzia jasotzera, baina ez dute betetzen. Kontua da, gauzak egin eta gero iristen zaigula informazioa, prentsaren bidez”. Horrek “beldurra eta sekulako ezina” eragiten diela esan du Arrillagak. “Alkate kargua hartu nuen egunean, hemen izan ziren Donostiako eta Usurbilgo alkateak, eta biei zuzenean galdetu nien ea Zubieta zer zen beraientzat”. Herri izaera duen auzo bat zela erantzun zioten biek. “Eta tratu hori emateko konpromisoa hartu zuten biek”, azaldu du Arrillagak. “Hedabideen aurrean oso ondo geratu ziren adierazpen horiek eginda, baina egunerokoan ikusten dugu Donostiako Udalak ez duela esandakoa betetzen. Besteren eskuetan gauden txotxongiloak sentitzen gara, adierazpen politak egiteko erabiltzen gaituztelako eta, gero, ezertarako ez gaituztelako kontuan hartzen. Eta, gero, herri batzarra osatzen dugunok eman behar izaten ditugu azalpenak herritarren aurrean”.

Arrillagaren ustez, azpiegitura horiek guztiak beharrezkoak ote diren aztertu beharko litzateke lehendabizi. “Beharrezkoak direla ikusten bada, nik ulertzen dut Donostiako Udalak Zubietan eraiki nahi izatea, besteak beste, hemen lekua badagoelako. Baina azpiegitura horietatik Donostiak aterako duenaren parterik ere ez al dugu merezi zubietarrok? Adibide bat jartzen hasita, herrian lokal bat ere ez daukagu kultur jarduerak eta aisialdiko jarduerak antolatzeko”.

Arregik ere Donostiako Udalaren jarrera itxia kritikatu du. “Eskuzaitzetako eremua administratiboki Donostiari dagokio, eta kito; harentzat, hor bukatzen da eztabaida. Donostiako Udalak badaki gure iritzia ez dela proiektu horien aldekoa. Esate baterako, erraustegiaren kasuan, hamaika aldiz adierazi dugu kontra gaudela, kaltegarria dela inguruko herritarren osasunarentzat, eta, gainera, ez dela beharrezkoa. Baina Donostiako Udalak sekula ez du prestasunik azaldu hitz egiteko”.

Herritarrek azalpenak merezi dituztela uste dute bi alkateek, “horrelako azpiegiturek jende askori eragiten baitie, ez zubietarrei eta usurbildarrei bakarrik”, adierazi du Arregik. “Eta badago beste kontu bat ere: herritarrei zor zaien errespetua eta gauzak esateko modua. Oso mingarria da Donostiako alkateak esatea ‘gure lurrak eskaini dizkiogu Espainiako armadari kuartela Zubietara eraman dezan'”. Arregik gogoratu du bataila gunea izan zela 36ko gerran Eskuzaitzetatik oso gertu dagoen eremu bat, Txaldatxur mendixka, hain zuzen. “Gure gudariek borrokan jardun zuten, eta askok bizitza eman zuten lur horiek defendatzeko. Eta, orain, zer eta, Donostiako alkateak lur horiexek berak Espainiako armadari eskaini dizkiola? Min ematen du horrek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.