Denbora da trukerako txanpon berria

Aitziber Arzallus

Ordulariaren orratzen mende bizi dira herritarrak. Norberak bere lanpostuan sartzen dituen lanorduekin, etxeko zereginekin eta seme-alaben zaintzarekin nahikoa izango ez balute bezala, bidaia agentzietako, supermerkatuetako, gasolindegietako eta banketxeetako langile ere badira orain. Bezero zirenak langile bihurtu dira, enpresa horietan lan egiten duten langileen kalterako eta norberak aisialdirako izan behar lukeen denbora sakrifikatuta. Eta hori guztia, ohartu ere egin gabe.

Horretaz jabetuta, Azpeitiko Udalak Denbora neurtuz egitasmoa abiatu zuen duela hilabete batzuk, azpeitiarrek denbora zertan erabiltzen duten jakiteko. Udalak azaldu duenez, denboraren erabilerari erreparatuta, “herritarren arteko desberdintasunetan” jarri nahi da arreta, “denbora zertan erabiltzen den aztertuta ikus baitaiteke gizartearen antolaketa eredua, eta horrek dimentsio ekonomikoan duen eragina”. Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, azken urteotan eremu pribatuan eta, batez ere, zaintzan emakumeek egiten duten lana aztertzeko, aitortzeko eta bistaratzeko nahia edo helburua izan du udalak: “Hasierako asmoa zaintza lanen inguruko azterketa egitea bazen ere, ez dugu modu egokirik aurkitu hori egiteko. Aukerak aztertzen ari ginela, ordea, denboraren erabilera aztertzeko egitasmoa ezagutu genuen, eta horrek guk bistaratu nahi dugun errealitatea isla dezakeela ondorioztatu genuen. Orduan ekin genion azterketa egiteari. Izan ere, denbora adierazle egokia dela uste dugu”.

Egitasmoaren helburua “emakumeen ezkutuko lana ikusaraztea” dela azpimarratu du Etxanizek: “Gaur egun inork ez du denborarik ezertarako, nahiz eta lan oso ezberdinak izan edota ardura desberdinak izan eremu pribatuan zein publikoan. Zertan pasatzen dugu denbora? Zein ezberdintasun daude generoaren arabera? Emakumeen ezkutuko lana ikusarazi nahi dugu denboraren erabileraren inguruan egiten ari garen ikerketaren bidez”.

Pausoz pauso

Ikerketa hainbat fasetan gauzatzen ari da udala. Lehenik, udaberrian, sentsibilizazio fasea egin zuen. Azterketaren egileak herriko eragileekin elkartu ziren proiektua ezagutarazteko. Ondoren, ekainean, herritarrei galdetzen hasi ziren, herriko errealitatea ezagutzeko eta datuak biltzeko. Herritarrek urriaren 7ra arte dute galdetegiak betetzeko aukera udaletxean, Emakumeen Txokoan edota Interneten, Azpeitiko Udalaren webgunean.

Baina kontua ez da amaituko galdetegiak betetzearekin, denboraren erabileraren gaia gizarteratzeko eta herritarrek gaiaren inguruan hausnartzeko hainbat jarduera prestatu baititu udalak ikasturte berrirako. Hilaren 19an, datorren asteazkenean, izango da aurreneko saioa. Egun horretan, Ladrones del tiempo dokumentala emango dute Soreasu antzokian, 21:00etan. Ondoren, ikus-entzunezkoaren egilearekin solastatzeko aukera izango da. Cosima Dannoritzer da dokumentalaren zuzendaria, eta horrela dio sinopsiak: “Ahaztu petroleoaz, uraz edo mineralez. Ikerketa berri honetan erakusten zaigun bezala, trukerako txanpon berria bihurtu da denbora, eta gure esku dago baliabide baliotsu bezain mugatu honen kontrola berreskuratzea”.

Urriaren 2an, berriz, Reforma horaria egitasmoa aurkeztuko du haren sustatzaile Fabian Mohedanok. Berdintasunerako tresna berria izenburupean egingo du solasaldia Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Reforma horaria egitasmoaren xedea da herritarrek euren denbora “askatasun handiagoarekin” kudeatu ahal izatea: “Jendearentzat ordutegi egokiagoak bultzatzen ditu egitasmoak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen dutenak; harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak. Udalerrietarako proposamena nahiz orain arte egindako ibilbidea aurkeztuko dizkigute solasaldian”.

Urriaren 17an, azkenik, Zertan erabiltzen dugu denbora azpeitiarrok? jardunaldia egingo dute Emakumeen Txokoan, 18:00etan. Herritarrek hilabeteotan bete dituzten galdetegietatik jasotako datuen zenbait zertzelada emango dituzte. Saio hori denboraren erabileraren inguruko hausnarketak eta iritziak plazaratzeko gunea izatea nahi du udalak. Elhuyarrek dinamizatuko du hausnarketa saioa.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azterketak egitearen garrantzia azpimarratu zuen udalak herrian ikerketa egingo zuela iragartzeko prentsaurrekoan: “Aztertu egin behar da aurrena, ondoren politikak diagnosiaren gainean aktibatzeko eta horiek izandako inpaktua neurtzeko. Noraezean ez ibiltzeko, estrategikoki egin behar dira neurketak, eta aldaketa errealek izan behar dute helburu”. Eustatek eta INEk egin izan dituzte denboraren erabileraren gaineko azterketak, baina halako neurketa bat egiten duten lehen herrietako bat da Azpeitia. Denbora kontua da emaitzak jasotzea.