Eguzkiaren erritmoan dantzan

Eguzkiaren erritmoan dantzan

A. Vierbücher

Zerura begira daramate aste osoa Ordiziako Trobadore Alaiak taldeko kideek. Izan ere, oso eskaintza berritzailea daukate esku artean. After Sun jaialdia egingo dute bihar, Ordiziako Oiangu parkean. Egun osoko egitaraua daukate prest; kontzertuak eta bestelako hainbat ekintza izango dituzte egun guztian. Besteak beste, bihar Oiangun izango dira Keu Agirretxea, Ekiza, Maider Zabalegi,Los Pies del Gato eta Solar Sound Systemeko DJak.

Izenak irakurrita, agian, berritzailetik gutxi daukala pentsatuko du baten batek, begiratu batera beste edozein jaialdi edo festaren itxura daukalako. Baina ez da hala. Ordiziako Trobadore Alaiek asko astintzen dute burua, eta, egitarau erakargarria osatu ez ezik, herritarrei “beste zerbait” ere eskaini nahi izan diete oraingoan. “Erronka handia da jaialdi hau aurrera eramatea”, azaldu du Urko Ruiz de Apodaka antolakuntzako kideak. Eguzkiaren energia baliatuta jendea dantzan jartzea izango da erronka, ohiko argindar azpiegitura erabili beharrean, eguzkiaren indarra baliatzen saiatuko direlako soinu ekipoak martxan jartzeko. “Aspalditik genbiltzan horrelako zerbait egin nahian, eta erronkari bete-betean heldu genion posible zela ikusi genuenean”.

Jon Zabala Krea Energia Berriztagarriak enpresako arduradunak argitu duenez “funtzionalak izango diren bi gune” egongo dira Oiangun. Hain zuzen ere, Kreako kideen laguntza jaso dute After Sun jaialdiko antolatzaileek. Zabalak azaldu duenez, Solar Sound System DJ kolektiboa egongo da guneetako batean, “bere ohiko unitate mugikorrarekin”. Lausanan (Suitza) sortu arren, Paris, Tel Aviv, Berlin edo Marseillara ere iritsi da Solar Sound System kolektiboa. Euskal Herrian ere badaukate egoitza, Miarritzen.

Gainerako DJek bezala, musika jartzen dute Solar Sound Systemeko kideek ere, baina eguzkiaren energia baliatuta; plaka fotovoltaikoak baliatzen dituzte horretarako. Euren baliabideak are gehiago indartzeko, beste aukera bat ere izango dute Solar Sound Systemeko kideek. Izan ere, hainbat bizikleta jarriko dituzte inguruan, eta argindarra sortuko da pedalei eraginez gero. After Sun jaialdira joaten den orok lagundu ahal izango du, beraz, energia sortzen, ondoren musika entzun ahal izateko. Solar Sound Systemeko kideek egun osoan girotuko dute Oiangu ingurua. Manodelle eta Francois del Mundo DJak ariko dira, besteak beste, eta musika elektronikoa jarriko dute bereziki. Kolektiboaren musika ekipoa baliatuko dute jaialdian parte hartuko duten gainerako taldeek ere.

Tabernako gunea elikatuko du bigarren gune funtzionalak. Adibide gisa, energia berriztagarrien bidez funtzionatuko dute barrako kañeroek. Lau plaka fotovoltaikori esker lortuko dute hori. 680 Wp-ko potentzia dauka bakoitzak. “Aspaldiko plakak dira, eta egun honetarako baliatuko ditugu. Ez dira gaur egun merkatuan dauden eraginkorrenak, baina ederki beteko dute beren funtzioa”, nabarmendu du Zabalak. Baterietara lotuta egongo dira plaka fotovoltaiko horiek. “Orduko 24 volt eta 350 amperekoak dira, eta inbertsore bat ere badaukate. Horrek guztiak osatuko du muina gune horretan”. Usurbilgo Lanbide Eskolak utziko die biharko beharrezkoa duten material hori guztia. Gune bat ere jarriko dute energia berriztagarri horien inguruan zalantzak dituztenentzat, zalantza horiek argitzen laguntzeko.

Ordiziako Trobadore Alaiek argi zeukaten euren filosofiari eustea zela gauzarik garrantzitsuena. “Energia berriztagarriak erabilita jaialdi bat antolatzea posible dela erakustea zen helburuetako bat. Aldi berean, eta, azken urteotan horrelako instalazioen prezioak nabarmen behera egin duen arren, gurearen gisako elkarte batentzat handiegia zen ohiko instalazioen kostua”.

Bihar eguraldi ona egitea besterik ez dute espero orain. “Baina ez lainotuta egonez gero plaka fotovoltaikoek ez dutelako funtzionatuko; eguzkiaren erradiazioa berdin-berdin iritsiko litzateke kasu horretan. Oiangura ahalik eta jende gehiena hurbiltzea nahi dugulako baizik”, adierazi du Zabalak. Iluntzean, gainera, izarrak aztertzeko jarduera antolatuko dute Aranzadiko astronomia saileko kideek. Izarrak eta planetak behatuko dituzte teleskopioen bidez, eta, horretarako bai, horretarako beharrezkoa izango da zerua garbi-garbi egotea.

Legorretatik mundura

Legorretatik Mundura gobernuz kanpoko erakundeak ere parte hartuko du jaialdian, eta erakusmahai bat jarriko dute Oiangun, urte osoan egiten dituzten jardueren informazioa zabaltzeko. Horrez gain, diru bilketa egiteko asmoa dute. Izan ere, gaur egun, energia berriztagarriekin zerikusia daukan proiektua martxan daukate Afrikan, Cabo Verdeko nekazari komunitate batekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.