Haserre, eta beldurtuta

A. Arzallus

Astearte eguerdia da, bero egiten du, eta inor gutxi dabil Zubietan. Etxe gehienetako leihoetan zintzilikatuak dituzten kartelek, frontoiaren kanpoaldeko hormetako batean margotutako irudiak eta beste batean dagoen pankartak nahikoa esaten dute, hala ere. Errausketaren aurka eta birziklatzearen alde daude zubietarrak, argi eta garbi.

Usurbildarra da Mikel Beristain, erretiroa hartuta dago, eta maiz etortzen da Zubietara, bizikletan. Gaur ere bai. Bizikletatik jaitsi, eta luzatze ariketak egiten ari da, izerdi tantak lehortzen dituen bitartean. Zubietan egiten ari diren eta egitekoak diren azpiegiturez zer iritzi duen galdetu, eta argi erantzun du: “Zer irudituko zait, ba? Hemengo bakeak joan direla, eta minbizia datorrela”. Beristainek ez du ezagutzen proiektu horien alde dagoen zubietarrik. “Ez duzu topatuko proiektu horien alde dagoen bat bera ere. Askotan eta era askotara esan izan dugu hemen ez dugula nahi horrelako azpiegiturarik, baina inork ez digu kasurik egiten, eta denak egingo dituzte, ziur, eta zoritxarrez”. Donostiako Udalaren jarrerari onartezin deritzo. “Agintean beste batzuk egon izan balira, gauzak ez ziren horrela egingo”.

Antzera mintzatu da Felipe Narbarte ere. 55 urte ditu, eta hernaniarra da izatez. Arrebarenera doa, Zubietan bizi baita urte askoan, eta bera ere han bizi da orain. “Hemen ez balute ezer eraikiko, askoz hobe denontzat, azpiegitura horiek ez digutelako inolako mesederik egingo”. Erraustegiak ematen dio beldurrik handiena, herritarren osasunean eragin ditzakeen kalteengatik. “Badakigu osasunerako kaltegarria izango dela, minbizi kasuak-eta ugaritu egingo direlako. Orain da neurriak hartzeko garaia; alferrikakoa izango da gero damutzea”.

Beste horrenbeste dio Neia Pirisek ere. 38 urte ditu, eta brasildarra da, baina hamar urte daramatza Zubietan. Bi seme-alabekin eta lagun batzuekin bazkaltzen ari da plazan. “Ematen du geuk hartu behar ditugula beste inon nahi ez dituzten azpiegitura guztiak. Zergatik? Mila bider esan dugu ez dugula nahi horrelako azpiegiturarik, baina ez digute kasu egiten”.

Erraustegia Zubietan egingo zutela jakinarazi zutenean sortu zuten Zubieta Lantzen erakundea, eta, gaur egun kirol eta kultura arloetan ere jarduten badu ere, funtsari heltzen dio oraindik. Erakundeko kideak ezin haserreago daude Goiarekin. “Donostiaren zabortegitzat dute Zubieta, donostiarren beharrei bakarrik erantzuten baitie erraustegiak. Donostiako Udalaren interes ekonomiko soilak daude azpiegitura horren atzean, datuek erakusten baitute ez dela beharrezkoa. Gipuzkoako herri gehienetan birziklatze tasa izugarri handitu da azken urteotan, eta, hain zuzen, Donostiak ditu daturik okerrenetakoak. Donostian, urtean pertsonako 300 kilo hondakin sortzen dituzte, eta nahikoa litzateke kopuru hori erdira murriztea errauskailuaren beharrik ez izateko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>