Javier Colorado: “Erosketak egiteko gunea baino gehiago da Urbil”

Unai Zubeldia

2000. urteko maiatzaren 16an ireki zuten Urbil merkataritza gunea, eta “erreferentzia bihurtuta” iritsi da adinez nagusi izatera. Javier Colorado (Ordizia, 1974) 1998an hasi zen lanean supermerkatuen sektorean; 2003an, merkataritza guneen kudeaketa lanetan hasi zen, eta 2016ko urtarrilean izendatu zuten Urbileko zuzendari. Biharko ospakizunetan parte hartzeko deia egin die bezeroei; Urbil Fest jaialdia 11:00etan hasiko da, puzgarriekin eta txikienentzako eskaintzarekin, eta bete-beteta daukate egitaraua: bertsolariak, Tio Teronen Semeak, Txirri, Mirri eta Txiribiton, Amaia Zubiria, Sonakay…

Duela hemezortzi urte ireki zen Urbil merkataritza zentroa. Zer egoeratan iritsi zarete ospakizunetara?

Formatu handiko merkataritza eta aisia eskaintzari dagokionez, Urbil erreferentzia da gaur egun Gipuzkoan. Sendotuta dagoen erreferentzia ezaguna da Urbil, eta oso balorazio ona egiten dugu alde horretatik; garai ona da etorkizuneko erronken inguruan gogoeta egiteko. Exijentzia handiko errealitatea daukagu parez pare, lehiakortasun handia baitago eskaintzan eta merkataritza zentroen kopurua izugarri hazten ari baita inguruan. Horregatik, argi eduki behar dugu zer bide hartu behar dugun; bestela ezin, eta Urbileko arduradunak aspalditik ari gara kontu horiei bueltaka, eta instalazioak handitzea da etorkizuneko proiektuaren oinarrietako bat, merkataritza eta aisia eskaintza bera areagotu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak pausoak eman zain, atariko fasean gaude oraindik, hala ere.

Zer erronkarekin ekin zion bideari Urbilek?

Ingurumenarekiko eta euskal kulturarekiko gertutasuna, dinamismoa eta konpromisoa oinarri hartuta, 2000. urtetik gipuzkoar guztiengana hurbiltzen saiatu da Urbil. Erosketak egiteko gunea baino gehiago da; toki erosoa eta dinamikoa izatea zen erronka, familien eta lagunen aisiarako eta gozamenerako bilgunea izatea.

Eta zer erronka daukazue betetzeko oraindik?

Erreferentzia izaten jarraitu nahi dugu, eta berrikuntza bat behar dugu horretarako, sektorearen behar berrietara egokitu ahal izateko; Urbil beti egon izan da prest marka berriei lekua egiteko, baina, neurri berean, tokiko merkatariei aukerak ematea ere bada gure helburua. Gaur egun, espazio faltagatik, zailtasunak dauzkagu erronka horiei heltzeko; neurri berean, Urbilek jarraitu beharra dauka Buruntzaldeko merkataritza eskaintza sozioekonomiko eta turistikoaren barruan txertatzen. Ingurumena eta energia berriztagarriak erabat kontuan hartuta egingo dira berrikuntza lanak, bezeroen eta merkatarien behar berriei erantzunez.

Merkataritza gune handi ugari daude Gipuzkoan, eta, hamar kilometro eskasera, Garberak ere instalazioak handitzeko erronka dauka. Nola egiten diozue aurre lehiakortasun horri?

Azken urteotan asko aldatu da inguruko merkataritza guneen errealitatea, eta ematen du aldatzen jarraituko duela. Gipuzkoa are herrialde zorrotzagoa bihurtu da; merkataritza eta aisia eskaintza izugarri hazten ari da. Horregatik, gure gaitasuna areagotu beharra daukagu lehiakorrak izaten jarraitzeko. Metro koadro gehiago behar ditugu horretarako.

18. urteurrena ospatzeko jaialdia antolatu duzue biharko. Zerekin gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek?

Nerea Alias izango da Urbil Festen aurkezlea, eta guzti-guztiak daude gonbidatuta. 11:00etan hasi, eta 21:00etan amaituko da aparkalekuko festa. Festa horren bidez, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu bisitariei eta dauzkagun 700 langile baino gehiagori. Langile horietatik ia 200 hasieratik ari dira lanean Urbilen; jaialdia familia girokoa izango da, eta adin guztietakoek gozatu ahal izango dute: Sonakay eta Amaia Zubiriaren kontzertuak izango ditugu, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, magia emanaldiak, ipuin kontalariak, puzgarriak… Tio Teronen Semeak taldea, trikitilariak eta bertsolariak ere izango ditugu. Usurbilgo senior mailako emakumeen eskubaloi taldearen aurkezpena egiteko ere baliatuko dugu eguna, babesleak baikara.

Nola lor daiteke oreka merkataritza zentro handien eta tokiko merkatari txikien artean?

Gure ustez, bateragarriak dira merkataritza gune handiak eta tokiko merkatariak; elkarrekin, eskaintza osatu eta indartu egiten dugu; horregatik, uste dugu interesgarria eta bideragarria dela Urbilen eta Usurbilgo denda txikien artean elkarlanerako bideak aztertzea, gure herria erreferentzia bihur dadin sortzear diren merkataritza gune berrien aldean. Gainera, guzti-guztiok adi egon behar dugu indarra hartzen ari den erosteko ohitura berri batera, Internet bidezko merkataritzara, egokitzeko eta zerbitzua hobetzen eta garatzen jarraitzeko.

Krisiak izan al du eraginik Urbilen eguneroko jardunean?

Gu saiatu gara krisi garaian ere egoera guztietara egokitzen eta bisitariei irtenbide lehiakorrak eskaintzen. Duela urte batzuk hasi ginen deskontua daukaten aisia planak eskaintzen —Urbilbox—. Adibide gisa, bazkaldu edo afaldu eta zinera joan daiteke 13 euroren truke. Sei plan desberdin dauzkagu gaur egun, eta oso arrakastatsuak ari dira izaten, bezeroek 1.100 baino gehiago eskuratzen dituztelako hilero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>