Peoiak erregea jan zuenekoa

Peoiak erregea jan zuenekoa

Beñat Alberdi

Epikak badu bere tokia kolektiboaren imajinarioan. Sarritan aurkeztu izan da arte sorkuntzetan; esaterako, David eta Goliaten kondairan, edota V de Vendetta komikian. Elgoibarren kasuan, errealitatearekin lotura edukiko luke epikak. Izan ere, Danobat Irekia, nazioarteko lehenengo txapelketa, antolatu du Elgoibarko Zubi Ondo xake taldeak, Danobat enpresaren eta udalaren laguntzarekin. Taula baten parean egin ahal izango dute epikarako bidea, datorren irailaren 22an eta 23an Elgoibarko Asmaola eraikinean xakeko maisu handien aurka lehiatzeko aukera eskainiko zaiolako mahai jokoan aritzen den orori. Peoiak erregea jateko aukera izango du, horrenbestez, egun batez.

“Badakigu ezinezkoa dela maisu bati irabaztea”, azaldu du Lander Agirregomezkortak, Zubi Ondoko eta txapelketaren antolakuntza taldeko kideak. “Baina aukera ederra da euren aurka jokatu ahal izatea; aukera hori eskaini nahi genuen”. Elgoibarren xake lehiaketa bat antolatzea ez da kontu berria. Iaz, esaterako, 27. aldiz antolatu zuten Maisuen Nazioarteko Txapelketa. Maila handiko maisuak soilik gonbidatzen dituzte, ordea, txapelketa horretara; herritar arruntak ez dauka izena ematerik. Hortxe dago bi lehiaketen arteko aldea, irailaren 22 eta 23ko txapelketarako federatu gabe daudenek ere eman ahal izango dutelako izena.

Aski ezagunak dira xake jokoaren eta figura bakoitzaren arauak; ez, ordea, taula jokoaren bueltan eraiki den mundua. Urteetako lanaren emaitza da xake maisuen titulua, eta ez txapelketa zehatz baten saria. Nazioarteko Xake Federazioak elo sailkapena erabiltzen du jokalari bakoitzaren titulua zehazteko. Federatuz eta txapelketa ofizial bat jokatuz gero, sailkapenerako puntu kopuru jakin bat jasotzen dute xake jokalariek —200 inguru—, eta, lehiatu ahala, puntu kopuru bat eskuratzen edo galtzen dute. 1.000 puntura heldutakoan lortzen da hasiberri titulua; 2.200 eskuratuz gero, maisu hautagaiarena; 2.400 eta 2.499 artean edukiz gero, nazioarteko maisuarena; eta 2.500 puntutik gora, maisu handiarena. Munduko txapeldunarena da lor daitekeen garaipenik handiena. Ondorioz, federatu gabeko jokalaria litzateke afizionatu mailakoa, punturik gabea eta afizio hutsez jokatzen duena.

Motibazio iturri

Elgoibarko txapelketari dagokionez, zortzi jokalari tituludunek parte hartuko dute: lau maisu handik, hiru nazioarteko maisuk eta maisu hautagai batek. Gabriel del Rio Espainiako txapeldun berria ariko da, besteak beste. Ez dira edonolako aurkariak. Hori bai, Danobat Irekian ez da banatuko elo punturik. Antolatzaileek aukera gisa eskaini dute txapelketa, xake jokalariak motibatzeko eta mugimendu berriak ikasteko. Juan Manuel Navarro antolatzaileak argi nabarmendu du “argazkiak berak” nahikoa garrantzi izan dezakeela jokalari horiek aurrera jarraitzeko: “Oroitzapen ederra da maisu batekin jokatu izana, eta are gehiago harekin argazkiren bat ateratzea”.

Bestelako ikuspegia du Mikel Leon Zubi Ondoko kideak eta txapelketaren antolatzaileak. Argazkiari ez dio ukatu daukan garrantzirik, baina arreta handiagoa jarri dio partidari eta partidaren osteko hizketaldiari. Izan ere, xake partida amaitutakoan, norberak zein aurkariak egindako mugimenduak aztertuko dituzte bi jokalarien artean. “Kontuan eduki behar da maisu horiek idatziak direla guk ikasteko erabiltzen ditugun liburu asko. Izugarri ikas dezakegu maisuen aurka jokatuta”.

Oraindik ez diete ekin partidei, baina antolatzaileen ustez nekez irabaziko diote maisuren bati. Antolaketan ariko direnek ezin izango dute parte hartu, nahikoa lan izango dutelako bestela ere.

Danobat Irekia ez da izango Elgoibarren aurten antolatuko duten lehiaketa bakarra. Abendurako prestatzen ari dira Maisuen Nazioarteko Txapelketa, eta beste berritasun bat ere izango dute herrian: 2.200 elo azpiko Danobat Irekia.

Afizionatu mailako jokalari batek maisuren baten aurka jokatzea da hurrengo asteko lehiaketaren berritasuna, eta antzera antolatu nahi dute 2.200 elo azpikoen lehiaketa. Erraztasunak eskaini nahi dizkiete xake munduan murgiltzen hasi nahi dutenei. Adibide ona da Santi Fernandez antolakuntza taldeko kidearena. Federatuta dago, baina oraindik ez du jokatu txapelketa ofizialik. Beraz, ez dauka elo punturik. “Gipuzkoan, Donostian jokatzen dira partida ofizialak, larunbatetan, eta 40 euro balio du izen emateak. Oso zaila da lehen pausoak ematea”, argitu du Fernandezek. Txapelketa horretan zer-nolako emaitza lortuko lukeen ez dakien batentzat, ez dira bidelagun onenak distantzia, eguna eta prezioa.

Ondorioz, dohainik eman ahal izango da izena txapelketa horretan, eta partidak, larunbatetan ez, ostegunetan jokatuko dituzte. “Seme-alabak dauzkagu askok”, azaldu du Leonek. “Eta zaila da larunbat osoa libre izatea. Ostegun batean ez du hainbeste eragiten etxera ohi baino pixka bat geroago iristeak”.

Txapelez gain, gazteen aisialdirako xake ikastaroak eskainiko dituzte Zubi Ondoko kideek. 17 urte dauzka taldeko gazteenak eta belaunaldi berriengana ere iristeko saiakera egin nahi dute. Argi daukate, ordea: ez da erraza izango futbolaren eta beste hainbat kirolen inperioari irabaztea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.