Historiak irentsitako kamarada

Historiak irentsitako kamarada

Beñat Alberdi

Historiaren orriek hamaika istorio irensten dituzte aurrera egin ahala. Nahikoa arreta ez zaielako jarri, akaso. Bestelakoa da, ordea, Celestino Uriarte militante komunistaren kasua. Izan ere, hainbat kontu azpimarragarri daude arrasatearraren bizitzan: hasi Arrasateko 1934ko iraultzarekin, jarraitu 1950eko Martuteneko espetxeko ihesaldiarekin, eta 1970eko PCE Espainiako Alderdi Komunista uzteraino. Bere bizipenen berri emateko, Kamarada dokumentala prestatu du Intxorta 1937 elkarteak. Urriaren 10ean estreinatuko dute, Arrasaten. Aldez aurretik, dena den, finantzaketa kolektiboa jarri dute abian grabazio eta edizio gastuei aurre egiteko. Julia Monge Intxorta 1937 elkarteko kideak eta Kamarada dokumentalaren gidoilariak azaldu duenez, “film baten modukoa” izan zen Uriarteren bizitza.

Historia bera baino gehiago, historiaren orrialdeak hartu ditu oinarri filmak; hots, liburu bat: Juan Ramon Garaik idatzitako Klandestinitatea eta erresistentzia komunista (Txalaparta, 2006). Hark arrasatearraren nondik norakoak bildu zituen artxibo lan mardulean. Idazleak gogoan dauka, bereziki, Arrasaten bertan egin zuten aurkezpena: “Hainbat belaunaldi batu genituen, gazteak zein helduak. Uriarteren erreferentziaren adierazle da hori”.

Herriko artisten lankidetza ere izan zuten aurkezpenean. Gose musika taldeak abesti bat prestatu zuen espresuki: Amets Gorria. Jokin Labaien bertsolari arrasatearrak ere egin zuen bere ekarpena bertso sorta batekin. Bi puntu azpimarratu ditu Garaik: “Ekintza bidez mintzatu zena, ekintzak burutu arte / erretratutik harago doa Celestino Uriarte”.

1909an jaio zen militante komunista eta 70 urterekin zendu zen. Union Cerrajera enpresan hasi zen lanean, gazterik. UGT sindikatuan egin zituen militantziako lehen urratsak eta Juventudes Socialistas Unificadas taldea bultzatu zuen gero. 1934an iritsi zitzaion borrokarako lehen aukera. Ezaguna da Asturiasko (Espainia) 1934ko iraultza. Hortik kanpo, ordea, izan ziren beste hainbat kasu ere; Arrasaten, adibidez. “200 bat gazte mobilizatu ziren eskopetekin herria hartzeko”, azaldu du Garaik. Celestino Uriarte bera zuten buruetako bat. “Bertan behera utzi zuten diruaren balioa, eta janaria Casa del Pueblotik errazionatuko zutela erabaki zuten”.

Militarrak agertu ziren, ordea. Hainbat eskuindar zeuzkaten espetxeratuta; Marcelino Oreja diputatu eskuindarra eta Cerrajerako enpresaria tartean. Militarrek sortutako urduritasuna medio, hil egin zuten Oreja. “Horrek sekulako iskanbila sortu zuen komunikabideetan”, nabarmendu du Mongek. Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, errepresioa ere ez zen makala izan. Uriartek ihes egin zuen Frantziara. Behin gerra piztuta, ordea, zuzenean parte hartu zuen bertan. Dragoien batailoiaren nagusia izan zen, eta Donostiako borrokan parte hartu zuen. “Giza ezkutu moduan erabili zuten karlistek, Maria Cristina hotelean”, argitu du Garaik. Ebroko guduan ere parte hartu zuen, brigada baten buru.

Gudaren gorabeherak medio, Txilen bukatu zuen Uriartek. Enpresa bat sortu zuen han, eta ekonomikoki, behintzat, ondo moldatu zen. 1944an, ordea, desagertu egin zen Txiletik. Madrilera itzuli zen, eta gerrillako arduradun politiko-militar izendatu zuten. Ordurako ez zen Celestino Uriarte, Viktor baizik. “Garaiko argazki bakar batean ere ez da ageri. Inor atxilotzen bazuten, ez zuen nahi Celestino eta Viktor lotzerik”, azaldu du Garaik. Mercedes Gomezen bidez egiten zuen kontaktua eta bere testigantza jaso dute dokumentalerako.

Martutenetik ihesean

1946an atxilotu zuten, Asturiasen, eta sekulako torturak jasan behar izan zituen hurrengo 40 egunetan. Orejaren heriotza leporatu zioten eta Martutenen bukatu zuen preso. Hasieratik argi zeukan ihes egin beharra zeukala. “Erregimenaren bulegoan lan egingo zuela erabaki zuen”, zehaztu du idazleak. “Handik segurtasun ate bakarra zegoelako kanpora. Espetxetik irteteko, berriz, zazpi”. 1948an sartu zuten preso, eta 1950ean egin zuen ihes, ondo prestatutako ihesaldian.

Garaiko testigantzei garrantzi berezia eman diote Kamarada dokumentalean, egoera hura bizi izan zutenek beste inork baino hobeto deskriba dezaketelako, finean. Hamasei pertsonaren bizipenak bildu dituzte dokumentalean, komunista arrasatearrarekin noiz edo noiz harremana izan zutenak guztiak. Trini Ruiz de Alegria nabarmendu dute egileek, txikitatik ezagutu zuelako Uriarte. “Celestinoren bizipen guztiak ezagutu zituen Ruiz de Alegriak”, azaldu du Mongek. “Gainera, garai hartako egoera deskribatzeko balio izan digu”.

Kontu korronte bat guztien eskura jarri dute proiektuari babesa emateko: ES46 3035 0001 57 0010105700. Ekarpena 50 eurokoa baino altuagoa bada, emaileak liburu bat edo liburu sorta bat jasoko du ordainean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.