Umoreak baditu milaka aurpegi

Umoreak baditu milaka aurpegi

Aitziber Arzallus

Oso kontu serioa da umorea. Entzutearen entzuteaz, esaera bihurtu den baieztapena da hori. Baina, hala al da benetan? Kontu serioa al da umorea? “Umorea da? Edo serioa da? Kontraesana bada, behintzat”, Kike Amonarriz soziolinguista eta umoristaren hitzetan. “Kontra-esan horretan bizi garela uste dut, eta, gainera, oso kontraesan euskalduna dela, batzuk sano gaixotuta eta beste batzuk seko bustita egoten eta ibiltzen garen moduan”. Bistakoa da tolosarraren umorerako joera, jarrera kontua baita harentzat, oso kontu serioa. “Denok daukagu umorea, hobea edo okerragoa, umore txarra ere bai baitago. Eta nahiz eta batzuentzat umorea komikoa izan edo graziosoarekin lotu, uste dut askoz gauza sakonagoa dela umorea, bizitzari aurre egiteko aldarte bat dela”.

Amonarrizen arabera, umoreak balio dezake bizitza desdramatizatzeko, erlatibizatzeko; baina kontrakorako ere bai. Eta erlazio pertsonalak baldintzatzen ditu; “harreman hobeak eta gehiago izaten ditugu irribarreen inguruan, muturbelztuta edo goibelduta gaudenenean baino”. Amonarrizen esanetan, umoreak balio du harremanetarako. “Umorea oso ona da osasunarentzat, baina umorea izan daiteke zauritzeko ere, min emateko, kritikatzeko; goikoa kritikatzeko eta behekoa kritikatzeko… Eta, umoreari ematen zaion erabileraren arabera, pertsona baten edo herri bateko egoera soziopolitikoaren berri ere izan dezakegu”. “Oso baliabide malgua” da umorea, “erabilera askokoa”.

Horretaz eta umoreari lotutako beste hamaika gauzaz hausnartzeko aukera izango da datorren astean Azpeitian, Umorea oso kontu serioa da izenburupean Kultur Mahaiak antolatu dituen jardunaldietan. Astelehenean hasi eta asteazkena bitarte, hiru saio egingo dituzte Azpeitian, Sanagustin kulturunean guztiak, 19:00etan, doan. Astelehenean, umorearen inguruko solasaldia eskainiko dute Amonarrizek berak eta Antton Olariaga marrazkilariak, bien arteko elkarrizketa moduko bat; asteartean, Eusklabo Alaiak nobela grafiko politikoa aurkeztuko du Asisko Urmeneta komikigileak; eta asteazkenean, bakarrizketa saioa egingo du Idoia Torregaraik. Jardunaldiokin, umorea gai gisa jorratu nahi dutela azaldu du Xabier Gantzarain Azpeitiko Kultur Mahaiko kideak. “Ez genuen ikuskizun umoretsu bat bakarrik programatu nahi; testuinguru batekin, norabide batekin eta ikuspegi bat emanez, hainbat ertzetatik jorratu nahi genuen umorea”.

Umorea eta hizkuntza

Kultur Mahaian aspalditik ari ziren umorearen gaia lantzeko ideiari bueltaka, Enok Sudupe marrazkilari azpeitiarrak aspaldi egin baitzien eskaera. Uxoa Anduagak umorearen inguruan egindako tesiaren berri izan zuten geroago. “Anduagak oso gauza interesgarriak esan zituen tesiaren harira egin zioten elkarrizketa batean: umoreak nola funtzionatzen duen, guk uste baino askoz arma indartsuagoa dela eta ez zerbait arina, umorea nola erabiltzen den botere harremanak finkatzeko, zeinek zeini egiten dion barre, nola sortzen eta indartzen diren estereotipoak…”. Anduagaren hitzetan, umorea “oso erreminta ona” da hori guztia egiteko. “Eta baita kontrakoa egiteko ere; alegia, gauzak hankaz gora jartzeko, satira egiteko, kritikatzeko. Funtsean, umorea oso kontu serioa dela defendatzen du Uxoak, eta aztertzea merezi duela”.

Azken hilabeteotan izan da gaia jorratu duen besterik ere; iazko ekainean, esaterako, Umorea politikoa da monografikoa kaleratu zuen Jakin aldizkariak; eta aurtengo apirilean umorearen eta botere harremanen gaian sakondu du Argia aldizkariak, Larrun hilabetekariaren ale berezian. “Iruditzen zitzaigun guri ere tokatzen zitzaigula gaia gurera ekartzea”, adierazi du Gantzarainek. “Hori guztia gurekin lotu nahi genuen; alegia, euskaldunekin, euskal hiztunekin, eta horretarako interesgarria iruditu zitzaigun Kike Amonarriz eta Antton Olariaga ekartzea, Amonarriz soziolinguista eta umorista izanik, beti mugitu izan delako hizkuntzaren eta umorearen arteko esparru horretan, eta Olariaga zer esanik ez, haren umorearen oinarri-oinarrian hizkuntza, euskara, dagoelako”.

Hiru atal izango dituen saioa prestatu dute astelehenerako. Batetik, umorearekin zer ulertzen duten eta umorea nola ikusten duten azalduko dute; bestetik, euskal umoreaz jardungo dute; eta, azkenik, eurek landu izan duten umorearen inguruan azalpenak emango dituzte. Lanak aurreratzeko, Amonarrizek galdera bat utzi du mahai gainean: “Behin Anttonek bota zuen eta ikaragarri polita iruditu zitzaidan: Hau duk/n umorea, utzi alde batera euskaldun jendea. Zer esan nahi du abesti horrek? Erantzuna, astelehenean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.