“Droga gogorra izan zen Madrilgo eskaintza, eta ausart jokatu nuen”

“Droga gogorra izan zen Madrilgo eskaintza, eta ausart jokatu nuen”

Unai Zubeldia

Zehaztutako ordua baino minutu gutxi geroago, barkamena eskatuz iritsi da Xabier Mikel Errekondo (Usurbil, 1964) hitzordura, baina lasai ederrean kontatu ditu gero azken urteotako bizipenak. Zintzo aitortu du ia bi metro garai izateak erraztu egin ziola eskubaloian lehen pausoak emateko bidea, baina ibilbide oparoa egin zuen gero Bidasoa, Teka, Ciudad Real, Portland San Antonio eta Ademar Leonen; besteak beste, bi aldiz irabazi zuen Europako Kopa. Kirol ibilbidea amaituta, EAE-ANVrekin alkate izan zen Usurbilen, 2007tik 2011ra, eta Madrilgo Kongresura iritsi zen gero, 2011n bertan, Amaiurrekin. Informatikari lanean eta gaztetxoen eskubaloi entrenatzaile gisa dabil gaur egun.

Eskubaloi jokalari ohia, Usurbilgo alkate ohia, Espainiako Kongresuko diputatu ohia… Ohia, ohia eta ohia. Baina gaur egun zertan dabil Xabier Mikel Errekondo?

Gaur egun ere ikaragarri gustatzen zait ohia; oso maindirezalea naiz [barrez]. Arlo pertsonalean hazten jarraitzeko aukera paregabeak izan dira ohi horiek guztiak.

Gustatzen zaizu atzera begiratu eta egindakoa aztertzea?

Ez naiz atzera begiratu zalea, nahiz eta tarteka sentitzen dudan nostalgia pixka bat. Usurbilen bizi naiz, eta, elkartzen garenetan, gogora ekartzen ditugu udaletxeko gure gorabeherak. Amaiurreko lantaldean ere urtero egiten dugu bazkariren bat, eta orduan ere aipatzen ditugu Madrilgo kontuak; baina esperientzia pertsonalen ikuspegitik, batez ere.

Nolakoa zen Xabier Mikel mutiko hura?

Altua eta argala izan naiz betidanik. Pilotan ibiltzen ginen gu; eskuz, palaz, saskiarekin… Zubietan-eta joko garbian eta errebotean ibilitakoa da aita, eta ni ere ibili nintzen pare bat urtez. Futbolean jokatu nuen gero, 18 urte bete arte, eta eskubaloiari heldu nion ondoren. Mutiko izua nintzen orduan.

Bi metroko gorputzarekin, zailegia ere ez zen eskubaloian bidea egitea…

Ez pentsa… 17-18 urterekin Lasarte-Orian nenbilen futbolean, Michelin taldean, gazte mailan, eta [Mikel] Etxarri zen entrenatzailea, gaur egun Euskal Herrikoa izatea nahiko genukeen selekzioko hautatzailea dena. Bi talde osatu zituen abuztuan, beste taldean sartu zituen nire lagun gehienak, eta utzi egin nuen, egoskortuta. Aurretik eskubaloian jokatu gabea nintzen, eta herrian bertan hasi nintzen. 1,90 metro inguru izango nituen orduan; ia hogei zentimetro luzatu nintzen bi urteren tartean. Altuerak orekatu zuen ezjakin eta berantiar izate hori. Umetan pilotan jokatuta, ez neukan koordinazio arazorik, eta jokatzeko aukera eskaini zidaten. Errenteriara joan nintzen hiru urte geroago, eta handik Bidasoara, hiru urte eta erdiko esperientzia eskasarekin. Entrenatzen hasi nintzen urtean bertan irabazi zuen Bidasoak bere lehenengo liga, [Caslav] Grubic, [Mladen] Lakovic, [Juanin] Agirregomezkorta, [Pedro] Salcedo, [Miguel Angel] Zuñiga… horiek guztiak taldean zirela. Izugarrizko esperientzia izan zen eurekin entrenatzea, eta lehen taldeko fitxa egin zidaten hurrengo urtean. Aukera hura baliatzen jakin izan nuen.

Gaur egungo Asobal ligako sailkapenari begiratu, eta punta-puntan ageri da Bidasoa-Irun.

Ez diet gertu-gertutik kasu egiten, baina tarteka joaten naiz partidaren bat ikustera. Oraintxe dauzkate hauteskundeak, eta ea Gurutz Aginagaldek kargua hartzeko aukera daukan, badakidalako borondate onarekin eta zentzuz egingo duela lan. Gaitasun handiko pertsona da.

Zer datorkizu burura 2001eko apirilaren 21a eta Portland San Antonio aipatuz gero?

Huraxe izan zen nire eskubaloi ibilbideko momenturik zoriontsuenetakoa, zoriontsuena ez bada. Bigarren Europako Kopa zen niretzat, aurretik Tekarekin ere irabazi nuelako, 1993-1994ko denboraldian, baina berezia izan zen Iruñekoa. Niretzat, etxean jokatzea da Iruñean jokatzea, eta, titulu hura irabazteko, Tekari baino ekarpen handiagoa egin nion Portlandi. Ederra izan zen.

Bederatzi aldiz jantzi zenuen Espainiako selekzioaren elastikoa, eta hamalau gol sartu zenituen. Kontraesanik sortu zizun horrek?

Zalantzarik gabe. Bai, bai. Abertzaletzat daukat neure burua, eta hausnarketa sakona egin nuen, bai neure buruarekin eta bai inguruko hainbatekin. Joatea erabaki nuen azkenean, nire oinarri ideologikoak kontuan hartuta, joanda joan gabe baino askoz ekarpen handiagoa egin nezakeela pentsatu nuelako. Asmatu nuela uste dut, nahiz eta inoiz ez nuen helburu bihurtu.

Zer galdetuko zenioke orduan taldekide izan zenuen bati, Iñaki Urdangarini?

Onerako eta txarrerako, askotan lotu izan naute Iñakirekin, eta, lehenik eta behin, argitu nahiko nuke konfiantza edo harreman handirik ez dudala izan berekin. Aurkariak izan ginen, eta errespetu osoz hitz egiten genuen, baina besterik ez. Ustez lapurtu zuen guztia zergatik ez zion lapurtu Banco Santanderri, horixe galdetuko nioke, adibidez. Guztiona zen poltsatik lapurtu zuen, eta, ez naiz kristaua, baina, niretzat, hori da egin duen bekaturik larriena. Akaso, miretsi egingo genukeen hori bera Banco Santanderri egin izan balio.

Kirola eta politika uztartuta, aurten Euskal Herritik igaro dira Tourra eta Vuelta, eta kontrako iritzi asko sortu du; 2020an, berriz, San Mamesen jokatuko dituzte Eurokopako lau partida. Zein da zure iritzia?

Ez da erraza; kosta egiten zait iritzi argi bat edukitzea. Balantzan jarri behar dugu gure balioak aintzat hartuta apustu horrek zein ekarpen egiten digun eta zenbateko kaltea eragiten digun. Baina barregarria iruditzen zait turismoa, Bilbo eta Bizkaia munduratzeko Vueltaren beharra edukitzea; horren ondoren iritsi dira Espainiako Poliziaren erakustaldiak eta gainerakoak. Mendekotasunaren ideia argia dago atzean. Alde horretatik, ez da positiboa. Kirol ikuspegitik bakarrik? Agian, bai, polita izan daitekeelako. Baina normaltzat hartzen ditugu horrelako gauzak, eta hori da arazoa. Nik nahiago nuke Vuelta Euskal Herritik pasatuko ez balitz, baina eskubaloian ere Espainiak jokatu izan du Irunen, eta horrekin ez da sortu izan halako burrunbarik.

Bizitzak kolpea eman zizun 2002an, istripu larria izan zutelako emazteak eta bi seme-alabek. Urte asko pasatu dira, baina bizi-bizirik jarraituko du istripu haren arrastoak, ezta?

Bai… Semea koman sartzear egon zen, baina, zorionez, 20 eta 23 urte dauzkate seme-alabek, eta ondo daude. Beste edozein gurasok dituen borroka berberak ditut nik ere. Kolpe handia hartu genuen, familia proiektu bat geneukalako eta Iruñearekin maiteminduta geundelako eta gaudelako. Iruñean gauzatu nahi genuen gure proiektua, baina herrira itzultzea erabaki genuen, burmuina kaltetuta eta bere kasa aurrera egin ezinik gelditu zelako emaztea. Bera zen familiaren motorra eta akuilua. Batzuetan, emanda etortzen dira horrelako gertakariak, eta kiroltasunez hartu behar dira. Bidaia agentzia bat geneukan orduan, guk gorpuztutakoa, baina dena utzi behar izan genuen, babes handia geneukalako hemen.

Bizitzaren gauza txikiei garrantzia ematen ikasten al da horrelakoetan?

Zalantzarik gabe. Pena da horrelako bat behar izatea ikasgai hori barneratzeko, baina azkar ikasi nuen alea eta lastoa bereizten. Lotsa galdu nuen, eta zorrotzagoa bihurtu naiz eztabaidetarako. Nahiago dut beroan hitz egitea, nahiz eta gero, tarteka, barkamena eskatu behar izaten dudan. Ez daukat arazorik. Horregatik miresten ditut hainbeste nafarrak.

Eskubaloia utzi, eta ez zenuen aukeratu biderik samurrena: politikarena.

Ez nuen nik aukeratu, bera etorri zen niregana. Hamabost urteko kirol ibilbidearen ondoren, etxera itzuli eta ezinezkoa izan zen politikari ihes egitea. Euskal Herriko etxe gehienetan bezala, gurean ere betidanik eduki izan dugu bizi-bizirik politikarako grina, eta hauteskundeetara aurkezteko proposamena egin zidaten.

2007rako Usurbilgo alkate izendatu zintuzten, EAE-ANVn zeundela.

Bai… Guretzat, ohorea izan zen hauteskundeetara marka historiko horren pean aurkeztea. Gogoan daukat aukera sortu zitzaidanean kuadrillako batek nola esan zidan: “Kirolari moduan jatorra izan haiz denontzat, baina argi ibili, hor sartuz gero jatorra izango haizelako batzuentzat eta erabat gaiztoa beste batzuentzat”. Ez nintzen gehiegi arduratu kontu horiekin, eskubaloian ere denetik entzun behar izan nuelako pibot postuan jokatuta. Entrenatuta nengoen, eta oso aberasgarriak izan ziren lau urte horiek.

Beste kontu bat izango zen Madrilgoa, ezta? Herri xume bateko udaletik Espainiako Kongresura igaro zinen 2011n. Merezi izan al zuen lau urteko hark?

Maiatzean legegintzaldia amaitu, aurreko lantokian hiru hilabeteko baimena eskatu, eta lasaitasuna behar nuela esan nien denei. Baina lanera itzuli, eta Madrilgo eskaintzarekin etorri zitzaizkidan hilabete eskas geroago. Droga gogorra izan zen Madrilgo eskaintza, eta ausart jokatu nuen, bertigo pixka bat baneukan arren. “Zergatik ez?” esanez joan nintzen eta oso-oso gustura ibili nintzen. Ikasgai handia izan zen Madrilgoa, harreman aldetik eta ikuspegi soziopolitikotik. Egin genituen gauzak baino askoz gehiago egin genitzakeela jabetu ginen lau urteren ondoren, eta pena horrekin amaitu genuen. Ez genukeen lortuko Euskal Herriaren independentzia, baina gauza gehiago egin genitzakeen.

Espero ez zenuen lagunik edo kontakturik egin al zenuen Espainiako Kongresuan?

Jende on asko dago han; ikuspegi pertsonaletik, batez ere. Diputatuen jarrera askoz itxiagoa eta gogorragoa izaten zen alderdi moduan hitz egiten zutenean, baina nolabaiteko hurbiltasuna zegoen pasilloetan. Askok aitortu ziguten harrituta gelditu zirela gure oinarri eta diskurtso politikoarekin. Sinesgarritasuna irabazi genuen, nahiz eta isiltasun mediatiko handia jasan behar izan genuen.

Tesi eta masterren inguruan, badaukazu aitortu beharreko zerbait?

[Barrez] Ez, ez. Ez daukat tesirik, ezta masterrik ere. Informatika ikasketak dauzkat eginda, eta lanean eta eskubaloian aritu naiz ordutik. Ikastaro batzuk besterik ez ditut egin tartean.

Politika kontuak alboratuta ere, lehen lerroan jarraitzen duzu hondakinen atez ateko bilketan eta Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren aurkako borrokan.

Gu udaletxean sartu aurrekoa da errauste plantaren aurkako borroka. Inguruan nenbilen ordurako, eta argi geneukan hondakinak benetan sailkatuz gero, errauste plantak ez zeukala zentzurik. Hernanin, Oiartzunen… horrelako gaikako bilketak egiteko gai bagara, Gipuzkoak arlo horretan arazorik ez daukala esan nahi du, interes jakin batzuk asetzeko ez bada.

Donostiak inguru horretan egin nahi ditu hirugarren graduko presoentzat zentroa eta militarren kuartela ere…

Donostia aldeko Zubietakoa dut aita eta Usurbil aldeko Zubietakoa ama. Asko maite dut inguru hori, baina badirudi Donostiari traba egiten dioten eraikin guztiak eramateko gunea bihurtu dela Zubieta; komun zuloa. Baina Eneko Goiak edo Denis Itxasok jar dezatela euren etxearen ondoan errauste planta hori. Gezurretan ari dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.