Elkarri begietara begira

Elkarri begietara begira

I. Terradillos-R. Calvo

Kolonbiako Cali hirian izan berri da Iker Uson, Deustuko Unibertsitateko irakaslea (Tolosa, 1979), bere taldearekin. Irakasle talde bat liburu bat ontzen ari da Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuen inguruan, eta esperientziak partekatzera joan dira hara. Adiskidetzearen perspektibak hartu dituzte ardatz, eta gazteak eta adiskidetzea, hori da Usonen aztergaia.

Deustuko Unibertsitateak eta Caliko Unibertsitate Xabiertarrak elkarlanean gauzatuko duten proiektua da liburua. “Bi unibertsitateen artean bi bake prozesuei buruz idaztea da helburua, baina ez bi ikerketak alderatzea, lan hori elkarrekin egitea baizik”. Usonen ustez, bi egoerak ezin dira alderatu, “oso desberdinak baitira kuantitatiboki eta kualitatiboki”. Baina bi aldeetan adiskidetzea nola lantzen eta gorpuzten ari diren ikusteko hausnarketa partekatua egin daitekeela uste du Kolonbiara joandako lantaldeak. Tolosarrak azaldu du biek ala biek gatazka politikoa, indarkeria eta giza eskubideen urraketak dituztela muinean. “Baina oso desberdinak dira kuantitatiboki. 900 pertsona inguru dira ETAk hildakoak, 23 GALek hildakoak, 4.500 torturatuak… Kolonbian, berriz, sei milioi biktima daude, 30.000 dira desagertuak, 2.000 bahituak… Gatazka ez da politikoa bakarrik; hori ere oso garrantzitsua da, baina beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan: faktore soziala, ekonomikoa, kulturala… Horregatik diogu ikerketaren oinarria ez dela alderaketa”.

Usonek beste errealitate bat ere islatu du bi kasuak ezin direla parean jarri azaltzeko: “Kolonbian, goitik iritsi da prozesua. 2016an sinatu zuten akordioa formalki, Habanan, eta, orain, puntuz puntu ari dira gauzatzen. Hori da hango erronka nagusia: paperean idatzita dagoena aurrera eramatea”. Irakasleak azpimarratu du Euskal Herriko prozesua “behetik gorakoa” izan dela. “Ez da gauzatu bake prozesu formal bat, eta horregatik sortu dira behetik gorako mugimenduak. Tolosan, esaterako, politikariak bateko eta besteko kontuekin ari zirela, talde bat sortu zuten herritarrek, bizikidetzarako keinua egin eta hainbat egitasmo antolatuz”.

Herritarrak, “ezkor”

Ideia buruan izan arren, papereko bake prozesua gauzatzea uste baino zailagoa dela jabetu dira Kolonbian. “Ikusi ahal izan dugu herritarren artean ikuspegi negatiboa ere badagoela. Errealitatea asko laburbilduta, muturrean bi ikuspegi daudela jabetu gara: batzuek uste dute estatua eta FARC gaitasunik ez dagoelako ez direla gai sinatutakoa egia bihurtzeko; beste batzuen ustez, berriz, bi aldeek badakite zer egin behar duten, FARCek bereziki, baina ez dute egin nahi, kontrako jarrera dutelako”. Usonen hitzetan, bi kasuetan argi dago ez direla adostutakoa betetzen ari. “FARCeko gerrillariek, adibidez, armak utzi zituzten, eta lur zati batzuetara joan ziren, han bizitokia izango zutelakoan”.

Leku horietan ziren formakuntza eta laguntza jasotzekoak, gerora proiektu emankorrak gauzatu ahal izateko. “Hori esaten du akordioak, pertsona horiek gizarteratu egin behar direla eta horretan lagundu egin behar zaiela. Baina estatuak ez du egin halakorik, eta babesgabe daude asko eta asko”. FARCeko ordezkariek Euskal Herritik joandako lantaldeari jakinarazi diote “frustrazioa” dela nagusi haien artean. “Oihanean daude, egoera militar batean bezala, baina bakean daude; ez daukate armarik, eta hor jarraitzen dute”. Usonek azaldu du batzuk jada nekatuta eta nazkatuta daudela. “Baina beste batzuk amaren etxera itzuli dira, edo beste herri batera joan dira bizimodua berregin asmoz. Ez dakigu, ordea, joan diren horiek nola gizarteratuko diren”.

Argi dago desberdintasun asko daudela Kolonbiaren eta Euskal Herriaren artean, baita arlo ekonomikoa kontuan hartuta ere, eta Usonek, hain justu, hor jarri du gatazkaren zutabe nagusia. “Bistakoa da Kolonbiako egoera ekonomikoak zuzenean duela zerikusia haien egoerarekin. Disidentzia ere sortu da, eta horren ondorio dela esango nuke”. Disidentzia hori ez datza soilik helburu berarekin berriz ere armak hartzean. “Hori ere egongo da, beharbada”, onartu du irakasleak. Baina Usonek azpimarratu du armen aldeko apustu hori “bizirik irauteko modu gisa” ulertzen dutela. “Armen inguruan ibili dira azken 10-15 urteotan, eta batzuek arlo horretan ikusten dute etorkizuna; segurtasun enpresa batean, krimen talde txikietan, narkotrafikoan… Horrelako jendea behar dute narkotrafikoan, eta soldata izango lukete”. Horixe da FARCi leporatzen dioten gauzetako bat; hau da, bereak diren horiek ez kontrolatzea. “FARCek azaldu du kontrolatu nahi dituela, baina gaineratu du horretarako estatuak babestu egin behar dituela, jendeak dirua behar duela bizitzeko”.

Kolonbian egoera “kinka larrian” dagoela uste du irakasleak, eta jendea beldur dela. “Egoerak zein bide hartuko duen galdetzen dute”. Zehaztutakoa gauzatzeko hamabost urteko epea eman diote bake akordioari; badago denbora oraindik. “Baina bi urte pasatu dira eta behera egin du baikortasunak”.

Usonek azaldu du “bestelakoa” dela Euskal Herriko egoera. Azpimarratu du indarkeria, orokorrean, desagertu egin dela, “oraindik ere zantzu batzuk badauden arren”. Irakaslearen ustez, desberdina da Kolonbiako errealitatea. “Egoera sozioekonomiko zaila dute han, baina egia da akordio formala badaukatela, eta garrantzitsua da hori. Garrantzitsua da estatua bera hor egotea; gure kasuan, Espainia beste aldera begiratzen ari da. Hor daude torturak, GALen inguruan ere gehiago egin daiteke… Garrantzitsua da, halaber, zehaztea nola gizarteratuko diren indarkeria alde batera utzi duten horiek. Egiteko asko dago oraindik”.

Kolonbiarrak bisitan

Liburua gorpuzten hasteko, Kolonbiako ordezkariak Euskal Herrian izan ziren joan den maiatzean, eta aurki bueltatuko dira. “Talde garrantzitsua etorriko da; sona handiko jendea izango dugu gurean, baina ezin dugu askorik aurreratu”. Isilean daukate informazio hori. “Baina alderdi guztietakoak etorriko dira, eta, Euskadiz gain, Katalunia ere bisitatuko dute”. Usonek uste du bidaia horrek balioko duela haien arteko konfiantza indartzeko ere. Lanak amaituta, hurrengo urtean argitaratu nahi dute liburua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.