Eta Jesusen Bihotzarekin zer?

Eta Jesusen Bihotzarekin zer?

E. Goenaga Lizaso

Donostian badago frankismo garaian eraikitako ikur bat, handik pasatzen den edonork halabeharrez ikusten duena: Urgull mendiaren puntan eraikitako Jesusen Bihotzaren monumentua. 12,5 metro luze da estatua, eta Federico Coullaut-Valera eskultoreak egina da; oina, berriz, Pedro Muguruza Francoren gobernuko Arkitektura zuzenari nagusiak diseinatu zuen, Erorien Harana diseinatu zuen berberak. Frankismoaren ikurra da? Ez da?

Eusko Jaurlaritzak 2012an kaleratu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako frankismoaren ikurren katalogoa, eta bertan ez zaio egiten aipamenik. Ingebak (Andres Urdaneta Euskal Geografia Elkargoak), berriz, frankismoarekin duen harremana aipatzen du txosten batean.

Ingebak oharretan jartzen du “kokapen desegokia” duela, eta azterketa bat egitea proposatzen du: “Hura ezabatzearen bideragarritasuna eta gizartean, estetikan eta ondarean izan dezakeen eragina neurtzeko”. Ezabatzearen aldeko eta kontrako argudioak ere jasotzen ditu. Kontrakoetan “hiriaren paisaiaren parte” dela eta herritarren zati batentzat “balio espirituala” izan dezakeela dio. Motako gazteluaren irudiari “nortasuna kentzen” diola ageri da, berriz, ezabatzearen aldeko argudioen artean; baina, batez ere, “1950eko hamarkadan indarrean zegoen erregimen politikoaren estetikarekin” bat egiten duela azpimarratzen dute.

Ondo integratuta

Donostiako alkate Eneko Goiak hilaren 18an hitz egin zuen gaiari buruz, Irabazik egindako eskari bati erantzunez. Federico Silva Muñoz ministro frankistari urrezko domina kentzea zen eskaeretako bat, eta Goiak erantzun zuen hor ez duela arazorik. Jesusen Bihotzarekin zer egin erabakitzeko parte hartze prozesu bat abiatzea zen beste eskaria, eta Goiak erantzun zuen Jesusen Bihotza “Donostiako skyline-ean integratuta”dagoela. “Gainera, ez da kalean dagoen eztabaidagai bat”. Alkateak “gehiegikeriatzat” jo du gai hori “termino horietan” planteatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.