Parkean ere sasoia fintzen

Erik Gartzia Egaña

Ugaritzen ari dira parke eta pasealekuetan ariketa fisikoa egiteko aparatuak, eta Kirolaren Europako Astea baliatu dute Lezon herriko bi eremutan jarri dituzten aparatuak aurkezteko. Euskal Herria plazan eta Andreone liburutegiaren ondoko parkean jarri dituzte makinak, Pasai Donibanera joateko bidegorriaren ondoan. Arinagoak dira Euskal Herria plazakoak, eta pixka bat handiagoak liburutegiaren ondokoak; heldu guztientzat egokiak dira den-denak, hori bai.

Lezoko kirol orientatzailea da Unai Benedited, eta azaldu du aparatuak jartzeak helburu argia duela: “Herritarrak aktiboagoak izan daitezen nahi dugu. Zergatik? Onurak osasuntsuak direlako. Dagoeneko patologia, lesio edo gaixotasunen bat daukatenak osatzeko edo errehabilitatzeko jarri ditugu gailu horiek”. Hori bai, ez da haientzat bakarrik izango. Beneditedek nabarmendu duenez, makinek balio dute osasuntsu daudenentzat ere, prebentzio lanerako.

Benediteden hitzetan, “askotariko onurak” lor daitezke lanketa horrekin. “Alde batetik, gizarte arlokoak. Oso handia ez den herri batean —6.000 biztanle ditu Lezok— errazagoa da norbaitekin topo egitea eta harekin norberaren arazoak eta kezkak partekatzea”. Bestalde, onura fisikoak ere badaude. “Denetik” landu daiteke: “Ariketa aerobikoa egin daiteke makina batzuekin. Azkenean, gaitasun kardiobaskularra hobetzen dute horiek; odolaren zirkulazioa hobetzen dute”. Baina ez dira bakarrak: “Giharren indarra lantzeko makinak ere badauzkagu. Adinekoek egunerokoan dituzten hainbat arazori aurre egiten laguntzen dute —edalontzi bat hartu, bularretakoa edo lokarriak lotu—, eta lagungarriak dira gero eskailerak igotzeko edo erosketak etxera eramateko”.

Gaineratu duenez, osasuntsu egoteaz gain, “egunerokoan behar duten funtzionaltasun hori mantentzea” bermatu nahi dute. Aste honetan bertan, Beneditedek azalpenak eman dizkie makinak erabiltzera bertaratu diren adinekoei. Arretaz entzun dituzte azalpenak, makinak modu egokian nola erabili behar diren jakiteko. Herritarrek hala eskatuta, gainera, jolas parkera begira jarri dituzte makina horiek, hankak astintzen dituzten bitartean haurrek euren begiradapetik ihes egin ez dezaten.

Parkeetan jarritako makinez harago, hala ere, Lezoko Udaleko kirol sailak bestelako eskaintza bat ere egin die adinekoei. Osakidetzak, esaterako, hainbat gaixo bideratzen ditu Beneditedengana, ariketak ondo egiteko orienta ditzan. Eta, nahi izanez gero, adinekoek eskura dauzkate Tipi Topa ibilaldiak ere. Ostegunero elkartzen dira, eta laugarren ikasturtea dute aurten. Ekintza horretan, adinekoak bi taldetan banatu ohi dira: batetik, ibiltzeko boluntarioen laguntza behar dutenak, eta, bestetik, azkarxeago ibil daitezkeenak. Ordubete ingurukoak izaten dira txangoak, eta, herrian barrena ibiltzeaz gain, Pasaia eta Errenteriaraino ere joan izan dira. Gurutze Santuaren plazan hasi eta bukatzen dituzte txangoak. Aiton Borda zahar etxeko kideek salda prestatzen diete gero, eta musikarekin girotzen dute ostegunetako bueltaxka.

Txangoak, ariketak…

Kirola eta arlo soziala uztartzen dituzte hor ere. Beneditedek azaldu du izenari erreparatu besterik ez dagoela: “Hitz joko bat dago atzean. Ibiltzeari dagokio tipi, eta jendea elkartzeari topa. Agertzen denak badaki beste 30-40 lagunekin elkartuko dela, eta bere arazoei buruz hitz egin ahal izango duela”. Orain, gainera, txango horietako batzuk parkeetatik igarotzen dira, jarri berri dituzten makinak ezagutzeko eta nola erabili behar dituzten erakusteko.

Beste hainbat jarduera ere egiten dituzte ostegunetako hitzordu horietan, hilabetean behin edo euria egiten duenean: indarra lantzeko ariketak, artikulazioen mugimenduak lantzekoak, luzaketak… “Haientzat mesedegarria izaten da lau ariketa egiten ikastea, gero etxean ere errepikatu ahal izaten dituztelako horrela; mesede egiten die”. Lezoko Kultur Aretoan erakusketa txiki bat ireki dute prestatuta dauzkaten bost ibilbideen berri emateko. Ibilbide bakoitzak gutxi gorabeherako iraupena adierazten du, eta, horri esker, dezenteko arrakasta izaten ari dira. Argi dago edozein txoko eta modu dela ona sasoian egoteko.