Bakardadeari begietara begira

Unai Zubeldia

Hogei urte baino gehiago daramatzat nire moduan erretiroa hartuta dauden adinekoei laguntzen, eta zer edo zer falta zaidala sentitzen dut eurekin ez nagoenetan”. Antonio Alvarez Avilakoa (Espainia) da jaiotzez, eta 18 urterekin iritsi zen Zumaiara. 82 urte beteta, berak ere “aspaldi” hartu zuen erretiroa, eta berehala jabetu zen ingurukoei laguntzeko irrika zeukala. Barruak hala aginduta eman zuen pausoa, eta bost minutu nahikoak dira Zumaiako San Juan egoitzako adinekoek Alvarezi estimu handia diotela ikusteko; telebistari begira, paseatzeko zain-zain dauzka hainbat. “Kargu hartzen didate, gainera, bat paseatzera atera eta besteari kasurik egiten ez badiot; haserretu egiten dira”.

Laguntzea, babesa ematea, bakartasun egoeran dauden adineko pertsonak animatzea, horien ahalduntzea sustatzea, egoerarik ahulenean dauden adineko pertsonei ahotsa ematea… Helburu horiei segika aritzen dira lanean Nagusilan boluntarioen elkarteko kideak. “Oinarri-oinarrian, bakardadean dauden adinekoei laguntzea da gure erronka”, hasi du azalpena Enara Solabarria Nagusilaneko zuzendariak. “Bakardade hori aukeratua ez denean, noski”.

1995ean gorpuztu zen proiektua, Donostian. “Hamar-hamabi lagun elkartu ziren, AEBetako esperientzia bat oinarri hartuta, eta ahoz aho zabalduz joan zen proiektua”. Gaur egun, adinekoei laguntzeko 850 boluntario dauzkate Gipuzkoan, egitura sendotzen ari da Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere. “Eta bi gune txiki dauzkagu Madrilen eta Granadan ere [Espainia]”, argitu du Solabarriak. 1.200 boluntarioko taldea osatuta daukate dagoeneko. “Eta nahi duten guztientzat zabal-zabalik daude gure ateak”, gaineratu du Nagusilaneko zuzendariak. “Boluntario lanetan adinekoak has daitezen saiatzen gara beti, horiek kontzientziatu nahi izaten ditugu guk, baina adineko horiei lagundu nahi dieten gazteei ere ez diegu aterik ixten, noski”.

“Laguntzea”. Oinarri-oinarrizko erronka dauka Nagusilanek. “Erresidentzia edo egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxeetan ematen dute laguntza boluntarioek, gizarte zerbitzuekin elkarlanean”. Hala aritzen dira Zumaiako San Juan egoitzan ere. “Astelehenetan etortzen gara gu”, hasi du azalpena Maria Luisa Ubera Zumaiako boluntarioak. “Eta bertako arduradunak zehazten digu egun horretan norekin egotea komeni den; familiarik ez daukalako, egun horretan bisitarik gabe egongo delako…”. Denekin egoten saiatzen dira, eta kartetan, bingoan, paseoan, hizketan… horrela igarotzen dituzte pare bat ordu.

Abesbatza, karaokea…

Alargun dago Ubeda, eta, umeak hazita, zerbait egin beharra zeukala sentitu zuen. Bizilagun batek eman zion Nagusilanen berri. “Eta hamasei urte daramatzat jada jardun honetan”. Azpeitiarra da Mari Karmen Orbegozo. “Eta Beasainera ezkondu nintzen. Han igaro nituen 40 urte, eta Zumaiara etorri ginen gero. Paseoan nenbilen batean, Maria Luisak berak orri bat eman zidan, Nagusilani buruzko informazioarekin, eta interesik baneukan kasu egiteko esan zidan”. Zazpi bat urte daramatza astelehenero San Juan egoitzara joanez.

Norbanakoen laguntzaz gain, Nagusilanen ikuskizunen arloa ere lantzen dutela azaldu du Solabarriak. “Tarteka, egoitzetara joaten dira abesbatza edo antzerki taldeak, karaokeak ere egiten dituzte, musikoterapia tailerrak, euskal tresnen lanketa…”. Ekintza horietako bat da Zumaiako Tipi Tapa proiektua. Alvarezek eman du azalpena: “Asteazkenetan, bakarrik ibiltzen ausartzen ez direnekin ordubete, ordu eta erdiko paseoa ematen dugu, herri inguruan”. Horrez gain, hilabetean behin, elikagai bankuarekin ere egiten dute lan Zumaiako boluntarioek.

Laguntza hitzaren esanahia mugaraino eramanda, etxebizitza partikularretara ere joaten dira Nagusilaneko boluntarioak, “bakarrik bizi direnei konpainia egitera”. Eta bereziki horientzat prestatu zuten Zilarrezko Zenbakia, bakarrik sentitzen direnek nahi dutenean eta doan deitu eta 22 boluntarioetako batekin hitz egin ahal izateko zerbitzua (900 71 37 71). “Harremana sortzen da, eta ahal den guztietan boluntario berberak hitz egiten du adinekoarekin”.

“Besterik ez dute izango egiteko, eta…”. Horrelako mezuak entzun behar izaten dituztela aitortu dute Alvarez, Ubeda, Orbegozo eta Unai Agirrezabalagak —Arritxu Alkorta zumaiarrak ere urte asko daramatza boluntario gisa lanean—. “Baina guk hau gabe ere badakigu denbora non eta nola igaro. Kontua ez da hori. Ez da ezer kostatzen egunean bizpahiru orduz beharra daukanari laguntzea”. Ubedak azpimarratu du “sentitu” egin beharra dagoela egiten dutena. “Zerbait eskaini behar zaio gizarteari, eta maitasun handia sentitzen da azkenerako”.

Irudia berritzen

Nagusilaneko jardunak “bizia” ematen diela onartu du Orbegozok. “Oso ondo pasatzen dugu guk ere; bete egiten du esperientzia honek”. Erretiroa hartzear diren horiek erakarri asmoz, irudia berritu du Nagusilanek, eta Zumaian bertan ere publizista lanetan dabiltza Alvarez, Ubeda, Orbegozo eta Agirrezabalaga. “Jendeak ez du nahi konpromisorik, baina hutsaren hurrengoa da hemen egin beharrekoa”. Zentzu horretan, “animatzeko” dei egin diete erretiroa hartzera doazenei. “Etor daitezela Nagusilan ezagutzera, proba egin dezatela. Ez dira damutuko”.

Eurenetik ematen ari dira boluntarioak, eta etorkizunean, behar izanez gero, gustura jasoko lukete ingurukoen konpainia. “Ondorengoek egin dezatela, gutxienez, gu egiten ari garena”. Amona eta amonaren ahizpa San Juan egoitzan eduki zituen Orbegozok. “Eta 104 urterekin hil zen bat eta 102rekin bestea”. Bakardadeari iskin egiten lagunduz, bizitzako momentu bakoitza goxatzen jarraitzeko erronka dauka Nagusilan proiektuak.