Berehalako erreleboa behar du

Asier Imaz

Herri kiroletan jardun duen batek, kirol ibilbidea bukatzean, epaile sartu beharko lukeela uste du Eduardo Arrizabalagak: “Ideala litzateke hori”. Ez da horrela gertatzen, ordea. “Kirola egin eta gero epaile sartu diren oso gutxi daude”, dio Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko epaile buruak. Eta daudenak betirako ez direnez, deialdia egin dute, epaile gehiago animatu nahian. Erantzuna, ordea, nahiko “koxkorra” izan da. Beharrak hor segituko duenez, interesa duenak Gipuzkoako Herri Kirol Federazioarekin harremanetan jarri besterik ez dauka.

Hamaika arrazoi eta motibazio egon daitezke epaile izateko. Bat besterik ez da Arrizabalagarena, baina, aldi berean, argigarria. Itziarren sortua duela 61 urte, Aizarnazabalera ezkondu zen 28 urterekin. Herri kirolak herrian bakarrik ez, etxean ere ezagutu zituen Arrizabalagak: aitona eta aita idi probetan ibiltzen ziren, eta 17 urte bete arte harri jasotzen ibili zen bera. Egun, bi ardura ditu Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan: batetik, zuzendari batzordeko kide da; eta, bestetik, epaile burua.

Epaile izateko bokazioa nahiko behartuta iritsi zitzaiola azaldu du itziartarrak: “Federazioko zuzendaritza batzordean sartu nintzen aurrena, eta, ondoren, nahiko derrigortuta hasi nintzen epaile lanetan. Orain gertatzen ari den bezala, epaile falta sumatzen zen orduan ere”. Barre egin du ezetz esateko aukera handirik ez zuela izan ondorioztatuta: “Baina aitortu beharra daukat boluntario sartu nintzela ni”.

Hemezortzi modalitate oso daude herri kiroletan —garai batean hor sartzen zen korrika ere—. Atletismo federazioarekin “hala-moduzko eztabaidatxo bat” izan zuten, ordea, eta egun, euren adostasunarekin, proba mistoak kontrolatzen dituzte herri kirol epaileek. “Leku itxietan egiten direnak gehienbat, zezen plazetan eta horrelakoetan. Hemeretzi modalitate lirateke horrekin”, dio Arrizabalagak. Berak eginak ditu denak, baina bada herren egiten dion bat: “Sokatiran ariko nintzen gutxien. Oso ekitaldi luzeak izaten dira, eta, lehendik ere lanpetuta ibiltzen garenez, ez naiz gehiegi aritzen sokatiran. Besteetan, bai, erabat”.

Kirol munduan, sarritan, futbolarekin lotzen da epailearen irudia. Ez da lan samurra izaten. Alderaketan hasita, denboraz eta proportzioan hitz egin du Gipuzkoako Federazioko epaile buruak, irribarrea galdu gabe: “Gaur egun ia egunero jokatzen dute futbol partidaren bat, baina gurean noizean behin soilik izaten da herri kirol ekitaldiren bat. Orduak eta orduak pasatzen ditugu futbolari begira, eta askoz gutxiago herri kirol ekitaldietan”. Denbora kontuan hartuta, alderaketan, eurek, batez beste, irain gehiago jasaten dituztela adierazi du Arrizabalagak. “Ez naiz ari gezurretan; herri kiroletan asko gogoratzen dira amekin. Horrekin dena esanda dagoela uste dut”.

Egun horrela bada, zer gertatuko ote zen garai batean? Edo giroa ez al da aldatu hainbeste? “Bai, bai; erabat aldatu dira herri kirolak”, hasi du azalpena Arrizabalagak. “Lehen, bizi egiten ziren herri kirolak; eguneroko kontua zen. Etxera joan, eta aizkoran aritzen ginen, beharra zegoelako; idiekin berdin. Erreminta sartu da, ordea, orain, eta horrek asko ahuldu ditu herri kirolak”, jarraitu du. “Baina plazetan orain giro lasaiagoa daukagula uste baduzu, oker zabiltza”. Horri tiraka azaldu du herri kirolari orok, ondoren, epaile izan beharko lukeela: “Horiek ongi ezagutzen dute modalitatea, eta badakite zer den kirola egitea. Gero, jar daitezela beste aldean; ezagut dezatela epaile izatea zer den. Sar daitezela bere garaian kritikatzen zuten horren larruan”.

Adinean aurrera

Herri kiroletako hizkuntzaz eta tonuaz ere hitz egin du Arrizabalagak. Umore onez, baina harrotasuna galdu gabe. “Gozatu egiten dut edozein herri-kirol modalitaterekin. Bestela, ez dago aritzerik hor. Garestiak garela esaten digute, baina gu ez gabiltza hor diruagatik. Hori garbi dago”. Idi probetan, adibidez, beti orduz kanpo ibiltzen direla azaldu du. “Egunak ere halakoak izaten dira: astelehena, asteartea, osteguna… Eta 22:00etan. Etxera itzultzerako, 01:00. Gertatu izan zait hurrengo egunean lanera joateko 05:00etan esnatu beharra. Izaten ditugu horrelako abenturak ere”. Norbait zalantzan bazegoen, argi dago epaileak ez direla hortik bizi. “Inork ez dezala pentsatu halakorik. Ezin da. Dieta koxkor bat jasotzen dugu”.

Gaur egun, hamabi epaile daude Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan, eta 64-65 urtekoa da horien batez besteko adina. “72 urteko bat ere badago, eta 46-48 urte izango ditu gazteenak. Emakume bat ere bazegoen iaz arte, baina, lan kontuak tarteko, ezin izan du jarraitu epaile lanetan”. Ondorioz, gizonezkoak dira denak. “Aurten ez bada, hurrengo urtean, epaile beharra egongo dela sumatzen dugu. Normala den bezala, utzi egingo baitu adinean aurrera doanak. Adin horretan asko gustatu beharra daude herri kirolak horrela jarraitzeko”. Hutsune posible hori betetze aldera egin zuten iraileko deialdia, eta bada interesa duenik; emakumea, gainera. Hala eta guztiz ere, oraindik zabalik iraun beharko dute epaile izateko ateek. “Beste lau bat beharko genituzke, hiruk edo lauk alde egiten badute, nahiko egoera larrian geratuko ginatekeelako”.

Gauza bat dago argi: batzuek zein besteek, eta, batez ere, herri kirolek, denen laguntza behar dute. Orain, epaile berriei tokatzen zaie urratsa egitea.