Familiako negozioak, belaunaldiz belaunaldi

Aitziber Arzallus

Saltoki txikiek ematen diote bizia herri bati. Gauza jakina da hori. Baina merkataritza gune handiek eta Internet bidezko erosketek asko zaildu dute merkatari txikien egunerokoa. Gauza jakina hori ere. Ondorioz, azken urteetan asko dira ateak itxi behar izan dituzten negozio txikiak: batzuk, jada errentagarriak ez zirelako; eta besteak, negozioarekin jarraitzeko prest zegoen inor topatu ez dutelako. Dena dela, badira bestelako adibideak ere: belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duten negozioak; haietako asko, familiakoak. Azpeitiko Estanko Txikia eta Valverde drogeria dira adibide horietako bi.

Eider Igarzak eta haren senarrak, Marcos Rodriguezek, duela urtebete hartu zuten Azpeitiko Erdikaleko Estanko Txikiaren ardura. Familia bereko hirugarren belaunaldia da eurena. Igarzaren amonak zabaldu zuen tabako denda, duela 55 urte; 1963an, hain zuzen. Haren ostean, Igarzaren gurasoek hartu zuten negozioa, eta, orain, Igarzak berak eta haren senarrak. “Orain dela urte batzuk gaixotu egin zen nire aita eta hilabete berean lanik gabe geratu zen nire senarra. Seinale moduko bat izan zen. Senarrak eta biok lanak banatu genituen: ni alaben eta aitaren zaintzaz arduratzea erabaki genuen eta senarrak nire amari dendan laguntzea”. Duela urtebete, erretiroa hartu zuen Igarzaren amak, eta, harrezkero, bikotea arduratzen da tabako dendaz. “Gehienbat, nire senarraren esku geratu da estankoko martxa, niri baino gehiago gustatzen zaiolako, eta nik beste zeregin batzuk ere baditudalako”. Etxeko zereginez eta alaben zaintzaz arduratzeaz gain, josi egiten du Igarzak: panpinak eta telazko arbel eramangarriak josten ditu, besteak beste, eta tabako dendan saldu. “Jendea harritu egiten da estankora sartu eta panpinak ikusten dituenean, baina hantxe daude. Aspalditik nuen negozioari buelta bat emateko gogoa eta horretan ari gara pixkanaka”.

Igarzak dio sekula ez zaiela burutik pasatu familiako negozioa bertan behera uzterik. “Nazkatuko bagina, hor legoke beste norbaiti alokairuan uzteko aukera, baina oraingoz, behintzat, ez dugu horretarako asmorik. Onartu beharra daukat nik nolabaiteko mania diodala estankoari, niretzat gurasoekin egotea oztopatu didan zera hori izan delako estankoa, baina senarrari gustatu egiten zaio hango lana”. Beraz, errentagarria den bitartean, eutsi egingo diote negozioari. “Gerora gure alabek hor izango dute harekin segitzeko aukera. Gustuko badute eta ondo badatorkie, hor izango dute”.

Urko Valverdek, ostera, ez zukeen berehalakoan pentsatuko izebaren drogeriaren ardura izaten bukatuko zuenik. Ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egin zituen Valverdek eta urteak eman zituen ikasitako horretan lanean, Azpeitia eta Bilbo artean, joan-etorrian. “Baina gauza asko batu zitzaizkidan: orduko lana gustukoa nuen, baina nekatzen ere hasia nintzen, eta familian izandako gertaera batzuk tarteko, ordura arte izebarena zen denda hartzeko aukera suertatu zitzaidan”. Urkoren izeba Juanitak duela 60 urte baino gehiago zabaldu zuen denda. “Lokala familiakoa zen aurretik ere, nire aitonak harategia izan baitzuen hemen bertan. Harategia itxi eta gutxira zabaldu zuten drogeria, izeba Juanita zerbaitetan lanean has zedin. Denetik saltzen zuten, bezeroek eskatutako guztia”.

Juanitak urte askoan lan egin zuen han, istripu bat izan zuen arte. “Orduan hasi nintzen ni hemen lanean, duela hamar bat urte edo. Ikusi genuen izeba, sendatuta ere, ez zela gai izango dendara itzultzeko, eta berekin hitz egin eta dendaren ardura nik hartzea erabaki genuen”. Halaxe, langabezia sari guztia batera kobratu, autonomo egin, eta denda hartu zuen Valverdek. Gaur egun, baina, ordukoaren antz gutxi du Goiko Kaleko drogeriak. “Oso zaharra zen lokala, garai batekoa, eta guztiz berritu genuen duela hiru bat urte. Betiko bezero batzuek pena ere hartu zuten itxuraldaketarekin, baina denontzat askoz erosoagoa da orain”.

Igarzak eta Valverdek aitortu dute bai tabako dendak eta bai drogeriak “balio sentimental handia” dutela eurentzat, baina hori ez dela nahikoa arrazoi negozioari eusteko. “Sakrifizio handiko lana da, eta, errentagarria ez bada, ez du zentzurik jarraitzeak. Horregatik, erraztasunak eskatuko nituzke, bai merkatarientzat, bai bezeroentzat, denda txikietan erosteak duen balioaz kontzientzia hartzeko kanpainak egitea ez delako nahikoa negozio bat aurrera ateratzeko”, dio Valverdek.

Jardunaldi informatiboak

Eskualdeko merkatariei bideratuta, erretiroa eta eskualdaketa gaia lantzeko jardunaldi informatiboak antolatu ditu Urola Erdiko Merkataritza Mahaiak. Bi saiotan egituratuko dute jardunaldi zikloa: irailaren 27an egin zuten lehen saioa eta merkatarien erretiroa izan zuten hizpide; urri amaieran egingo dute bigarren saioa, eta negozioen balorazioaz nahiz horien eskualdatzean aintzat hartu beharreko xehetasunez ariko dira saio horretan.